2022/03/08

XXXIV. Astea

Urtean Zeharreko XXXIV. astelehena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Ez eban aurkitu Daniel, Hananias, Mixael
eta Azarias adinakorik.

Danielen Profezia liburuaren hasiera     

Dn 1, 1-6. 8-20

    Judako errege Joakimen erregealdiko hirugarren urtean, Babiloniako errege Nabukodonosorrek Jerusalemen aurka etorri eta inguratu egin eban, eta Jaunak eskura emon eutsozan Joakim Judako erregea eta Jaunaren etxeko ontzi asko. Nabukodonosorrek Babiloniara eroan ebazan ontziak eta bere jainkoen jauretxeko altxortegian gorde.
    Erregeak bere funtzionarioburu zan Axpenazi agindu eutson aukeratu egizala erregearen nahiz handikien familietako israeldar gazte batzuk. Akatsik bakoak izan behar eben, itxura ederrekoak, jakituriaz jantziak, adimentsuak eta kulturadunak, erregearen jauregian zerbitzeko aukerakoak. Babiloniarren hizkuntza eta literatura irakatsi behar eutsiezan. Erregeak agindu eban, gainera, beraren janari eta edari beretik emoteko hareei egunero. Hiru urtez holan hezi ondoren, erregearen zerbitzari izango ziran.
    Aukeratuen artean lau gazte judegu honeek egozan: Daniel, Hananias, Mixael eta Azarias. Danielek erregearen janari-edariz bere burua ez kutsatzea erabagi eban eta janari kutsatu hareetara ez behartzeko eskatu eutson funtzionarioburuari.
    Jainkoak eraginda, funtzionarioburuaren onginahia eta errukia bereganatu ebazan Danielek; baina harek erantzun eutson: «Erregeak berak erabagi dau zer jan eta zer edan behar dozuen; horregaitik, errege jaunaren bildur naz, izan be, beste gazteei baino itxura txarragoa ikusiko baleutsue, nire bizia jarriko zeunkie-eta arriskuan».
    Funtzionarioburuak zaintzaile baten ardurapean jarrita eukazan Daniel, Hananias, Mixael eta Azarias, eta Danielek proposamen hau egin eutson: «Egizu proba gugaz hamar egunez; ez emon jaten eta edaten barazkiak eta ura besterik. Ondoren, konparatu gure itxura eta erregearen janaritik jaten daben gazteena, eta jokatu orduan gugaz ikusitakoaren arabera».
    Zaintzaileak onartu eban proposamena, eta hamar eguneko proba egin eban hareekin. Hamar egunen buruan, erregearen janaritik jan eben gazteak baino ederrago eta mardulago egozan. Ordutik, agindutako janaria eta edaria baztertuz, barazkiak emoten eutsezan.
    Jainkoak lau gazte hareei literatura eta jakintza guztiak ikasteko adimena eta argitasuna emon eutsen. Danielek, gainera, amesen eta ikuskarien esanahia argitzeko ahalmena eban.
    Gazteen prestakuntzarako erregeak ezarritako epea bete zanean, funtzionarioburuak Nabukodonosorri aurkeztu eutsozan. Hareekin hitz egiten jardun eban erregeak, eta Daniel, Hananias, Mixael eta Azarias lakorik ez eban aurkitu, eta laurak bere zerbitzurako hartu ebazan. Jakituria eta buru-argitasuna behar zan arazoetan erregeak eretxia eskatzen eutsenean, hareen erantzunak erreinuko azti eta igarle guztienak baino hamar aldiz hobeak begitantzen jakozan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Dn 3, 52. 53. 54. 55. 56 (R/. ik. 52b)

V/.   Bedeinkatua Zu, Jauna, gure asaben Jainkoa:

R/.   Aintza eta gorespen Zuri gizaldietan!

V/.   Bedeinkatua zure izen santua eta ospetsua: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu zeure tenplu santu eta ospetsuan: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu, errege-tronuan jesarrita zagozana: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu, kerubinen gainean jesarririk,
        lezak arakatzen dozuzana: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu zeru-sabaian: R/.


II. urtean

I. Irakurgaia 

Kristoren eta honen Aitaren izena
bekokian idatzita eroien.

Apokalipsia liburutik  

Ap 14, 1-3. 4b-5

    Nik, Joanek, Bildotsa ikusi neban Sion mendiaren gainean zutunik, eta haregaz batera ehun eta berrogeita lau mila lagun, Bildotsaren eta honen Aitaren izena bekokian idatzita eroienak. Eta zerutik etorren hotsa entzun neban, ur handien edo trumoi handi baten burrundara lakoa, euren zitarak jotzen dabezan zitara-jotzaileen hotsa lakoa.
    Kantu barria ziharduen kantatzen tronuaren aurrean, lau izaki bizidunen eta zaharren aurrean; inork be ez eikean kantu ha ikasi, lurrekoen artetik salbatutako ehun eta berrogeita lau mila hareek baino.
    Honeek Bildotsari jarraitzen deutsoe, doan lekura doala. Gizakien artetik salbatuak eta Jainkoarentzat eta Bildotsarentzat lehen-frutu lez eskeiniak izan dira; honeen ahoan ez da maltzurkeriarik; akats bakoak dira.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 24 [23], 1-2. 3-4b. 5-6 (R/. ik. 6)

R/.   Hau da, Jauna, zure aurpegi bila dabiltzanen taldea.

V/.   Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dauana,
mundua eta bertan bizi diranak,
harek ezarri dau-eta itsasoen gainean,
harek finkatu lur azpiko ibaien gainean. R/.

V/.   Jaunaren mendira nork igongo?
Haren toki santuan nor egongo?
Eskuak errubako eta bihotza garbi dituana,
sasijainkoetara jotzen ez dauana. R/.

V/.   Holakoa bedeinkatuko dau Jaunak,
justizia egingo deutso Jainko salbatzaileak.
Hau da haren bila ahalegintzen dan gizaldia,
Jakoben Jainkoaren aurpegi bila dabilena. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Mt 24, 42a. 44

R/.   Aleluia.

V/.   Zagoze erne,
        gitxien uste dozuen orduan
        etorriko jatzue-eta Gizonaren Semea. R/.

