Urtean Zeharreko III. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Kristo behin
bakarrik izan zan opari eskeinia,
pekatuak kentzeko;
gero bigarrenez
agertuko da beraren zain dagozanak salbatzera.
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 9, 15. 24-28
Senideok: Kristo itun barri baten bitarteko
da, heriotzaren bidez, lehengo itunaren sasoian egindako hutsegiteak
parkatzeko; holan, agindutako betiko ondarea jaso leikie Jainkoak deitutakoek.
Kristo ez zan sartu giza eskuz egindako
santutegian –egiazkoaren irudi besterik ez zan santutegian–, zeruan bertan
baino, orain Jainkoaren aurrean gure alde agertzeko; eta ez zan sartu bere
burua behin eta barriro opari eskeintzeko, abade nagusia berea ez dauan
odolagaz santutegian urtero sartzen dan lez; bestela, hil be askotan hil behar
izango eban, munduaren hasieratik. Baina ez, Kristo behin bakarrik agertu da
orain, azkenak diran sasoi honeetan, bere buruaren opariaz pekatua ezerezteko.
Eta gizon-emakumeek behin bakarrik hil behar
dabela eta gero auzia izango dala erabagita dagoan lez, halantxe Kristo be:
behin bakarrik izan zan opari eskeinia guztien pekatuak kentzeko, eta gero
bigarrenez agertuko da, pekatuagaz zerikusirik barik, beraren zain dagozanak
salbatzera.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 98 [97], 1. 2-3b. 3c-4. 5-6 (R/. ik. 1a)
R/. Kanta Jaunari kantu barri,
egin
ditu-eta hainbat harrigarri.
V/. Kanta Jaunari kantu barria,
egintza
harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena emon
deutsa bere eskumak,
bere beso santuak.
R/.
V/. Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere salbazino-egintza
agertu nazinoen aurrean.
Ez da ahaztu bere
maitasunaz,
Israel herriari
deutsan leialtasunaz. R/.
V/. Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure Jainkoaren
garaipena.
Egin irrintzi
Jaunari, lur osoa,
egin poz-oihu eta
kantu, jo soinua. R/.
V/. Ospatu Jauna zitaraz,
zitaraz eta
kantu-hotsez,
turutaz eta
adar-hotsez;
egin irrintzi
errege dan Jaunari. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. 2 Tm 1, 10
R/. Aleluia.
V/. Kristo Jesus gure salbatzaileak heriotza
ezereztu dau
eta
bizia argitu Barri Onaren bidez. R/.
EbanjelioA
Satanasenak egin dau.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 3, 22-30
Aldi haretan, Jerusalemdik jaitsitako
lege-maisuek hau inoen Jesusi buruz: «Beeltzebul dauka honek barruan», eta
«Deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu honek deabruak».
Jesusek beragana deitu eta parabola honeen
bidez berba egin eutsen: «Zelan bota leike Satanasek Satanas? Bere barruan
zatiturik dagoan erreinuak ezin dau iraun. Bere barruan zatiturik dagoan
familiak ezin dau iraun. Era berean Satanasek be, bere buruaren aurka jagi eta zatiturik
badago, ezin dau iraun; harenak egin dau.
Ezin
leiteke inor sartu indartsu baten etxean lapurretara, aldez aurretik ha lotzen
ez badau; orduan, bai, harrapatu leikez haren etxeko ondasunak.
Benetan dinotsuet: Dana parkatuko deutse
Jainkoak gizon-emakumeei, pekatuak eta esan leikiezan birao guztiak; baina
Espiritu Santuaren aurka birao egiten dauanak ez dau sekula parkamenik izango;
errudun izango da betiko»
Espiritu gaiztoa eukala inoenei erantzun
eutsen hau.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Lasai gagoz gu eta eroso gure ingurukoekaz batera goazala sumatzen dogunean. Baina ondo-eza sortzen jaku gure artekoren bat gugaz bat ez datorrela entzuten edo ikusten dogunean. Orduan gure eraikuntza hondatuko danaren bildur gara.
Hauxe sumatu eben Jesusen etxekoek: honen zorakeriek etxea (familia) hondatze arriskuan jarten ebela-eta, etxeratu gura izan eben.
Gaurkoan, egoera bardinean ikusten doguz erlijio familiako gurasoak ere: ezin dabe jasan Jesusen jarrerea (bizimoldea eta irakaspena), eta, gitxiago, honen atzetik jendetzak doazala ikustea; eta deabrukeriaz jokatzen dauala salatuko dabe.
Jesusek, parabola bidez, euren jarrerea aztertzeko aukerea emongo deutse, eta berbideratzera dei egingo. Baina alperrik. Agintaritzak, erlijiokeriak… itsutu egin leike.
Jesus, Jainkoaren zerbitzari lez, morrontza guztien gainetik da aske, libre, eta ez deutso ezeri bildurrik.
Nik… non bilatzen dot ziurtasuna: besteekin bat etortean, ala Jainkoaren zerbitzuan zintzo ibiltean? Hauxe da Jesusek eskeintzen eta ziurtatzen dauana.