2022/01/18

II. astea

Urtean Zeharreko II. astelehena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Semea izanda be,
oinazearen oinazez ikasi eban obeditzen.
Hebrearrei egindako epistolatik        

Heb 5, 1-10

    Abade nagusia gizonen artetik hartua eta Jainkoaren aurrean gizon-emakumeen ordezkari izateko jarria izaten da, pekatuakaitik emoitzak eta opariak eskeintzeko.
    Badaki ezjakinez eta okerbideratuez errukitzen, bera be giza makaltasunez inguratuta dagoan ezkero. Horregaitik, bere pekatuakaitik be opariak eskeini behar ditu, herriaren pekatuakaitik lez. Eta ezin dau inork abade nagusitzaren ohorea beretzat hartu, Jainkoak deiturik ez bada, Aaronek lez.
    Holan, Kristok be ez eutson berak emon bere buruari abade nagusitzaren ospea, Jainkoak baino, honan hitz egin eutson-eta:

«Nire Seme zara Zu,
Neuk zaitut gaur sortu».

    Beste salmo baten be hau esaten deutsa:

«Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko».

     Kristok, bere giza bizitzaldian, deadar handiz eta negarrez egin eutson otoitz eta erregu heriotzatik libratu eikean Jainkoari, eta, Kristok begirune izan eutsolako, entzun egin eutson Jainkoak. Eta Semea izanda be, oinazearen oinazez ikasi eban obeditzen; holan, bere betera heldurik, betiko salbazinoaren iturri egin zan obeditzen deutsoen guztientzat, abade nagusi izentatu eban-eta Jainkoak, Melkisedek lez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 110 [109], 1. 2. 3-4 (R/. 4bc)

R/.   Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko.

V/.   Hona Jaunak nire jaunari esana:
«Jesarri nire eskuman,
zeure arerioak oinazpian jartzen deutsudazan bitartean». R/.

V/.   Siondik zabaltzen dau Jaunak
zure errege-makilaren aginpidea;
menperatu egizuz guduan arerioak. R/.

V/.   Zu nagusi garaipen-egunean
santutasun-distiraz;
gaztetasun-iruntza datorkizu egunsentiaren altzotik.
Zin egin dau Jaunak eta ez da damutuko:
«Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko». R/.

 

II. urtean

 

I. Irakurgaia 

Hobe da Jaunaren esana egitea, opariak eskeintzea baino.
Baztertu egin zaitu Jaunak erregetzatik.

Samuel lehenengo liburutik 

1 Sm 15, 16-23

    Egun hareetan, Samuelek esan eutson Sauli: «Bart Jaunak esan deustana adierazo behar deutsut». Saulek esan eutson: «Esan». Samuelek, orduan: «Zeure burua txikitzat dozun arren, ez zara zu Israelgo leinuen buruzagia ala? Jaunak Israelgo errege igurtzi zaitu eta amalektar pekatari horreek hondatzera bialdu zaitu, danak desegiteraino burrukatzera. Zergaitik ez dozu entzun Jaunaren esana? Zergaitik hartu dozuz harrapakinak, Jaunaren begietan txarto dagoana eginez?»
    Saulek erantzun eutson: «Ez ete dot, bada, egin Jaunaren esana? Berak bialdu ninduan bidetik ibili naz. Ekarri dot Agag, Amalekeko erregea, eta hondatu ditut amalektarrak. Desegin beharrekoak ziran harrapakinetatik ardirik eta idirik onenak hartu ditu gudarosteak, Jaunari, zure Jainkoari, Gilgalen opari eskeintzeko».
    Samuelek, ostera, esan eutson:

«Atseginago ete ditu Jaunak erre-opariak eta sakrifizioak
beraren esana egitea baino?
Hobe da haren esana egitea opariak eskeintzea baino,
hobe haren esaneko izatea ahari-koipeak eskeintzea baino.
Aztikeria adinako pekatua da desleial izatea,
eta sasijainkokeria adinakoa setakeria.
Jaunaren esana baztertu dozulako,
baztertu egin zaitu berak be erregetzatik».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 50 [49], 8-9. 16b-17. 21 eta 23 (R/. ik. 23b)

V/.   Zuzen dabilenari deutsat
        Jainkoaren salbazinoa erakusten.

V/.   Ez zaitut salatzen zeure sakrifizioakaitik;
zure erre-opariak aurrean ditut beti.
Baina ez dot hartuko zure kortako zekorrik,
ez zure eskortako akerrik. R/.

V/.   Zelan aitatu zeinkez nire arauak
eta nire ituna ahotan hartu,
nire zentzunbideari gorroto badeutsazu
eta nire hitzei lepoa emoten? R/.

V/.   Zuk horreek egin, eta Ni isildu?
Zu lakoa nazala uste dozu ala?
Salatu egingo zaitut, aurpegira botako dana.
Esker onezko oparia eskeintzen deustanak,
horrek emoten deust aintza,
onbideratzen danari
erakutsiko deutsat neure salbazinoa. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Heb 4, 12

R/.   Aleluia.

V/.   Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eraginkorra,
        eta barruko pentsamentuak eta asmoak aztertzen ditu. R/.

 

Ebanjelioa      

Senar barria eurakaz daukie.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 2, 18-22

    Aldi haretan, Joan Bateatzailearen ikasleek eta fariseuek barau-eguna eben. Jesusengana joan eta esan eutsoen: «Zelan egiten dabe barau Joanen ikasleek eta fariseuek, eta zure ikasleek ez?» Jesusek erantzun eutsen: «Ezteguetara deituek egin ete leikie barau, senar barria eurekin dabela? Senar barria eurakaz daben bitartean, ezin leikie barau egin. Etorriko jake, bai, senar barria kenduko deutsien eguna; orduan, egun haretan, egingo dabe barau.
    Inork ez deutsa josten jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik; ostantzean, adabaki barriak jantzi zaharra behartu, eta tarratada handiagoa egiten da. Ez dau inork sartzen ardao barririk be zahagi zaharretan; ardaoak zahagiak lehertu egingo leukez eta, orduan, ez ardo eta ez zahagi. Ardao barria zahagi barrietan».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Ardau barria zaragi barrietan… Heldu dira aldi barriak. Jesus da barritasuna. Haren zain gengozan, baina bada hemen. Ez gaitezan lehengotan geldi; onartu daigun harek dakarskun barritasuna.