 

Ebanjelioa      

Alargun behartsu bat ikusi eban
txanpon bi botatzen.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 21, 1-4

    Aldi haretan, begira egoala, aberats batzuk ikusi zituan Jesusek tenpluko diru-kutxara limosna botatzen. Ikusi eban emakume alargun txiro bat be txanpon bi botatzen. Eta esan eban: «Benetan dinotsuet: alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota dau. Izan be, beste guztiek sobran dabenetik egin dabe limosna; honek, ostera, bere urrian, bizitzeko eukan guztia emon dau».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusek begitu egiten dau ikusteko. Eta ikusten dauana ez da azaleko hutsa, barrukoagoa ere ikusten dau: aberatsak dirala batzuk eta emakume alargun txiro bestea… eta ondorioak ataraten dauz eta bereei jakinazo.

Begiratzen badogu, ikasi ere egin geike, eta ikasia partekatu. Baina ez ete da egia maila honetan ezer gitxi partekatzen dogula, bakotxak berean jarraitzen dogula eta, gehienez ere, kritikatu egiten dogula norbere jarreraren bat ezkutatzeko edo justifikatzeko?

Daukan guztia emoten dauanak —bera gitxi izan arren— asko maite dauala agertzen dau. Gainezka daukanetik emoten dauanak —asko izan arren— bererik ez dau-eta konprometitzen, ez dau maitasunik agertzen.

Ez dozu uste lehengo aldietan, pobreagoak ginanean, eskuzabalagoak ginala? Eta gaur, lehen baino asko gehiago daukagunean, zekenagoak garala, eta gehiago kritikatzen dogula Eleizea, ondasun handien jabe dala esateraino? Maite ete dogu Eleizea?

Emoten dogunak zenbateraino gagozan ondasunetatik aske edo eurei lotuta azaleratzen dau…

 

 

Urtean Zeharreko XXXIV. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Inoiz hondatuko ez dan erreinua eraikiko dau Jainkoak,
eta beste erreinuak hondatuko ditu.

Danielen Profezia liburutik  

Dn 2, 31-45

    Egun hareetan, esan eutson Danielek Nabukodonosor erregeari: «Hauxe da ikusi dozuna, errege jauna: irudi erraldoi bat egoan zure aurrean, guztiz distiratsua eta itxura bildurgarrikoa. Irudiaren burua urre garbikoa zan, bularra eta besoak zidarrezkoak, sabela eta izterrak brontzezkoak, hankak burdinazkoak; oinak, barriz, burdinazkoak eta buztinezkoak.
    Zu hari begira zengozala, harri bat askatu zan menditik, inork be bultzatu barik, eta irudiaren burdinazko eta buztinezko oinak jo eta txiki-txiki egin ebazan. Une berean, burdina eta buztina ez ezik, brontzea, zidarra eta urrea be haustuta gelditu ziran, eta haizeak eroan ebazan, udan larraineko lastoa lez, arrastorik be itzi barik. Bitartean, irudia jo eban harria mendi handi bihurtu zan, eta mundu osoa bete eban.
    Horixe izan da zure amesa. Orain amesaren esanahia azalduko deutsut, errege jauna: Zeu zara danetan erregerik handiena; zeuri emon deutsuz zeruko Jainkoak erregetza, agintea, ahalmena eta ohorea; zure esku itzi ditu gizakiak, piztiak eta hegaztiak, edonon bizi dirala be; guztien nagusi egin zaitu. Zeu zara, bada, urrezko burua.
    Zure ondotik beste erreinu bat sortuko da, zurea baino txikiagoa. Gero, hirugarren bat, brontzezkoa, mundu osoa menperatuko dauana. Laugarren erreinu bat be izango da, burdina baizen gogorra; zelan burdinak dana hausi eta apurtzen dauan, halan hausi eta apurtuko ditu harek beste erreinuak.
    Ikusi dozunez, oinak eta behatzak burdinazkoak eta buztinezkoak ziran; erreinua zatitua izango dala esan nahi dau horrek. Izango dau, bai, burdinaren gogortasunik be, burdina buztinagaz nahastauta dago-eta, ikusi dozun lez. Oinetako behatzek, burdinaz eta buztinez osatuak, hauxe esan nahi dabe: aldi berean indartsua eta makala izango dala erreinua. Eta burdina buztinagaz nahastauta ikusteak beste hau be adierazoten dau: ezkontzaz batuko dala erreinu horreetako jatorri desbardineko jentea, baina ez dauala batasun iraunkorrik lortuko, burdinak eta buztinak alkarregaz bat egiten ez daben lez.
    Errege horreen sasoian, erreinu bat eraikiko dau zeruko Jainkoak; hori ez dabe inoiz be hondatuko eta erreinu horren agintea ez da inoiz beste herri baten eskuetara aldatuko. Gainerako guztiak hondatu eta desegingo ditu, baina berak betiko iraungo dau. Horixe esan nahi dau, inork be bultzatu barik, menditik askatu eta buztina, burdina, brontzea, zidarra eta urrea txikitzen ikusi dozun harriak. Holan, errege, gerora jazoko dana jakinarazo deutsu Jainko handiak. Egia da amesa, eta sinisgarria emon deutsudan azalpena».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Dn 3, 57. 58. 59. 60. 61 (R/. ik. 59b)

V/.   Jaunaren sorkari guztiok, bedeinkatu egizue Jauna:

R/.   Goratu eta ospatu gizaldietan!

V/.   Jaunaren aingeruok, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Zeruok, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Zeru gaineko ur guztiok, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Ortziko astro guztiok, bedeinkatu egizue Jauna: R/.


II. urtean

I. Irakurgaia 

Ekin uzta-batzeari,
helduta dago-eta lurreko uzta.

