2025/01/16

uz05eguena-I-

Urtean Zeharreko V. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia

Emakumea moldatu eta gizonari eroan eutson.
Eta biak bat izango dira.

Hasiera liburutik

Has 2, 18-25

    Jainko Jaunak esan eban: «Ez da ona gizona bakarrik egotea; emon deiodan berari dagokion laguntza».
    Jainko Jaunak landako abere eta zeruko hegazti guztiak moldatu ebazan lurretik eta gizonari eroan eutsozan, zein izen emoten eutsen ikusteko; honan, bada, bizidun guztiek gizonak ezarritako izena daroe. Beraz, gizonak izena ezarri eutsen abere guztiei, zeruko hegazti guztiei eta piztia guztiei; baina ez eban aurkitu berari egokion laguntzarik.
    Orduan, Jainko Jaunak lozorroan murgilduazo eban gizona. Loak hartu ebanean, saihets-hazur bat kendu eutson eta hutsunea haragiz bete. Gizonari kendutako saihets-hazurraz emakumea moldatu eban Jainko Jaunak, eta gizonari eroan eutson. Honek esan eban:

«Hau bai dala neure hazurretik datorren hazur,
neure haragitik datorren haragi.
Emakume izango da deitua,
gizakumeagandik izan da-eta hartua».

    Horregaitik, gizasemeak bere aita-amak itziko ditu eta emazteagaz alkartuko da, eta biak bat izango dira.
    Narrugorri egozan biak, gizona eta emaztea; halan be, ez ziran lotsatzen.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 128 [127], 1-2. 3. 4-5 (R/. 1a)

R/.   Zorionekoa Jaunari begirunea deutsana.

V/.   Zorionekoa Jaunari begirunea deutsana
eta haren bideetan dabilena!
eure lanaren frututik dozu jango,
zoriontsu izango zara eta ondo zara biziko. R/.

V/.   Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko
zure etxe barruan;
seme-alabak olibondo-kimuen antzeko
zure mahai inguruan. R/.

V/.   Hara zelan izango dan bedeinkatua
Jaunari begirunea deutsana!
Bedeinkatu zagizala Jaunak Siondik,
gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz
zeure bizitzako egun guztietan. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

St 1, 21bc

R/.   Aleluia.

V/.   Onartu egizue otzan-otzan zuengan erein dan
        eta zuek salbatzeko indartsu dan mezua. R/.

 

Ebanjelioa

Txakurrek be jaten ditue
seme-alaben ogi-apurrak mahaipean.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 7, 24-30

    Aldi haretan, Jesus Tiro aldera joan zan. Etxe baten sartu zan, eta ez eban inork jakiterik gura; baina ezin izan zan ezkutuan egon. Andra bat, alaba espiritu gaiztoak hartua eukana, Jesusen barri jakin ebaneko, etorri eta oinetan ahuspeztu jakon. Emakumea jentila zan, feniziarra. Eta alabagandik deabrua botatzeko eskatzen eutson Jesusi.
    Jesusek erantzun eutson: «Itzi lehenago seme-alabak asetzen; ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea».
    Emakumeak erantzun eutson: «Bai, Jauna, halantxe da; baina txakurrek be jaten ditue seme-alaben ogi-apurrak mahaipean».
    Orduan, Jesusek: «Erantzun horregaitik, zoaz; urten dau deabruak zure alabagandik».
    Bihurtu zan etxera, eta ohean etxunda aurkitu eban neskatoa; alde egina zan deabrua.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusen mezua ez da herrialdetxo baten geratu daitekena, hau Jainkoaren herria izan arren ere; atzerrira ere zabaldu beharra dauka, atzerritarrak ere badiralako Jainkoarenak, eta Jainkoa eurena ere bai.

Baina zein da harekin daukagun hartu-emona? Batzuentzat Legea betetea da Jainkoaren nahia egitea, eta horrek saria dakar, Legetik saihesteak zigorra dakarren lez.

Beste batzuk, beharrizanak behartuta joten dabe, eskale, Jainkoagana. Eta handiak eta bi egiteko gauza izango dira behar dabena lortu arte.

Jesusek iragarten dauan Jainkoa Aita errukitsua da, bere antz eta irudira sortu gaituana. Geugan daroagun haren izaerea da, ba, bilatu behar doguna. Horretarako bakartadea, isiltasuna, otoitza, Jainkoagazko esker onezko eta eskuzabaltasunezko hartu-emona da bidea.

Jakina! Legea beteteak lagundu egin leigu, gizatasunean haztera bagaroaz; eta beharrizanak ere geure barruko onena atarazoten badeusku.

Horixe da atzerritar emakumeak agertzen dauana: beharrizanak jota Jesusengan jarten dau uste on osoa, eta honi bere herrialdearen esparru motxak apurtu eginazoten deutso, atzerritarrarengan (eta hau emakumea!) sinismen handitasuna autortu behar izateraino!

 


uz05eguaz-I-

Urtean Zeharreko V. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia

Jainko Jaunak gizona hartu
eta Edengo baratzean ipini eban.