Baraua prestakuntzarako da. Zeozeri itxaroten dauanaren iragarpena. Joane ikasleak eta farisearrenak ez dira ohartu; ez dabe ezagutzen Jesus; eta barau egiten jarraitzen dabe,

Ohartu ete gara gu? Onartu ete dogu Jesusen barritasuna, ala lehengo lez bizi gara, prestakuntza aldiak ezagunagoak ditugulako eta gehiago asebeteten gaituelako? Ez ete gagoz lehengoari lotuegiak? Barritasunak dakarrena ezezaguna dogu. Bildur emoten ete deusku. Ez dogu uste onik Jesusengan?

Jesus, ardao barria, ezin dogu zaragi zaharretan hartu; lehertu egingo ditu. Eta gitxiago jarri geikeo arropa zaharrari barriaren zati bat ipingi lez!

Ez jaku eskatzen dana oso-osoan ikustea eta jakitea, Jesusi jarraitzea baino. Berak barriztatuko gaitu bere barritasunaz. Izan daigun harengan uste on.

 

 

Urtean Zeharreko II. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Itxaropen hau dogu
geure bizitzaren aingura sendoa eta segurua.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 6, 10-20  

    Senideok: Jainkoa ez da zuzenbakoa eta ez dau ahazten zuek egin dozuena, ezta, lehen eta orain fededunak zerbiduz, beraren izenari agertu deutsazuen maitasuna be. Hauxe nahi geunke, halan be: guztiok azkeneraino erakutsi dagizuela orain arte izan dozuen ardura bera, zuen itxaropena bete-betea izatera heldu dadin; ez zaitezela nagi bihurtu, euren fedeaz eta iraupenaz Jainkoaren agintzariak jasotzen diharduenen antzeko baino.

    Jainkoak, Abrahami agintzaria egin eutsonean, bere buruagaitik egin eban zin, ez eban-eta bera baino handiagorik zin egiteko. Hau esan eutson: «Bai, oparo bedeinkatuko zaitut eta neurri barik ugarituko». Eta, eroapenez itxaron ondoren, eskuratu eban Abrahamek agindu jakona. Gizakiek, eurak baino handiago dan norbaitengaitik egiten dabe zin, eta zin eginez erabagitzen dabe edozein eztabaida.

    Horra zergaitik, Jainkoak be lotu eban bere burua, zin eginez, agindutako ondasunak hartuko ebezanei bere asmoa aldatuezina zala erakutsi nahirik. Beraz, gauza bi doguz Jainkoaren asmoa aldatuezina dala adierazoten deuskuenak: agintzaria eta zina –eta horreetan Jainkoak ezin leike guzurrik esan–; horreetan oinarriturik, adorez beteak sentitzen gara aurrean dogun itxaropenari eusteko. Itxaropen hau dogu geure bizitzaren aingura sendoa eta segurua, zeruko santutegiaren barruraino sartzen dana; han sartu zan-eta Jesus gugaitik aurrelari lez, Melkisedeken antzera behin betiko abade nagusi egina.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 111 [110], 1-2. 4-5. 9 eta 10c (R/. 5b)

R/.   Gogoan dau beti Jaunak bere ituna.

        Edo: Aleluia.

V/.   Bihotz-bihotzez emoten deutsadaz eskerrak Jaunari,
zintzoekin batera batzarrean alkarturik.
Jaunak eginak handi dira,
gogoko dabezan guztientzat aztergai. R/.

V/.   Bere mirariak gogoangarri egin ditu;
errukiorra da Jauna eta bihozbera.
Begirune deutsoenei janaria emon deutse,
gogoan dau beti bere ituna. R/.

V/.   Askatasuna emon deutsa bere herriari,
betiko ezarri dau bere ituna,
santua eta bildurgarria da haren izena.
Betiko dirau Jaunaren gorespenak. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia 

Samuelek igurtzi egin eban David
bere anaien aurrean.
Eta Jaunaren espiritua Davidengan sartu zan.

Samuel lehenengo liburutik 

1 Sm 16, 1-13

    Egun hareetan, Jaunak esan eutson Samueli: «Noiz arte egon behar dozu Saulengaitik negarrez? Neuk baztertu dot, Israelgo errege izan ez dadin. Bete adarra orioz, eta zoaz. Betleemgo Jeserengana bialtzen zaitut, haren semeen artean begiz jo dot-eta nire errege izango dana».
    Samuelek erantzun: «Zelan joango naz baina? Saulek jakiten badau, hil egingo nau». Jaunak esan eutson: «Eroan egizu zeugaz bigantxa bat, eta esan Jaunari eskeintzera zoazala. Dei egiozu Jeseri oparira, eta Neuk esango deutsut orduan zer egin behar dozun. Erakutsiko deutsudana igurtziko dozu».
    Egin eban, beraz, Samuelek Jaunak agindu eutsona eta Betleemera joan zan. Herriko arduradunek ikaraz urten eutsoen bidera eta itaundu eutsoen: «Bake onean zatoz?» Samuelek erantzun: «Bai, bake onean nator; Jaunari oparia eskeintzeko asmoz nator. Egin garbikuntza eta zatoze nigaz oparira». Samuelek garbikuntza egin eutsen Jeseri eta beronen semeei, eta oparira dei egin eutsen. Heldu ziranean, Samuelek Eliab ikusi eta esan eban bere barruan: «Zalantza barik, aurrean dau Jaunak bere igurtzitakoa». Baina Jaunak esan eutson Samueli: «Ez begiratu horren itxurari eta luzerari, alde batera itzia dot-eta. Jainkoak ez deutsa begiratzen gizakiek begiratzen deutsoenari, gizakiek itxurari begiratzen deutsoe-eta; Jainkoak, barriz, bihotzari».
    Deitu eutson Jesek Abinadabi eta Samuelen aurrera eroan eban. Samuelek esan eban: «Ez dau hau be aukeratu Jaunak». Ondoren, Jesek Xama eroan eban. Samuelek, orduan: «Ezta hau be, ez dau aukeratu Jaunak». Jesek bere zazpi semeak eroan ebazan Samuelen aurrera; baina Samuelek esan eutson: «Jaunak ez dau horreetatik inor aukeratu». Orduan, Samuelek itaundu eutson Jeseri: «Honeek dozuz seme guztiak?» Harek erantzun: «Txikiena gelditzen da; artzain dabil». Samuelek esan eutson Jeseri: «Agindu ekartzeko; ez gara jaten hasiko, bera etorri arte». Ekarriazo eban, beraz, mutila: ule-gorria zan, begi ederra, itxura bikainekoa. Jaunak esan eutson Samueli: «Jagi eta igurtzi egizu; horixe da».
    Hartu eban, bada, Samuelek orio-adarra eta igurtzi egin eban bere anaien aurrean. Egun haretan Jaunaren espiritua Davidengan sartu zan eta haren jaube izan zan aurrerantzean. Amaitzean, Samuel Ramara bihurtu zan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 89 [88], 20. 21-22. 27-28 (R/. 21a)