Apokalipsia liburutik  

Ap 14, 14-19

    Nik, Joanek, hodei zuri bat ikusi neban, eta hodeiaren gainean gizaseme antzeko norbait jesarrita, buruan urrezko koroa eta eskuan igitai zorrotza ebazala.
    Tenplutik beste aingeru batek urten eta hodei gainean jesarrita egoanari esan eutson ahots handiz: «Hartu igitaia eta ekin uzta-batzeari; heldu da igitatzeko ordua, helduta dago-eta lurreko uzta». Eta hodei gainean jesarrita egoana igitatzen hasi zan eta lurreko uzta batu eban.
    Gero, beste aingeru batek urten eban zeruko tenplutik, igitai zorrotza ebala harek be. Beste aingeru batek, suaren gain agintea dauanak, urten eban altaratik, eta oihu egin eutson ahots handiz igitai zorrotza ebanari: «Hartu zeure igitai zorrotza eta batu lurreko mahastiko mordoak, mahatsa helduta dago-eta». Hasi zan aingerua igitatzen eta lurreko mahastia batu eban eta mahatsa Jainkoaren zigorraren dolare handian bota.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 96 [95], 10. 11-12. 13 (R/. 13b)

R/.   Badator Jauna lurra epaitzera.

V/.   Esaizue nazinoetan: «Errege da Jauna.
Sendo ezarrita dago mundua, ez da kili-kolo egongo;
herriak zuzenbidez ditu epaitzen». R/.

V/.   Poztu bedi zerua, alaitu lurra,
egin begi orroe itsasoak eta bertako guztiak,
egin jai landa zabalak eta bertan dan guztiak,
egin poz-oihu, basoko zuhaitz guztiak. R/.

V/.   Jaunaren aurrean, badator-eta,
badator lurra epaitzera.
Justiziaz epaituko dau mundua
eta leialtasunez herriak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Ap 2, 10c

R/.   Aleluia.

V/.   Izan zaiteze leial heriotzaraino, dino Jaunak,
        eta garaipen-koroa, betiko bizia, emongo deutsuet. R/.

 

Ebanjelioa      

Ez da harririk harri gainean geldituko.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 21, 5-11

    Aldi haretan, tenpluari buruz ziharduen batzuk, harri ederrez eta opariz apainduta egoala aitatuz. Orduan, Jesusek esan eutsen: «Etorriko da, hor ikusten dozuezan horreetatik guztietatik harririk harri gainean geldituko ez dan sasoia; dana desegingo dabe».
    Ikasleek itaundu eutsoen: «Maisu, noiz gertatuko da hori? Eta zertan igarriko dogu gertatzera doana?»
    Jesusek erantzun eutsen: «Kontuz, ez zagiezala inork engainatu! Asko etorriko dira nire izenean, “neu naz Mesias” edo “gainean da sasoia” esanez. Ez joan holakoen atzetik. Gerra- eta iraultza-hotsak entzutean, ez ikaratu, ze, lehenengo gertatu beharrekoa da hori guztiori; baina ez dator behingoan azkena».
    Esan eutsen, gainera: «Nazinoa nazinoaren aurka eta erreinua erreinuaren aurka altzatuko dira; lurrikara handiak izango dira, eta izurriteak eta goseteak han eta hemen. Gauza ikaragarriak gertatuko dira, eta seinale handiak agertuko zeruan.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Gaur egun ere, turismoa egikeran, jauretxeak eta katedralak eta basilikak eta eleizak ikuskatzen eta goraltzen dira. Orduko judeguak harro egozan euren jauretxeaz eta gogoz goraltzen eben.

Zenbatek emongo ete eben (daben gaur ere) dirutzak Jauretxea eraikitzeko, emoten ebena Jainkoari eskeinia zala-eta.

Eta zein gitxik ikusten dauan bere bizikerea aldatua, barritua, bihurtua, hori egin ondoren…

Lukasek Jauretxea hondatua izan zanetik urteetara idazten dau, eta bere kristau taldeko sena agertzen dau.

Alde batetik Jesusek goraltzen dauan edertasuna kanpotikoa dala, eta ez dauala luzaroan iraungo.

Bestetik, berezko hondamenak edo gizakiak berak sortuak (gerrak) ugariak izango dirala, baina ez jakela bildurrik izan behar.

Lukasek luzarora begiratzen irakatsi nahi deutse, azkena laster dalakoan, azken hori luzatu egiten zala ikusten ebenei.

Gurea ez da, ba, azkena noiz izango dan jakitea, azkena egunero balitz lez bizi izatea baino: uste on osoa Jainkoagan jarrita, bildurretatik urrun.

 

 

Urtean Zeharreko XXXIV. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Giza esku bat agertu zan eta hatzamarrez idazten hasi.

Danielen Profezia liburutik  

Dn 5, 1-6. 13-14. 16-17. 23-28

    Egun hareetan, Balxatzar erregeak mila goi-funtzionario konbidatu ebazan jatordu handi batera, eta ardaoa edaten hasi zan hareen aurrean. Ardaoak beroturik, bere aita Nabukodonosorrek Jerusalemgo tenplutik hartu ebazan urrezko eta zidarrezko ontziak ekartzeko agindu eban, bere funtzionario, emazte eta ohe-lagunekin batera hareetatik edateko asmoz. Ekarri ebezan, bada, Jerusalemgo tenplutik hartutako urrezko eta zidarrezko ontziak eta hareetatik edan eben erregeak eta funtzionarioek, beraren emazteek eta ohe-lagunek. Ardaoa edaten eben bitartean, urre, zidar, brontze, burdina, zur eta harrizko jainko-irudiak goresten hasi ziran.
    Bat-batean giza esku bat agertu zan eta aretoko horman, argimutilaren aurrean, hatzamarrez idazten hasi. Idazten ziharduan eskua ikustean, erregea zuri-zuri jarri eta, burua nahastauta, indarrik barik eta belaunak dar-dar gelditu zan.
    Sartuarazo eben Daniel erregeagana eta honek itaundu eutson: «Zu ete zara Daniel, nire aitak Judatik katigu ekarri ebazan judeguetakoa? Jainkozko inspirazinoa dozula eta aparteko buru-argitasunaren, adimenaren eta jakituriaren jaube zarala jakin dot. Zuk ba ei dakizu gauza ilunak argitzen eta arazo korapilatsuak erabagitzen. Beraz, hor idatzia irakurri eta esanahia azaltzen badeustazu, purpuraz jantziko zaitut, lepoan urrezko katea jarriko, eta agintez hirugarrena izango zara nire erreinuan».
    Danielek erantzun eutson: «Errege jauna, gorde zeuretzat zeure erregaluak eta sariak, edota emon besteren bati. Baina irakurriko deutsut hor idatzia eta azalduko esanahia. Zeruko Jaunaren aurka jaso zara zu, haren tenpluko ontziak ekarriz eta zeure funtzionario, emazte eta ohe-lagunekin ardaoa edateko erabiliz. Bitartean, urre, zidar, brontze, burdina, zur eta harrizko jainko-irudiak, ezer ikusten, entzuten eta ulertzen ez daben irudiak, goratu dozuz; baina ez deutsazu aintzarik emon zeure bizia eta etorkizuna bere esku dituan Jainkoari. Horregaitik bialdu dau Jainkoak idazki hori egin dauan eskua.
    Idatzirik dagoana hauxe da: Mene, Tekel, Parsin. Hitz horreen esanahia, barriz, hauxe: Menek "zenbatua" esan nahi dau, hau da, zenbatu ditu Jainkoak zure erregetzako egunak eta muga jarri deutse. Tekelek "pisatua" esan nahi dau, hau da, pisuan pisatu zaitue eta eskas aurkitu. Parsinek "zatitua" esan nahi dau, hau da, zure erreinua zatitua izan da eta mediarrei eta pertsiarrei emona».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Dn 3, 62. 63. 64. 65. 66. 67 (R/. ik. 59b)