Hasiera liburutik

Has 2, 4b-9. 15-17

    Jainko Jaunak zeru-lurrak egin ebazanean, ez zan ondino landarerik lurrean, ezta bedarrik be erneta, Jainko Jaunak ez eutsolako oraindino lurrari euririk emon, eta ez zalako gizakirik lurra lantzeko. Halan be, lurrazal guztia hezetzen eban lurruna erion lurrari.
    Orduan, Jainko Jaunak gizona moldatu eban lurreko hautsez eta bizi-arnasa bota eutson sudur-zuloetara, eta gizona bizidun egin zan.
    Gero, Jainko Jaunak baratzea landatu eban Edenen, sortalderantz, eta han ipini eban  berak moldatutako  gizona.  Jainko Jaunak  mota guztietako zuhaitzak sortu ebazan lurretik, begientzat eder eta ahoarentzat gozo, eta baratzearen erdian biziaren zuhaitza eta onaren eta txarraren ezagutza emoten eban zuhaitza landatu ebazan.
    Jainko Jaunak gizona hartu eta Edengo baratzean ipini eban, landu eta zaindu egian. Eta agindu hau emon eutson: «Baratzeko zuhaitz guztietatik jan zeinke; baina ez jan onaren eta txarraren ezagutza emoten dauan zuhaitzetik; haretatik jaten badozu, hil egingo zara».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 104 [103], 1-2a. 27-28. 29b-30 (R/. 1a)

R/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna!

V/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna!
Jauna, ene Jainkoa, bai handia zarala!
Distiraz eta handitasunez zagoz jantzita,
argiz inguratuta, soinekoz lez. R/.

V/.   Danak zure zain dagoz,
bere sasoian Zuk jaten emoteko zain;
Zuk emon, eta hareek harrapatzen dabe,
Zuk eskua zabaldu, eta ondasunez betetzen dira. R/.

V/.   Zuk arnasa kendu, eta hil egiten dira,
hauts izatera bihurtzen.
Zuk arnasa bialdu, eta barriro sortzen dira,
barritu egiten dozu lurbira. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Jn 17, 17b. a

R/.   Aleluia.

V/.   Zure hitza da egia, Jauna;
        sagaratu gagizuz egiaren bidez. R/.

 

Ebanjelioa

Barrutik urteten deutsanak, horrek kutsatzen dau gizakia.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 7, 14-23

    Aldi haretan, Jesusek jenteari barriro dei egin eta esan eutson: «Entzun danok eta ulertu ondo. Ez da ezer, kanpotik gizakiaren barrura sartuz, berau zikindu leikenik; barrutik urteten deutsanak, horrek zikintzen dau gizakia».
    Jentea itzi eta etxeratu zanean, berba horreen esanguraz itaundu eutsoen ikasleek. Jesusek esan eutsen: «Orduan, ez dozue zuek be ulertzen? Ez ete dozue ikusten kanpotik sartzen jakon ezerk ez leikela gizakia zikindu? Ze sartu, ez jako bihotzean sartzen, sabelean baino, eta handik komun-zulora doa». Berba honeekaz, janari guztiak garbiak dirala adierazo gura eban.
    Eta gaineratu eban: «Barrutik urteten dauanak, horrek bai egiten dauala gizakia zikin. Izan be, barrutik, gizakiaren bihotzetik, urteten dabe asmo txarrek, lizunkeriak, lapurretek, hilketek, adulterioek, diru-goseak, gaiztakeriek, azpikeriak, nasaikeriak, bekaizkeriak, irainek, harrokeriak, burubakokeriak. Txarkeria honeek guztiek barrutik urteten dabe, eta honeek lohitzen dabe gizakia».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Ahal dogula-eta, geure esku dago egitea? Eta geuk nahi dogun guztia egin daikegu ezelango mugarik barik? Sarritan holantxe agertu gura izaten dogu gure handitasuna, ahalmena eta jauntasuna.

Gitxiago ete gara mugak jarten badeuskuez, edo mugaren bat jarten bajaku? Ala geure buruari mugak jarteko gauza garanean agertzen dogu argiago gure nagusitasuna, gure gizatasuna?

Egintza kontuan, jarrita daukaguz muga batzuk: ezin geike geuk gura dogun guztia egin, eta ez da hain ondo ikusia berak gura dauan guztia egiten dauana.

Eta jaki kontuan ere bardin: geure bizia babestearren, jaki arriskutsuak debekatu egiten dira. Eta orduko denporetan, nork jaramonik egin, debekua Jainkoagandikoa zala esan ezik?

Baina hortxe ere Jesus txanpa bat aurrerago doa: txarkeria ez dago zeozer gauzatzean, edo eginbeharren bat saihestean, geure asmoan baino. Hau da: kanpora barik barrura begira jarten gaitu Jesusek; gure bihotzak ze asmo on edo txar gordeten dauzan begiratzera garoaz.

Ondo dago arauak betetea edo txarkeria saihestea…, baina, Jesusentzat, hobe litzateke bihotza garbitzea, eta handik sortzen diran asmoak, guztiak, garbiak izan daitezala bilatzea. Honek ahalegin handiagoa eskatzen dau, ba; eta nahiago dogu azalean gelditzea.

 


I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...