R/.   David neure zerbitzaria aurkitu dot.

V/.   Ikuskaritan berba egin zeuntsen bein baten zeure fededunei:
«Koroa ezarri deutsat indartsu bati,
herriko gazte bat goratu dot tronura. R/.

V/.   David neure zerbitzaria aurkitu dot
eta neure orio santuaz igurtzi.
Nire eskuak sendo deutsa eutsiko,
nire besoak indartsu dau egingo. R/.

V/.   Harek dei egingo deust: "Zu nire aita,
nire Jainkoa, nire harri salbatzailea".
Eta Nik neure lehen-seme egingo dot,
lurreko erregeen artean goren». R/.

          

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Ik. Ef 1, 17-18

R/.   Aleluia.

V/.   Jesu Kristo gure Jaunaren Aitak
        argitu dagizala gure barruko begiak,
        jakin dagigun zer itxarotera dei egin deuskun. R/.

 

Ebanjelioa      

Zapatua gizakiarentzat egin eban Jainkoak,
ez gizakia zapatuarentzat.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 2, 23-28

    Behin baten, zapatuz gari-soloetan zehar joian Jesus. Eta ikasleak igarokeran galburuak ebagiten hasi ziran. Fariseuek esan eutsoen Jesusi: «Zelan dihardue egiten, zapatuz legezko ez dana?»
    Harek erantzun: «Ez ete dozue inoiz irakurri zer egin eban Davidek beharrizan baten, bera eta bere lagunak gosekilik gertatu ziranean? Zelan, Abiatar abade nagusi zala, Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskeiniriko ogiak jan zituan, legez abadeek bakarrik jan eikiezanak, eta zelan bere lagunei be emon eutsen?»
    Eta esan eutsen: «Zapatua gizakiarentzat egin eban Jainkoak, ez gizakia zapatuarentzat. Halandaze, Gizonaren Semea zapatuaren beraren nagusi da».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Eguneroko jazoerei begiratzeko era ezbardinak dagoz; eta zelan begiratzen jaken, halan ulertzen dira; eta ulerkera batzuk guztion ulerkera izan behar dabela uste izaten da sarritan, batez ere Legeari edo Ohiturei loturik badagoz.

Horretan maisu ziran Fariseuak: Legea beteten ete zanaren begirale eta zaintzaile ziran; eta halantxe beteten ebela —uste eben— Jainkoaren nahia. Ez zan, ba, txantxetako gauzea.

Jesusek, ostera, Legea betetearen arduratik barik beharrizanetik edo behartsuaren egoeratik begiratzen eban, eta egoera haretan Jainkoak zer eskatzen eutson bilatzen eban, halan erantzuteko, bere arduratik.

Batzuk euren ustea zaindu gura dabe, azken saria irabaztearren; besteak, behartsuengan Jainkoaren deia aurkitzen dau eta hareen laguntzan urtetekoa. Ez dago bere salbamen propioari begira; hori Jainkoaren esku izten dau. Hurkoaren salbatzaile izateari ekiten deutso, horixe dala uste izanez Jainkoak eskatzen deutsona.

Jarrera biok, alkar osotzen barik, alkarren aurka egozala emoten dau. Hortik Jesusek jasan behar dauan ez-ulertua izatea, eta Lege-zaleen artean zirrararik ez eragitea: nahikoa dabe-eta Legea beteteaz.

 

Urtean Zeharreko II. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Abade zara zu,
Melkisedek lez, betiko.

Hebrearrei egindako epistolatik    

Heb 7, 1-3. 15-17

    Senideok: Salemgo errege eta goi-goiko Jainkoaren abade zan Melkisedek. Bidera urten eutson Abrahami, erregeak garaitu ondoren bihurbidetik etorrela, eta bedeinkatu egin eban.
    Abrahamek guduan harrapatutako guztiaren hamarrenak emon eutsozan. Alde batetik, Melkisedek izenak «Justizia-errege» esan gura dau eta, bestetik, Salemgo errege zan, hau da, «Bake-errege». Liburu Santuan ez da aitatzen haren aitarik, ez amarik, ez jatorririk, ez jaiotzarik, ez heriotzarik; holan, Jainkoaren Semearen antzeko egina, abade dirau betiko.
    Eta oraindino argiago da hori, beste abade bat sortzen bada Melkisedek lez, hau da, ez giza jaiotzaren legez abade egina, desegin ezin dan biziaren indarrari esker baino. Izan be, hauxe autortzen dau Liburu Santuak:

«Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 110 [109], 1. 2. 3-4 (R/. 4bc)

R/.   Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko.

V/.   Hona Jaunak nire jaunari esana:
«Jesarri nire eskuman,
zeure arerioak oinazpian jartzen deutsudazan bitartean». R/.

V/.   Siondik zabaltzen dau Jaunak
zure errege-makilaren aginpidea;
menperatu egizuz guduan arerioak. R/.

V/.   Zu nagusi garaipen-egunean
santutasun-distiraz;
gaztetasun-iruntza datorkizu egunsentiaren altzotik.
Zin egin dau Jaunak eta ez da damutuko:
«Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko». R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

David habailaz eta harriz nagusitu filistearrari.