V/.   Eguzki eta iretargi, bedeinkatu egizue Jauna:

R/.   Goratu eta ospatu gizaldietan!

V/.   Zeruko izarrok, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Euri eta iruntz, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Haize guztiok, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Su eta bero, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Hotz eta sargori, bedeinkatu egizue Jauna: R/.


II. urtean

I. Irakurgaia 

Moisesen eta Bildotsaren abestia
kantatzen eben.

Apokalipsia liburutik  

Ap 15, 1-4

    Nik, Joanek, beste seinale handi eta harrigarri bat ikusi neban zeruan: zazpi aingeru zazpi izurritegaz; azken izurriteak ziran, hareetan burutzen zan-eta Jainkoaren zigorra.
    Ondoren, suz nahastautako kristalezko itsaso antzeko zeozer ikusi neban, eta kristalezko itsasoaren ondoan, piztia, beronen irudia eta izenaren zenbakia garaitu ebenak zutunik. Jainkoaren zitarak ebezan eskuetan eta Jainkoaren zerbitzari Moisesen eta Bildotsaren abestia kantatzen eben:

«Bai handiak eta harrigarriak Zuk eginak,
oi Jauna, Jainko ahalguztiduna!
Bai zuzena eta leiala zure jokabidea,
oi herrien Erregea!
Nork ez Zuri begirune, Jauna?
Nork ez goratu zure izena?
Zeu bakarrik zara santua!
Herri guztiak etorri
eta zure aurrean ahuspeztuko dira,
zure salbazino-asmoa agertu da-eta».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 98 [97], 1. 2-3b. 7-8. 9 (R/. Ap 15, 3b)

R/.   Bai handiak eta harrigarriak Zuk eginak,
        oi Jauna, Jainko ahalguztiduna!

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
egintza harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena emon deutso bere eskumak,
bere beso santuak. R/.

V/.   Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez da ahaztu bere maitasunaz,
Israel herriari deutson leialtasunaz. R/.

V/.   Egin begi orroe itsasoak eta bertako guztiak,
munduak eta bertan bizi diranek.
Egin begie txalo ibaiek,
poz-oihu aho batez mendiek. R/.

V/.   Jaunaren aurrean,
badator-eta lurra epaitzera.
Justiziaz epaituko dau mundua,
eta zuzenbidez herriak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Ap 2, 10c

R/.   Aleluia.

V/.   Izan zaiteze leial heriotzaraino, dino Jaunak,
        eta garaipen-koroa, betiko bizia, emongo deutsuet. R/.

 

Ebanjelioa      

Guztiek gorroto izango deutsuee Nigaitik;
baina ez dozue buruko ule bat be galduko.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 21, 12-19

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikaleei: «Eskua botako deutsuee eta eraso egingo, sinagogetara eta kartzeletara eroango zaituee, eta erregeen eta agintarien aurrera zuzenduko Neugaitik. Autormen egiteko aukera emongo deutsue horrek guztiak. Hartu gogoan ez dozuela zeuen burua zelan defendiduko kezkatan ibili beharrik; Neuk adierazoko deutsuet zer eta zelan esan, eta zuen arerioetako inork ez dau zuei aurre egiterik edo erantzuterik izango.
    Zeuen guraso eta senideek eurek, ahaide eta adiskideek eurek salduko zaituee, eta zuetariko batzuk hilko; guztiek gorroto izango deutsuee Neugaitik; baina ez dozue buruko ule bakar bat be galduko. Iraupenaren iraupenez lortuko dozue bizia».

Jaunak esana.

 

Urtean Zeharreko XXXIV. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Jainkoak aingerua bialdu dau
lehoien ahoak ixtera.