Samuel lehenengo liburutik 

1 Sm 17, 32-33. 37. 40-51

    Egun hareetan, Saulek bere aurrera ekarriazo eban David, eta honek esan eutson: «Ez dadila inor ikaratu Goliatengaitik. Neu, zure zerbitzari hau, joango naz filistear horregaz burrukatzera». Saulek esan eutson Davidi: «Ezin dozu filistear horren aurka burruka egin; gaztetxu bat besterik ez zara; hori, barriz, gaztetatik da gudaria».
    Davidek esan eutson: «Lehoiaren eta hartzaren atzaparretatik atara nauan Jaunak atarako nau filistear horren eskuetatik». Saulek, orduan: «Zoaz, eta izan bedi Jauna zugaz».
    Hartu eban Davidek eskuan makilea, errekan bost harri leun-leun aukeratu eta bere artzain-zorroan sartu ebazan; hartu eban habaila eskuan eta filistearragana hurreratu zan.
    Filistearra be baetorren eta Davidengana hurreratzen ziharduan, ezkutaria aurretik ebala. Begiratu eban filistearrak eta, David ikustean, gitxietsi egin eban, gaztetxu ule-gorri eta apaina zan-eta. Filistearrak esan eutson Davidi: «Txakurra nok ni ala, makila bategaz nire aurka etortzeko?» Madarikatu egin eban Goliatek David bere jainkoen izenean, eta esan eutson: «Hator nigana. Zeruko txoriei eta lurreko piztiei emongo jeutseat hire haragia».
    Davidek erantzun eutson filistearrari: «Ezpataz, lantzaz eta azkonaz armaturik zatorkidaz; ba, ni Jaun ahalguztidunaren izenean natorkizu, zuk erronka egin deutsazun Israelgo gudarosteen Jainkoaren izenean. Gaur nire eskuetan jarriko zaitu Jaunak, eta nik hil eta samea ebagiko deutsut; zure gorpua eta filistear gudarienak zeruko txoriei eta lurreko piztiei emongo deutsedaz; holan, mundu osoak jakingo dau badauala Israelek Jainkoa. Eta hemen batuak diran guztiek jakingo dabe Jaunak ez dauala behar ezpatarik, ez lantzarik, gu salbatzeko, Jaunak erabagitzen dau-eta gudua, eta berak emongo zaitue gure eskura».
    Filistearra abiatu eta Davidengana hurreratzen joianean, hau arineketan joan zan burruka-tokira, filistearrari aurre egitera. Sartu eban eskua zorroan, harri bat atara, habailaz jaurti eta bekokian jo eban filistearra; harria bekokian sartu jakon, eta ahuspez jausi zan lurrera.
    Halantxe nagusitu jakon David filistearrari, habailaz eta harriz; holan jo eta hil eban. Davidek, ez eban-eta ezpatarik eskuetan, arineketan joan eta, filistearraren gainean jarririk, haren ezpata zorrotik atara eta samea ebagi eutson.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 144 [143], 1. 2. 9-10 (R/. 1a)

V/.   Bedeinkatua Jauna, nire harkaitza.

V/.   Bedeinkatua Jauna, nire harkaitza,
eskuak gudurako eta ukabilak burrukarako
trebatzen deustazana. R/.

V/.   Nire laguntzailea eta gaztelua,
gotorlekua eta askatzailea,
nire babeskia eta kerizpea.
Berak deustaz herriak menpean jartzen. R/.

V/.   Kantu barria kantatuko deutsut, oi Jainko,
hamar hariko harpa joko Zuretzat;
Zeuk emon zeuntsen erregeei garaipena,
Zeuk askatu zenduan David, zeure zerbitzaria. R/.

 

I. eta II. urteetan

 Aleluia              

Ik. Mt 4, 23

R/.   Aleluia.

V/.   Erreinuari buruzko Barri Ona  iragartzen eban Jesusek
        eta herrian gatx guztiak osatzen ebazan. R/.


Ebanjelioa      

Zapatuz zer da zilegi:
bizia salbatzea ala kentzea?

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 3, 1-6

    Aldi haretan, Jesus sinagogan sartu zan barriro. Bazan han gizon beso-igar bat. Zelatan egokiozan zapatuan osatzen ete eban, zertan salatuko ebiltzan-eta.
    Jesusek beso-igarrari esan eutson: «Jagi eta zatoz hona erdira».Eta besteei esan eutsen: «Zapatuz zer da bidezko, ona egitea ala txarra egitea, bizia salbatzea ala kentzea?» Hareek, ostera, isilik. Jesusek, ingurukoei hasarre begiraturik eta euren burugogorkeriaz mindurik, esan eutson gizonari: «Luzatu beso hori». Harek luzatu eban, eta osatu egin jakon.
    Handik urten orduko, fariseuek eta Herodesen alderdikoek alkar hartu eben Jesusen kontra, bera zelan galduko.

Jaunak esana.

 


IRUZKINA

Jesus sinagogan; farisearrak ere bai; eta baita esku iharrak mugatua daukan gizona ere. Zeren bila jo dabe sinagogara? Zer ataraten dabe handik? Jainkoaren berba iragarri eta irakatsiak argituta urtengo ete dabe?

Jainkoaren berbearen argitasunak Jesusi gaixoaren egoerea ikusazoten deutso; farisearrei Legea betetea eskatzen deutse, horretantxe datza euren salbamena; eta gizon esku iharrak osakuntza itxaroten dau.

Zerk emongo  deutso osakuntza (salbamen) hori: Legea beteteak, ala Jesusen jardunak? Zer esanik ere ez, azken honexek! Eta galdera hauxe egitera eroan geinkez Jesusen jardunak farisearren jardunaren aurrean: zergaitik jokabide hain aurkakoak?

Farisearrek Legea betetzeaz lortzen dabela salbamena uste dabe; euren burua da lehenen. Jesusentzat gizakia da —ez bere burua— erdian jarri beharrekoa —batez ere hau gaixorik edo preminean bada—.

Eta bere buruaren kaltetan bada ere, osakuntza jazoazoko dau.

Jainkoagazko hartu-emonek batzuk askatu egiten ditu, beste batzuk morroi bihurtu. Jesusek lehenengo bidetik eroan gura gaitu.