Danielen Profezia liburutik  

Dn 6, 12-28

    Egun hareetan, Danielen arerioak arrapaladan sartu ziran haren etxean eta bere Jainkoari otoitzean aurkitu eben. Orduan, erregeagana joan eta esan eutsoen: «Errege jauna, ez dozu agindu, hogeta hamar egun honeetan zuri ez beste jainkori nahiz gizakiri otoitz egingo deutsona lehoien zulora jaurtitzeko?» Erregeak erantzun eban: «Bai, halantxe da! Eta, mediarren eta pertsiarren legeen arabera, emondako agindua aldatuezina da». Orduan, hareek erregeari: «Ba, errege jauna, Judatik katigu ekarritako Daniel horrek ez deutsue bape begirunerik, ez zuri, ez zure aginduei; egunean hiru bider egiten deutso-eta otoitz bere Jainkoari».
    Hori entzutean, erregea biziro nahigabetu zan eta Daniel libratzea erabagi eban. Iluntzera arte ibili zan ha salbatzeko ahaleginetan. Baina etorri ziran barriro be gizon hareek erregeagana eta esan eutsoen: «Errege jauna, ondo dakizu, mediarren eta pertsiarren legeen arabera, erregeak sinaturiko debekua nahiz agindua aldatuezina dana». Orduan, erregeak Daniel ekarri eta lehoien zulora jaurtitzeko agindu eban. Erregeak esan eutson Danieli: «Hain leial zerbitzen dozun zeure Jainkoak salbatu zagizala!» Harri bat ekarriz, lehoi-zuloaren sarreran ipini eben, eta erregeak bere errege-zigiluz eta funtzionarioenaz zigilatu eban, Danieli buruz erabagitakoa inork aldatu ez egian. Gero, erregea jauregira bihurtu zan eta baraurik eta emakumerik barik igaro eban gaua. Ez eban gau osoan loak hartu.
    Eguna argitu orduko, jagi zan erregea eta lehoi-zulora joan zan arin-arin, eta, hurreraturik, Danieli dei egin eutson ahots saminez: «Daniel, Jainko biziaren zerbitzaria, zuk hain leial zerbitzen dozun Jainkoak libratu ete zaitu lehoietatik?»
    Danielek erantzun eutson: «Bizi zaitez luzaro, errege jauna! Nire Jainkoak aingerua bialdu dau lehoien ahoak ixtera, eta ez deuste kalterik egin. Izan be, badaki Jainkoak errubakoa nazana eta zure aurka, errege jauna, ez dodana hobenik egin». Orduan erregeak, pozaren pozez, Daniel zulotik ataratzeko agindu eban. Atara ebenean, ez eban urratu bat be, bere Jainkoaz fidatu zalako. Gero, Danielen salatzaileak ekartzeko agindu eban erregeak, eta lehoi-zulora jaurti ebezan euren seme-alabekin eta emazteekin. Eta, zulo barrenera heldu baino lehen, lehoiek euren atzaparretan hartu eta txiki-txiki egin ebezan.
    Orduan, Dario erregeak munduko herri, arraza eta hizkuntza guztietakoei mezu hau bialdu eutsen: «Bake osoa! Hauxe agintzen dot: nire erreinu guztian Danielen Jainkoari begirune osoa izan deioela guztiek:

Bera Jainko bizia da-eta, bera betiko dirauana.
Haren erregetza ez da hondatuko,
haren ahalmenak ez dau azkenik.
Bera da askatzaile, bera salbatzaile;
egintza harrigarriak eta mirariak
egiten ditu zeru-lurretan.
Berak askatu dau Daniel lehoien atzaparretatik».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Dn 3, 68. 69. 70. 71. 72. 73. 74 (R/. ik. 59b)

V/.   Iruntz eta edurtza, bedeinkatu egizue Jauna:

R/.   Goratu eta ospatu gizaldietan!

V/.   Izotz eta lei, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Zurdai eta edur, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Gau eta egun, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Argi eta ilunpe, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Tximista eta hodei, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Bedeinkatu begi lurrak Jauna: R/.


II. urtean

I. Irakurgaia 

Jausi da, jausi, Babilonia handia!

Apokalipsia liburutik  

Ap 18, 1-2. 21-23; 19, 1-3. 9a

    Nik, Joanek, beste aingeru bat ikusi neban zerutik jaisten; ahalmen handia eban eta haren distirak lurra argitu eban.
    Ahots indartsuz egin eban oihu:

«Jausi da, jausi, Babilonia handia!
Deabruen bizitoki bihurtu da,
espiritu gaizto guztien zulo,
piztia kutsatu eta nazkagarri guztien zulo».

    Aingeru indartsu batek harri bat, errotarri handi bat lakoa, jaso eta itsasora jaurti eban, esanez:

«Holako indarrez jaurtiko dabe Babilonia uri handia,
eta betiko desagertuko da.
Zurean ez da sekula entzungo zitara-soinurik eta kantu-hotsik,
txirularik eta turutarik;
zurean ez da sekula artisaurik izango,
ezta errota-hotsik entzungo be;
zurean ez da sekula kriseilu-argirik izango,
ezta ezkonbarrien kanturik entzungo be;
hain zuzen be zure merkatariak lurreko ahaltsuenak ziralako,
eta zure sorginkeriez herri guztiak okertu ziralako».

    Gero, jentetza handi batena lako zarata-hotsa entzun neban zeruan, esaten:

«Aleluia!
Salbazinoa, aintza eta indarra gure Jainkoarenak,
haren epaiak egiazkoak eta zuzenak dira-eta.
Kondenatu dau emagaldu handia,
bere prostituzinoaz mundua usteltzen ebana,
eta beraren bizkar mendekatu dau
bere zerbitzarien heriotza».

    Barriro esan eben:

«Aleluia!
Haren sutearen kea
gizaldiz gizaldi gora doa».

    Gero, aingeruak esan eustan: «Idatzi: "Zorionekoak Bildotsaren eztegu-jatordura deituak!"»

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 100 [99], 2. 3. 4. 5 (R/. Ap 19, 9a)

R/.   Zorionekoak Bildotsaren eztegu-jatordura deituak!

V/.   Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
zerbidu egizue Jauna pozaren pozez,
sartu zaiteze oihu alaiz haren aurrera. R/.

V/.   Jakizue Jauna dala Jainkoa,
harek egin gaitu, harenak gara,
haren herri eta haren larreko artalde. R/.

V/.   Sartu haren tenpluko ateetatik eskerrak emonez,
haren atarietan gorazarreak abestuz.
Emon eskerrak, bedeinkatu haren izena. R/.

V/.   «Ona da-eta Jauna,
haren maitasuna betikoa,
haren leialtasuna gizaldiz gizaldikoa». R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Lk 21, 28

R/.   Aleluia.

V/.   Izan bihotz eta jaso burua,
        hurreratzen dihardu-eta zuen askapenak. R/.