 


Urtean Zeharreko II. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Jesusek behin betiko oparia eskeini eban
bere burua eskeini ebanean.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 7, 25–8, 6

    Senideok: Jesusek betiko salbatu  leikez beraren bidez Jainkoagana hurreratzen diranak, bizirik dago-eta hareen alde beti erregutzeko.
    Benetan, Jesus lako abade nagusia behar genduan guk: santua, errubakoa eta kutsubakoa, pekatariengandik bereizia eta zeruak baino gorago jasoa. Honek ez dau, beste abadeek lez, lehenengo bere pekatuakaitik eta gero herriarenakaitik egunero opariak eskeini beharrik, behin betiko egin eban-eta hori, bere burua opari eskeini ebanean. Legeak, izan be, gizon makalak izentatzen ditu abade nagusi; legea baino geroagokoa dan Jainkoaren zinak, ostera, Semea izentatu dau abade nagusi, betieran bete-betea dana.
    Hau da esaten dihardugunaren gailurra: hain handia da gure abade nagusia ze, Jainko handiaren eskumaldean jesarrita dago zeruetan, eta bere abade-zerbitzua Jainkoak egindako santutegian betetzen dau, eta ez gizakiek egindako itun-txabolan.
    Edozein abade nagusi emoitzak eta opariak eskeintzeko jarrita dagoanez, Jesusek be zeozer eskeini behar eban. Lur honetan balego, Jesus ez litzateke abade be izango, hor dagoz-eta legearen arabera opariak eskeintzen dabezan abadeak. Honeen zerbitzua, ostera, zeruko gauzen irudi eta kerizpe besterik ez da, Jainkoak Moisesi, txabola egitekoan, adierazo eutsonaren arabera: «Izan arreta –esan eutson Jaunak–, dana mendian erakutsi jatzun ereduaren arabera egiteko».
    Baina, orain, Jesusek kultu-zerbitzu bikainagoa lortu dau, itun hobearen, agintzari hobeetan oinarrituta dagoan itunaren, bitarteko dan ezkero.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 40 [39], 7-8a. 8b-9. 10 eta 17 (R/. ik. 8a eta 9a)

R/.   Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan.

V/.   Zuk ez dozu sakrifiziorik eta eskeintzarik nahi izan,
ez erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;
baina belarriak edegi deustazuz.
Horregaitik dinot: «Hemen nozu». R/.

V/.   Hauxe dago nitaz liburuan idatzita:
egin dagidala zure nahia.
Atsegin dot, ene Jainko,
barru-muinetan dot zure legea. R/.

V/.   Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,
ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna.
Poztu eta alaitu beitez Zugaz
zure bila dabiltzanak.
«Handia da Jauna» esan begie beti
zure salbazinoa maite dabenek. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia 

Gure aita Saul zu hiltzeko asmotan dabil.

Samuel lehenengo liburutik 

1 Sm 18, 6-9; 19, 1-7

        Egun hareetan, Davidek Goliat filistearra hil eta  gudutik etozala, Israelgo uri guztietatik bidera urten eutsoen emakumeak Saul erregeari pozez kantari eta dantzari, danbolinak eta txilinak joz. Emakumeek, dantza eginez, hauxe kantatzen eben, alkarri erantzunez:

«Saulek mila hil,
Davidek hamar mila».

        Saulek ez eban kopla ha gogoz entzun. Biziro hasarratu zan, eta hau inoan: «Hamar mila Davidi, eta mila niri; erregetza besterik ez dau falta». Egun haretatik aurrera, begitan hartu eban Saulek David.
        Saulek David hiltzeko asmoa agertu eutsen bere seme Jonatani eta zerbitzari guztiei. Saulen seme Jonatanek, ostera, oso maitea eban David, eta asmo horren barri emon eutson Davidi, esanez: «Gure aita Saul zu hiltzeko asmotan dabil. Ibili erne bihar goizean; gorde zaitez toki ezkuturen baten. Ni aitaren ondoan jarriko naz, zu egongo zaran landan. Zutaz berba egingo deutsat aitari eta, zer dinoan ikusi ostean, aditzera emongo deutsut».
        Jonatanek, beraz, Daviden alde hitz egin eutson bere aita Sauli, esanez: «Errege jauna, ez zeunskio gatxik egin behar zeure zerbitzari Davidi, berak be ez deutsu-eta gatxik egin; zerbitzu handiak, bai, egin deutsuz. Bere bizia arriskuan jarri eban Goliat filistearra hil ebanean; holan, garaipen handia emon eutson Jaunak Israel osoari. Zeuk ikusi zenduan eta poztu egin zinan. Zergaitik egin behar dozu gaiztakeria hori, odol errubakoa isuriz, David arrazoirik barik hilez?» Saulek Jonatanen hitzak entzun eta zin egin eban: «Ala Jainkoa, ez da hilko!»
        Dei egin eutson orduan Jonatanek Davidi eta honen guztiaren barri emon eutson. Gero, Saulengana eroan eban David, eta haren zerbitzura gelditu zan lehen lez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 56 [55], 2-3. 9-10. 11. 12-13 (R/. 5bc)

R/.   Jainkoagan dot konfiantza,
        ez naz ezeren bildur.

V/.   Erruki nitaz, Jainko, segika dabilkidaz,
egun osoan eraso egin eta zapaltzen nabe.
Egun osoan segika ditut arerioak,
ugari dira-eta erasotzen deustenak. R/.

V/.   Gogoan dozuz nire ibilerak;
jaso nire malkoak zeure pergaminoan.
Ez ete dago dana zure liburuan idatzita?
Nik Zuri deitu eta arerioek atzera egitean,
orduan jakingo dot neure alde dodala Jainkoa. R/.

V/.   Jainkoaren promesa goratzen dot,
Jaunaren agintzaria goratzen,
Jainkoagan dot konfiantza. R/.

V/.   Ez naz ezeren bildur:
zer egingo deust gizaki hutsak?
Ene Jainko, egin neutsuzan promesei deutset eutsiko
eta esker onez ditut beteko. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. 2 Tm 1, 10

R/.   Aleluia.

V/.   Kristo Jesus gure salbatzaileak heriotza ezereztu dau
        eta bizia argitu Barri Onaren bidez. R/.