 

Ebanjelioa      

Jentilek zapalduko dabe Jerusalem,
nazinoentzat Jainkoak erabagitako epea guztiz bete arte.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 21, 20-28

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Jerusalem gudarostez inguratuta ikustean, jakizue gainean dauala bere hondamendia. Orduan, Judean dagozanek ihes egin begie mendietara; Jerusalem barruan dagozanek alde egin begie, eta soloan diranak ez beitez urian sartu. Zigor-egunak izango dira, orduan beteko dalako Liburu Santuan idatzirik dagoan guztia.
    Errukarriak egun hareetan seindun diranak edota bularreko umeak dituenak! Ze, estualdi handia izango da lur honetan, eta hasarre-zigorra herri honentzat. Ezpatapean jausiko dira eta nazino guztietara eroango ditue katigu; jentilek zapalduko dabe Jerusalem, nazinoentzat Jainkoak erabagitako epea guztiz bete arte.
    Seinaleak izango dira eguzkian, iretargian eta izarretan, eta estu ibiliko dira lurrean herrialdeak, itsasoaren orroaz eta olatuen indarrez artegaturik. Arnasarik barik geldituko da jentea, munduari gainera datorkionaren bildurrez, ortzia be dardaratuko da-eta.
    Orduan, Gizonaren Semea indartsu eta aintza handiz hodeian etortzen ikusiko dabe. Hori guztia gertatzen hastean, izan bihotz eta jaso burua, ze, hurreratuz dator zuen askapena».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Izan daigun gogoan ebanjelio hau idatzi zanean guzti hau zala jazoera. Jesusen lehen jarraitzaileak, judeguak izanik, aurrean erabiliak izan ziran (pertsegituak), batez ere Jerusalem eta Jauretxea hondatu ebezanean.

Aurrean erabili ebezan euren kide judeguek, kristauek ez ebelako salbamenaren uste bardina. Hareek erromatarren menpeko izatetik askatuko zituen Mesias itxaroten eben; Jesusen jarraitzaileek ostera Jainkoaren erreinua itxaroten eben eta biztuerea.

Eta gogoan hartu behar da zelan eurenganatu ebezan Jesusen berbak eta bizikerea, ezeri bildurrik ez izatea, gogotsu emoten ebelako euren sinismenaren barri bai euren herritarren artean eta baita atzerritarren artean ere.

Eta guztiz sinistuta euken euren heriotza frutu ugariren hazi izango zala: martirien odola sinistun barri ugariren hazia zala uste eben.

Egoera horrek eroan ebazan Jesusen lehen jarraitzaileak inguruetara sakabanatzera, eta herrialde barriotan ere euren sinismena adoretsu autortzera.

Euren antzekoak bagina gaur egungo kristauok…

 

 

Urtean Zeharreko XXXIV. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia 

Gizaseme antzeko bat ikusi neban,
zeruetako hodeietan etortzen.

Danielen Profezia liburutik

Dn 7, 2-14

    Nik, Danielek, ikuskaria izan neban gauez; zeruko lau haizeek itsaso handia harrotzen eben. Eta lau piztitzarrek, laurak desbardinak, urten eben itsasotik. Lehenengoak lehoia zirudian, baina arrano-hegoak ebazan. Hari begira nengoala, hegoak kendu eutsoezan eta, lurretik jaso ebela, hanka biren gainean zutunik jarri zan, gizakia lez, eta giza adimena emon eutsoen.
    Bigarren piztiak hartza zirudian; erdi jagita egoan eta ahoan, hortz artean, hiru saihets-hazur ebazan. Hau esan eutsoen: «Jagi eta jan haragia ugari». Gero, begira nengoala, beste piztia bat ikusi neban, lehoi nabarraren antzekoa; lepoaldean lau hego ebazan eta lau buru, eta agintea emon eutsoen.
    Neure gau-ikuskarian laugarren piztia bat ikusi neban; bildurgarria zan, ikaragarria eta biziro indartsua; burdinazko hagin handiak ebazan; dana irunsten eta txikitzen eban, eta jan barik izten ebana hankapean apurtzen. Beste piztiak ez lakoa zan: hamar adar ebazan. Adarrei begira nengoala, adar txiki batek urten eutson beste adarren artean, eta adar txikiari leku egiteko beste hareetako hiru atara eutsoezan. Adar txikiak gizakiarenak lako begiak eta harrokeriaz berba egiten eban ahoa ebazan.
    Begira nengoala, tronu batzuk jarri ebezan eta gizon zahar bat jesarri zan.

Haren soinekoa edurra baizen zuri,
buruko ulea artilea baizen garbi!
Haren aulkia eta gurpilak, sugar kiskalgarri!
Suzko ibaiak urteten eban haren aurretik.
Jentetza izugarria eban zerbitzari,
milaka eta milaka egozan haren aurrean zutunik.
Auzia hasi eta zabaldu ziran liburuak.

    Artean begira nengoan, adar txiki harek esaten ebazan berba harroakaitik harrituta. Honetan, hil egin eben laugarren piztia, eta haren gorpua txikitu eta sutara bota eben. Beste piztiei agintea kendu eutsien, baina bizirik itzi ebezan aldi baterako.
    Neure gau-ikuskarian, gizaseme antzeko bat ikusi neban zeruko hodeietan etortzen. Gizon zaharragana hurreratu zanean, beroni aurkeztu eutsoen. Agintea, aintza eta erregetza emon eutsoen: herri, nazino eta hizkuntza guztietako jenteak zerbitzen eban.

Haren agintea betikoa, ez da inoiz amaituko;
haren erregetza ez da inoiz hondatuko.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Dn 3, 75. 76. 77. 78. 79. 80. 81 (R/. ik. 59b)

V/.   Mendi eta tontor, bedeinkatu egizue Jauna:

R/.   Goratu eta ospatu gizaldietan!

V/.   Lurreko landareok, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Iturriok, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Itsaso eta ibai, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Arrain handi eta txiki, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Zeruko hegazti guztiok, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Piztia eta abere, bedeinkatu egizue Jauna: R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Hildakoak nor bere egintzen arabera epaitu ebezan.
Jerusalem barria ikusi neban, zerutik jaisten.