 

Ebanjelioa

Espiritu gaiztoek oihuka esaten eutsoen:
Jainkoaren Semea zara Zu.
Jesusek zorrotz agintzen eutsen, ez egiela ezagutzera emon.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 3, 7-12

    Aldi haretan, Jesus itsasbazterrera joan zan bere ikasleekin. Galileatik etorritako jentetza handiak jarraitu eutson. Eta, berak egiten zituanak entzunik, Judea, Jerusalem eta Idumeatik, Jordanez bestaldetik eta Tiro eta Sidon aldetik be jentetza handia batu jakon. Jesusek txalupa prest eukitzeko agindu eutsen ikasleei, hainbeste jenteren artean zapaldu ez egien. Izan be, asko zituan osatuak, eta gatxen bat eben guztiak gainera etorkozan, ikutu nahian. Espiritu gaiztoek, ikusten ebeneko, haren oinetan jausi eta oihuka esaten eutsoen: «Jainkoaren Semea zara Zu».
    Harek, ostera, zorrotz agintzen eutsen, ez emoteko ezagutzera.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Handia da Jesusen entzutea. Baina badirudi haren berbea baino erakargarriagoa dala harek emoten dauan osakuntza, harengandik urteten dauan indarrari esker.

Herrialde guztietatik etorkozan gainera. Eta honen aurrean, galdetu beharrean aurkitzen gara: zeren bila? Jesusek irakatsi egiten dau, Jainkoaren eta haren erreinuaren barri emoten dau; eta ezaugarri bidez emoten dau hori ezagutzera…

Baina jentea ez ete da ezaugarrietan gelditzen, harago joan barik? Gatxen bat eben guztiak gainera etorkozan, ikutu nahian.

Jesusek ez eban gura osakuntzak azaleko hutsak izan eitezan. Jente gaixo ha lotura guztietatik askatu gura izan eban. Baina loturok ez ete eutsen zelan-halango ziurtasuna emoten?

Deabruak ere burruka horretan sartzen ziran, goraka hareetan gelditu eiten Jesus, jentetzaren txaloak onartu eizan eta bere bidetik desbideratu eiten.

Ezin eikean hori Jesusek onartu; bere bideari eta eginkizunari jarraitzea zan bere bizia, eta horretarako deabruak isilduazo egingo ditu.

Zer bilatzen dogu Jesusengan: azaleko osakuntza, ala, bere jarraian, geure eginkizunari erantzutea?

 

 

Urtean Zeharreko II. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia 

Kristo itun hobearen bitarteko.

Hebrearrei egindako epistolatik    

Heb 8, 6-13

    Senideok: Orain, Jesusek kultu-zerbitzu bikainagoa lortu dau, itun hobearen, agintzari hobeetan oinarrituta dagoan itunaren, bitarteko dan ezkero. Izan be, lehenengo ituna akatsik bakoa izan balitz, ez legokean bigarren batentzat lekurik. Baina Jainkoak hasarre egiten deutse antxinakoei, esanez:

«Hara, badator –dino Jaunak–
Israel herriagaz eta Juda herriagaz
itun barria egingo dodan sasoia.
Ez da izango,
Egiptotik ataratzeko eskutik hartu nituanean
hareen asabekin egin nebana lakoa.
Hareek hausi egin eben nire ituna,
eta Neuk be bazterrera itzi nituan –dino Jaunak–.

Hona hemen etorkizunean
Israelegaz egingo dodan ituna –dino Jaunak–:
Buruan ezarriko deutsedaz neure legeak, eta bihotzean idatziko.
Hareen Jainko izango naz Ni, eta hareek nire herri.
Ez dabe alkarri irakatsi beharrik izango,
"Ezagutu Jauna" esanez,
guztiek, txiki nahiz handi,
ezagutuko nabe-eta –dino Jaunak–;
parkatu egiten deutset-eta euren gaiztakeria,
eta hareen pekatuaz ez naz gehiago gogoratuko».

    Jainkoak, itun barria aitatzean, lehengoa zahartutzat emoten dau, eta zaharkiturik dagoana desagertzeko zorian dago.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 85 [84], 8 eta 10. 11-12. 13-14 (R/. ik. 11a)

R/.   Maitasunak eta leialtasunak topo dabe egiten.

V/.   Erakutsi guri, Jauna, zeure maitasuna,
emon zeure salbazinoa.
Hurrean dabe salbazinoa begirune deutsoenek;
bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.

V/.   Maitasunak eta leialtasunak alkar dabe aurkitzen,
justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.
Leialtasuna lurretik da ernetzen,
justizia zerutik jaisten. R/.

V/.   Jaunak emongo dau euria,
eta gure lurrak ekarriko bere uzta.
Haren aurretik joango da justizia,
haren pausuei jarraituko deutse ondoizateak. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia 

Ezin dot neure jaunaren aurka eskurik jaso,
Jaunak igurtzia da-eta.

Samuel lehenengo liburutik 

1 Sm 24, 3-21

    Egun hareetan, hartu ebazan Saulek hiru mila gizon, Israel osotik aukeratuak, eta Daviden eta honen gizonen bila joan zan Basahuntzen Hatxak izeneko lekura.
    Bide ondoan egozan ardi-eskortetara heltzean, inguru haretako hartzulo batera sartu zan Saul, sabela hustera. David eta beraren gizonak hartzulo haren barrenean gordeta egozan, hain zuzen. Beragaz ebazan gizonek esan eutsoen Davidi: «Gaur betetzen da Jaunak esan eutsun ha: "Nik eskura jartzen deutsut zeure arerioa; egiozu egokien begitantzen jatzuna"». Jagi zan David eta, isil-isilik, Saulen soingainekoaren ertza ebagi eban. Baina behingoan bihotzeko harra sumatu eban, Sauli soingainekoaren ertza ebagi eutsolako. Eta esan eutsen bere gizonei: «Jaunak gorde nagiala neure jaunari holakorik egitetik. Ezin dot haren aurka eskurik jaso, Jaunak igurtzia da-eta». Hitz honeen bidez geldituazo ebazan Davidek bere gizonak eta ez eutsen itzi Sauli eraso egiten.
    Jagi zan Saul, hartzulotik urten eta bere bideari jarraitu eutson. Ondoren, jagi zan David be, hartzulotik urten eta oihu egin eban Saulen atzean: «Ene errege jauna!»  Saulek atzera begiratu eban. David, lurreraino makurtuz, ahuspeztu egin jakon.
    Gero esan eutson Sauli: «Zergaitik sinisten deutsazu David zu galdu nahian dabilela dinotsun jenteari? Gaur zeure begiz ikusi dozu Jaunak nire eskura jarri zaituala hartzuloan. Zu hiltzeko esaten eusten, baina parkatu egin deutsut, neure buruari hau esanez: "Ez dot neure jaunaren aurka eskurik jasoko, Jaunak igurtzia da-eta". Ikusi, ene aita, zeure soingainekoaren ertza nire eskuan. Soingainekoaren ertza ebagi bai, baina zu ez zaitut hil; ohartu zaitez eta ikusi ez dodala asmo txarrik, ez gaiztakeriarik, eta ez deutsudala kalterik egin; zu, barriz, niri bizia kendu guran zabiltz. Izan bedi Jauna gu bion artean epaile. Hartu dagiala Jaunak nire mendekua zure aurka, baina nire eskuak ez zaitu ikutuko. Halan dino esaera zaharrak: "Gaiztoari txarra dario". Nire eskuak, ostera, ez zaitu ikutuko. Noren bila urten dau Israelgo erregeak? Noren atzetik zabiltz? Txakur akabatuaren atzetik? Zorri baten atzetik? Izan bedi Jauna epaile eta erabagi begi berak gu bion artean; aztertu eta babestu begi nire auzia, eta askatu nagiala zure eskuetatik».
    Davidek hitz honeek amaitzean, Saulek esan eutson: «Zure ahotsa ete dot hori, David, ene seme?» Eta oihuka, negarrari emon eutson Saulek. Gero, Davidi esan eutson: «Ni baino zuzenagoa zara. On baino ez deustazu egin; nik, barriz, gatxa bihurtu deutsut. Gaur erakutsi dozu on baino ez deustazula egin, Jaunak zure eskura jarri nau eta ez nozu hil. Gizon batek bere arerioa aurkitu eta itziko ete leuskio bere bidetik bakean joaten? Ordaindu deizula Jaunak zuk gaur niri egindako mesedea. Orain ziur dakit errege izango zarala eta Israelgo erregetzak zure eskuetan iraungo dauala».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 57 [56], 2. 3-4. 6 eta 11 (R/. 2a)

R/.   Erruki nitaz, ene Jainko, erruki nitaz.

V/.   Erruki nitaz, ene Jainko, erruki nitaz,
Zugan babesten naz-eta;
zure hegoen kerizpean babesten naz,
ezbeharra igaro artean. R/.

V/.   Jainkoari egiten deutsat dei, Goi-goikoari,
hainbeste mesede egiten deustan Jainkoari.
Bialdu dagiala norbait zerutik,
erasotzaileen irainetik ni salbatzera.
Bialdu dagiala Jainkoak bere maitasuna eta leialtasuna. R/.

V/.   Zerua baino garaiago zara, ene Jainko,
zure ospea mundu osoaren gain dago!
zerua baino handiagoa da-eta zure maitasuna,
hodeietarainokoa zure leialtasuna. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

2 Ko 5, 19

R/.   Aleluia.

V/.   Jainkoak ziharduan Kristogan mundua beragaz adiskidetzen,
        eta geuri emon deusku adiskidetzearen mezua. R/.

 

Ebanjelioa      

Berak nahi izan ebanei dei egin eutsen
Beragaz bizitzeko.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 3, 13-19

    Aldi haretan, Jesusek mendira igon eban, berak nahi izan ebanei dei egin eutsen eta hareek hurreratu egin jakozan. Hamabien taldea eratu eban, beragaz bizitzeko eta Barri Ona iragartzera bialtzeko; eta deabruak botatzeko ahalmena emon eutsen. Hamabi honeek aukeratu zituan: Simon –honi Pedro izena ipini eutson–, Santiago Zebedeorena eta Joan, Santiagoren anaia –honeei Boanerges izena ipini eutsen, hau da, «Trumoi-seme»–, Andres, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Tadeo, Simon Zelote eta Judas Iskariote, Jesus saldu ebana.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusek hamabi aukeratzen ditu otoitz egin ondoren. Berak nahi ebenei deitzen deutse. Eta aukeratuak ez dira apartekoak, edo lehenen heldu ziranak, edo gehien ekienak, edo familiarik esanguratsuenetakoak… bere ondoan egozanetarikoak baino.

Jesusengan askatasun osoa azpimarratzen da Berak nahi ebenei horregaz; baina azpimarra gehiago ere aurkitu geike: berea da ekimena, eta askatasun osoz aukeratzen dau otoitz egin ondoren. Jainkoagandiko gauzea da, ba.

Eta hamabi aukeratzen ditu. Honek Israelgo leinuak dakarskuz gogora. Bere ondora deitzen ditu, baina asmo eta helburu zehatzak ditu buruan Jesusek, edo ebanjelariak egoerak argitu gura dauz.

Lehenengo kristauek judu herriarekin apurtu beharra ikusten dabenean, euren burua aurkeztu behar izango dabe benetako Jainkoaren Herri aukeratu, Jainkoaren Semearen inguruan eratzen dana, unibertsala izango dana, era guztietakoei eta guztiei deitzen deutsena, eta helburu hauxe dauana: Jainkoaren ondasunen barri emotea euren bizikereaz; deabruak uxatuz (hau da, txarkeria alde batera itziz) senide lez bizi izatea, maitasunean. Hauxe da Jesusek irakatsiko dauana.

 


Urtean Zeharreko II. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia 

Kristo behin betiko sartu da santutegian
bere odola eskeiniz.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 9, 2-3. 11-14

    Senideok: Santutegia honan egoan antolatuta: lehenengo aldean, «Santua» izenekoan, argimutila, mahaia eta Jaunari eskeinitako ogiak egozan; gero, bigarren gortinaren atzean, «Toki santu-santua» izeneko aldea egoan.
    Kristo, barriz, datozan ondasunen abade nagusi lez agertu da. Bera sartu dan santutegia lehengoa baino handiagoa eta bikainagoa da, ez giza eskuz egina, hau da, ez mundu honetakoa. Kristo behin betiko sartu da santutegian, ez akerren eta zezenen odola eskeiniz, berea baino, holan betiko askatasuna lortu deuskula.
    Beraz, akerren eta zezenen odolak eta erretako behi baten errautsek, kutsaturik dagozanen gain txipriztinduz, pertsona horreek sagaratzeko indarra badabe, kanpotik garbi eginez, zenbatez gehiago Kristoren odolak –betiko Espirituaren bidez bere burua Jainkoari opari garbi eskeini eutson harenak– ez dau garbituko gure barrua heriotzara daroen egintzetatik, guk Jainko bizia gurtzeko!