Apokalipsia liburutik

Ap 20, 1-4. 11–21, 2

    Nik, Joanek, aingeru bat ikusi neban zerutik jaisten; lurrazpiko lezako giltza eta kate handi bat eroiazan eskuan. Harrapatu eban herensugea, antxinako sugea –hau da, deabrua eta Satanas–, eta mila urterako lotu eban. Lezara bota, sarrera giltzaz itxi eta zigilatu eban mila urteak bete arte, aurrerantzean herriak liluratu ez egizan. Mila urte honeen ondoren, apur baterako aske gelditu behar dau.
    Tronu batzuk be ikusi nituan; hareetan jesarri ziranei epaitzeko ahalmena emon eutsen Jainkoak. Ikusi nituan Jesusen testigantza egiteagaitik eta Jainkoaren hitza iragartzeagaitik samea ebagi eutsienak be, hau da, piztia eta beronen irudia gurtu ez ebezanak eta haren marka bekokian eta eskuetan hartu ez ebenak; honeek bizira bihurtu ziran eta Mesiasegaz errege izan ziran mila urtez.
    Tronu handi zuri bat ikusi neban, baita bertan jesarrita egoana be; beronen aurretik ihes egin eben lurrak eta zeruak, eta aztarrenik itzi barik desagertu ziran.
    Eta hildakoak ikusi nituan, handi nahiz txiki, tronuaren aurrean zutunik. Liburuak edegi ebezan; beste liburu bat be edegi eben, biziaren liburua. Eta liburuetan idatzita egoanaren arabera epaitu ebezan hildakoak, nor bere egintzen arabera.
    Itsasoak bere barruan eukazan hildakoak bihurtu ebazan, eta baita be Heriotzak eta Hilen Egoitzak, eta nor bere egintzen arabera epaitu eben.
    Orduan, Heriotza eta Hilen Egoitza suzko zingirara bota ebezan –suzko zingira bigarren heriotza da–. Izena biziaren liburuan idatzirik ez ebenak be suzko zingirara bota ebezan.
    Nik, Joanek, zeru barria eta lur barria ikusi nituan, desagertuak ziran-eta lehenengo zerua eta lehenengo lurra, eta itsasorik be ez zan.
    Uri santua ikusi neban, Jerusalem barria, zerutik Jainkoagandik jaisten, andragaia bere senarrarentzat lez apaindua.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 84 [83], 3. 4. 5-6a eta 8a (R/. Ap 21, 3b)

R/.   Hona Jainkoaren bizilekua gizakien artean.

V/.   Indarra galtzen doakit barrua,
Jaunaren tenpluko atarien gogo biziz.
Nire bihotzak eta gorputzak
poz-oihu dagioe Jainko biziari. R/.

V/.   Txoriak aurkitu dau etxea,
baita elaiak be kumeentzat habia:
zure altarak, Jaun ahalguztiduna,
ene Erregea eta ene Jainkoa! R/.

V/.   Zorionekoak zure etxean bizi diranak
eten barik Zu goresten!
Zorionekoak euren indarra Zugan dabenak,
gainez gain doaz. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Lk 21, 28

R/.   Aleluia.

V/.   Izan bihotz eta jaso burua,
        hurreratzen dihardu-eta zuen askapenak. R/.

 

Ebanjelioa      

Gauza horreek jazotzen ikustean,
jakizue hurrean dala Jainkoaren erregetza.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 21, 29-33

    Aldi haretan, Jesusek adibide bat jarri eutsen ikasleei: «Begira ikondoari edo edozein zuhaitzi: kimu-barritzen hasi dirala ikusi eta, beste barik, badakizue hurrean dala uda. Era berean, gauza horreek gertatzen ikustean, jakizue hurrean dala Jainkoaren erregetza. Benetan dinotsuet: gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok. Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire berbak ez dira bete barik igaroko».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusek begitu egiten eban, eta ikusi; eta, ikusiz, ikasi eta bizitzarako ondorioak atara. Eta hauxe da bere ikasleei irakatsi gura deutsena: begiratzen, ikusten eta, ikusiz, ondorioak ataraten.

Halan ere, egoera apokaliptikoetan jaio zan kristautasunak luzaroan uste izan dau azken egunetan bizi zirala; laster baten zala parousia (edo munduaren azkena). Eta ausartu egiten dira Jesusen ahotan jarten belaunaldi bateko gauzea dala Jainkoaren Erreinuaren etorrera eta ezarpena. Gerorantza ordea aldatu beharra izango dabe.

Baina zein da gure egoerea? Gure umearoan sarri entzuten zan badator munduaren azkena! 2000. urtea izan zan holango oihartzun handikoa. Baina isildu dira ahots guztiak.

Ezerk gitxik kezkatzen gaitu, gehienbat gainera, aurretiaz esaten deuskuelako noiz joko dauan euriak, edo haize bortitzak datozala eta kontu izateko, edo…

Eta begiratzerik ere ez dogu behar: lo gagoz holango alarmak itxartu gaiezan arte.

Ez da hori Jesusek guretzat nahi dauana, adi egon eta begirale izan gaitezala baino: arduraz b izi izan gaitezala.

 

 

Urtean Zeharreko XXXIV. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia 

Goi-goikoaren herri santuari emongo jako
erregetza, agintea eta handitasuna.

Danielen Profezia liburutik  

Dn 7, 15-27

    Ikara larrian nengoan ni, Daniel, neure barruan, ikusten nebazan guztiakaitik. Han egozanetako batengana hurreratu eta ikusi neban guztiaren benetako esanahia azaltzeko eskatu neutsan. Guztiaren argitasuna emon eustan berak.
    Lau piztitzar horreek, sortuko diran lau erreinu dira. Baina horreen ondoren Goi-goikoaren herri santuari emongo jako erregetza, eta harena izango da betieran.
    Gero, laugarren piztitzar ha zer zan jakin nahi neban, hain zan-eta besteak ez lakoa: guztiz izugarria, burdinazko haginak eta brontzezko atzaparrak ebazana; dana irunsten eta txikitzen eban, eta jan barik izten ebana hankapean apurtzen. Jakin nahi neban, era berean, zer esan nahi eben haren buruko hamar adarrek, baita honeen artean urten eta hareetatik urten eutsoen hiru adar txikiak be; begiak eta harrokeriaz berba egiten eban ahoa ebazan izan be adar harek eta besteak baino handiago agiri zan agiri be.
    Begira nengoala, adar ha Jainkoaren herri santuaren kontra burrukan ebilen eta ia menperaturik eukan. Baina etorri zan gizon zaharra eta Goi-goikoaren herri santuaren alde urten eban, heldu zan-eta herri santua erreinuaren jaube egiteko sasoia.
    Ondoren, esan eustan: «Laugarren piztia lurrean izango dan laugarren erreinua da, besteak ez lakoa. Mundu osoa iruntsiko dau, hanka azpian hartuko eta txikituko. Hamar adarrak erreinu honetan izango diran hamar errege dira. Ondoren, beste bat sortuko da, aurrekoak ez lakoa, hareetako hiru errege menperatuko dituana. Goi-goikoaren kontra biraoka jardungo dau eta herri santua zapalduko dau; jaiak eta legea aldatu nahi izango ditu. Hiru urte eta erdiz egongo da herri santua haren menpean. Baina etorriko jako auzi-sasoia, kenduko deutsoe agintea, eta guztiz hondatuta eta ezereztuta itziko dabe.
    Orduan, Goi-goikoaren herri santuari emongo jako zerupean dagoan erreinu guztietako erregetza, agintea eta handitasuna. Beti iraungo dau herri horren erregetzak, eta munduko aginte guztiek obediduko deutsoe eta zerbiduko».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Dn 3, 82. 83. 84. 85. 86. 87 (R/. ik 59b)

V/.   Gizakiok, bedeinkatu egizue Jauna:

R/.   Goratu eta ospatu gizaldietan!

V/.   Israeldarrok, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Jaunaren abadeok, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Jaunaren zerbitzariok, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Bihotz-zintzook, bedeinkatu egizue Jauna: R/.

V/.   Santu eta bihotz-apalok, bedeinkatu egizue Jauna: R/.


II. urtean

I. Irakurgaia 

Ez da aurrerantzean gaurik izango,
Jainko Jaunak egingo deutselako argi.

Apokalipsia liburutik  

Ap 22, 1-7

    Niri, Joani, ur biziko ibaia erakutsi eustan Jaunaren aingeruak, kristala baizen distiratsua; Jainkoaren eta Bildotsaren tronutik urteten eban. Uriko plazaren erdian, ibaiaren ertz bietan, biziaren zuhaitza egoan; urtean hamabi uzta emoten ditu, hileko bat, eta zuhaitzaren orriak herrientzat osagai dira.
    Han ez da aurrerantzean ezer madarikaturik izango. Urian Jainkoaren eta Bildotsaren tronua egongo da, eta Jainkoaren zerbitzariek kultu emongo deutsoe. Aurrez aurre ikusiko dabe, eta haren izena bekokian eroango. Ez da aurrerantzean gaurik izango; ez dabe kriseilu-argirik, ez eguzki-argirik beharko, Jainko Jaunak egingo deutselako argi, eta errege izango dira gizaldien gizaldietan.
    Aingeruak esan eustan: «Hitz honeek egiazkoak eta fidagarriak dira. Jaunak, profetak inspiratu ebazan Jainkoak, bere aingerua bialdu dau, laster jazotzekoa dana bere zerbitzariei erakusteko». Jesusek dino: «Hara, laster nator. Zorionekoa liburu honetan emoten dan mezu profetikoa gordetzen dauana!»

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 95 [94], 1-2. 3-5. 6-7c (R/. 1 Ko 16, 22 eta Ap 22, 20c)

R/.   Marana tha! Zatoz, Jesus Jauna!

V/.   Zatoze, dagiogun poz-oihu Jaunari,
poz-irrintzi, salbatzen gaituan harriari.
Aurkeztu gakiozan eskerrak emonez,
dagiogun jai txaloka eta kantari. R/.

V/.   Jainko handia da-eta Jauna,
jainko guztien gain errege handia;
bere esku daukaz lurpeko lezeak,
bereak ditu mendi-gailurrak;
berea dau itsasoa, berak egina,
baita lehorra be, bere eskuz moldatua. R/.

V/.   Zatoze, gurtu daigun ahuspezturik,
belaunikatu gaitezan egin gaituan Jaunaren aurrean.
Bera da-eta gure Jainkoa,
eta gu harek larraturiko herria,
haren zainpeko artaldea. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Lk 21, 36

R/.   Aleluia.

V/.   Egon erne eta egin otoitz une oro,
        zutunik egon ahal zaitezen Gizonaren Semearen aurrean. R/.

 

Ebanjelioa      

Egon zuhur,
etorri behar daben horreei guztiei ihes egin ahal deiozuen.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 21, 34-36

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zabiltze kontuz! Ez bedi moteldu zuen bihotza edanaz, mozkorkeriaz eta bizitza honetako kezkaz, egun ha ezustean gainera etorri ez dakizuen, ze, sarea bezala etorriko da lurrean bizi diran guztien gainera. Beraz, egon zuhur eta egin otoitz eten barik, etorri behar daben horreei guztiei ihes egin ahal deiozuen eta zutunik egon ahal zaitezen Gizonaren Semearen aurrean».

Jaunak esana

 

IRUZKINA

Testu apokaliptikoek (azkena iragarten dabenak dira apokaliptikoak), bildurgarriak emoten daben arren, bildurra sartzea baino, arretaz egotera deitzea bilatzen dabe.

Urtearen amaierako testuok hauxe dabe helburu, jakinik, gainera, Jesusek bere ikasleei behin eta barriro errepikatzen eutsen gauzea zala.

Egia esan, amaierarantza nekeak gehiago egiten deusku gehienetan, eta arreta galtzera eroaten gaitu, errelaxatzera, lotara eta ardurea bera ere galtzera.

Gehiago oraindino irabazia ziur ikusten danean. Zenbat partidu galdu diran, errelaxatzeagaitik, askogaitik irabazten joanda!

Liturgia urtearen azkenak ez gaizala eroan, ba, arduragabekeriara, mozkorkeriara edo lotara, gure inguruan jazoten dagoanari arreta jartera baino.

Jesusek agindu euskun Jainkoaren Erreinuari harrera egitera, zutunik, arreta handiz eta itxaropenez.

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...