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 47 [46], 2-3. 6-7. 8-9 (R/. ik. 6)

R/.   Oihu alaien artean igon dau Jainkoak,
        turuta-soinuz Jaunak.

V/.   Herri guztiok, jo egizue txalo,
egin pozez oihu eta irrintzi Jainkoari,
ikaragarria da-eta Jauna, Goi-goikoa,
mundu osoaren errege handia. R/.

V/.   Irrintzi artean igon dau Jainkoak,
turuta-soinuz Jaunak.
Kanta Jainkoari, kanta,
kanta gure erregeari, kanta. R/.

V/.   Jainkoa da mundu osoaren errege,
kanta trebetasunez hari.
Jainkoa nazinoen errege da,
Jainkoa bere tronu santuan dago jesarrita. R/.

            

 

II. urtean

I. Irakurgaia 

Zelan jausi diran gizon handiak guduan!

Samuel bigarren liburuaren hasiera        

2 Sm 1, 1-4. 11-12. 19. 23-27

    Egun hareetan, Davidek, amalektarrak menperatu ondoren, bihurtu eta egun bi emon ebazan Tziklagen. Hirugarren egunean, Saulen kanpalekutik etorren gizon bat agertu zan, jantziak urraturik eta burua hautsez estaldurik. Davidengana heltzean, lurreraino ahuspeztu zan. Davidek itaundu eutson: «Nondik zatoz?» Harek erantzun: «Israeldarren kanpalekutik nator ihesi». Davidek itaundu eutson: «Zer jazo da? Esaidazu!» Harek erantzun: «Jenteak ihes egin dau gudu-zelaitik; gizon asko jausi da hilik. Saul eta Jonatan aita-semeak be hil dira».
    Davidek bere jantziak hartu eta urratu ebazan, eta gauza bera egin eben haregaz ziran gizon guztiek be. Dolu, negar eta barau egin eben gaua arte, Saulengaitik, beronen seme Jonatanengaitik, Jaunaren herriagaitik eta Israel osoagaitik, ezpatapean jausi ziralako. Davidek hileta-kantu hau abestu eban:

«Oi Israel, horra zure ospea zure mendietan jausia!
Zelan jausi diran gizon handiak!
Saul eta Jonatan, maiteak eta maitagarriak,
bizitzan eta heriotzan beti alkartuak;
arranoak baino azkarragoak, lehoiak baino indartsuagoak!
Israelgo alabak, egin negar Saulengaitik!
Dotore janzten zinduezan eta apaintzen,
urrezko bitxiz ebazan zuen soinekoak edertzen.

Zelan jausi diran gizon handiak guduan!
Zelan hil daben Jonatan zure gailurretan!
Hau samina zugaitik, Jonatan, ene anaia;
hain zinan niretzat maitea!
Zure maitasuna niretzat gozoago emakumeen amodioa baino.

Zelan jausi diran gizon handiak!
Hondatu dira burrukarako armak!»

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 80 [79], 2-3a. 3bc eta 5. 6-7 (R/. 4b)

R/.   Erakutsi guri, Jauna, aurpegi argia,
        salba gaitezan.

V/.   Entzun, Israelen artzain,
Joseren familia artaldea lez daroazun horrek!
hegodun izakien arteko tronuan zagozan hori,
agertu zakiguz dirdaitsu
Efraim, Benjamin eta Manasesen leinuei. R/.

V/.   Bizkortu zeure ahalmena
eta zatorkiguz salbatzera.
Jauna, Jainko ahalguztiduna,
noiz arte egon behar dozu hasarre,
zeure herria otoitzean dozun bitartean? R/.

V/.   Negarra emon deuskuzu janari,
malkoak erruz edari.
Auzokoen hizpide egin gozuz,
arerioak burlaka dabilkiguz. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Ik. Eg 16, 14b

R/.   Aleluia.

V/.   Edegi, Jauna, gure bihotza,
        gogoz onartu dagiguzan zure Semearen hitzak. R/.

 

Ebanjelioa      

Jesusen senideek
burutik egina egoala esaten eben.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 3, 20-21

    Aldi haretan, Jesus etxera bihurtu zan bere ikasleekin. Barriro be jentetza handia batu zan, eta ezin eben jatordurik be egin Jesusek eta ikasleek. Jesusen ahaideak, hori jakitean, bera hartu eta eroateko asmotan etorri ziran ze, burutik egina egoala esaten eben.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Zer da burutik eginda egotea? Gure inguruak edo aldiek uste dabenetik kanpo egotea ete da burutik eginda egotea?

Gizarte batek, aldi bakotxak, bere burubideak daukazala esan geike, eta burubideotan emoten dira han bizi diranen hartu-emonak, danek onartzen dabezan erakoak, danek ulertzen dabezanak.

Baina inoren jokabidea, uste dan eta onartua dan jarrereagaz bat ez badator, urli hori burutik eginda dagoala esango da; eta itxituan eta gordean jarri beharrekoa dala.

Horixe egin gura izan eben Jesusen etxekoek haregaz. Ez dago ondo ikusia inguruan zer esana emotea. Non gelditzen da etxekoen izen ona? Ez dago ondo ikusia arauetatik eta ohituretatik edo danek onartuak dituen usteetatik kanpo ibiltea.

Eta Jesus, sarritan, bai ebilela usteetatik kanpo: baztertuen, pekatarien, gaixoen, emagalduen… alboratu guztien artean.

Zer dala-eta? Jesusek zeregin bat hartu eban bere bizitzarako, eta ez dau ezerk ez inork desbideratuko: Jainkoaren erreinua iragartea. Eta hori iraultzailea da; burutik eginda egon behar da holangorik egiteko.

Ze Jainko sinisten dogu? Jesusek iragarten dauana? Ala geure arauetan sartu daitekeana?

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...