Urtean Zeharreko XXXIII. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Ikaragarria
izan zan
Israelek jasan
behar izan eban probaldia.
Makabearrak lehenengo liburutik
1 M 1, 10-15. 41-43. 54-57. 62-64
Egun hareetan, muskil pekatari bat sortu
zan, Antioko Epifanes, Antioko erregearen semea; Erroman bahitua egon ondoren,
seleukotarren agintealdiko ehun eta hogeta hamazazpigarren urtean hasi zan
errege izaten.
Egun hareetan, lege-hausle batzuk sortu
ziran Israelen eta jente asko eurenganatu eben, esanez: «Ea, egin daigun
hitzarmena inguruko herri jentilekin; izan be, hareengandik bereizi ginanetik,
kaltea besterik ez dogu izan». Asmo hori ontzat emon eban askok, eta herriko
batzuek erregeagana jo eben, eta honek baimena emon eutsen jentil-herrien
ohiturak hartzeko. Jentilek ohitzen daben lez, kiroldegia eraiki eben
Jerusalemen, erdainkuntzaren aztarnak ezabatu ebezan, uko egin eutsoen itun
santuari eta jentilen buztarria onartu, euren burua txarrerako salduz.
Antioko erregeak agindua idatzi eban bere
erreinu osorako: guztiek herri bat bera izan behar ebela eta, horretarako, nork
bere ohitura bereziak baztertu behar ebazala. Herri guztiek onartu eben
erregearen agindua; israeldar askok be erregearen erlijinoa onartu eban,
idoloei opariak eskeini eutsezan eta zapatua profanatu eban.
Seleukotarren agintealdiko ehun eta
berrogeita bosgarren urteko Kisleu hilaren hamabostean, Antioko erregeak
ikaragarrizko idolo higuingarria ezarri eban tenpluko altara nagusiaren
gainean, eta Judako uri guztietan be altarak eraiki ebezan; etxeko atean eta
plazetan intsentsua erretzen eben, eta aurkitzen ebezan lege-liburuak apurtu
eta erre. Norbaiti itun-libururen bat aurkitzen baeutsoen edota legearen
aginduak betetzen ebazala jakiten baeben, hil egiten eben, erregeak agindu
ebanez.
Halan be, israeldar askok sendo iraun eban
eta, adore handiz, janari kutsaturik ez hartzea erabagi eban; nahiago izan eben
hil, janari hareekaz kutsatu eta itun santua profanatu baino, eta halantxe hil
ziran. Ikaragarria izan zan Israelek jasan behar izan eban probaldia.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 119 [118], 53 eta 61. 134 eta 150. 155 eta 158 (R/. ik. 88)
R/. Gorde nagizu bizirik, Jauna,
eta beteko ditut zure legeak.
V/. Hasarre-sutan jartzen naz gaiztoakaitik,
zure
nahia baztertzen dabenakaitik.
Gaiztoen
lakioek inguratu naben arren,
ez
naz zure nahiaz ahaztu. R/.
V/. Askatu nagizu gizakien zapalkuntzatik,
eta
beteko ditut zure legeak.
Hurrean
dira gaiztakeriaren atzetik dabiltzanak,
zure
legetik urrun dira. R/.
V/. Salbazinoa gaiztoengandik urrun dago,
zure
arauen bila ez dabiltzalako.
Desleialak
ikusten ditut eta higuin emoten deuste,
ez
dabe Zuk agindua gordetzen. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Hartu gogoan
nondik jausi zaran,
eta
bihotz-barritu zaitez.
Apokalipsia liburuaren hasiera
Ap 1, 1-4; 2, 1-5a
Hau da Jainkoak Jesu Kristori egin eutson
agerpena, honek bere zerbitzariei laster jazoko dana agertu egien; bere
aingerua bialduz adierazo eutson Joan bere zerbitzariari. Eta honek autortzen
dau, ikusi dauana Jainkoaren mezua dala, Jesu Kristok baieztatua. Zorionekoak
mezu profetiko hau irakurri eta entzuten dabenak, eta bertan idatzitakoa
gordetzen dabenak, hurrean dago-eta beteko dan sasoia.
Nik, Joanek, Asiako zazpi eleiz alkarteei:
grazia eta bakea zuei badan, bazan eta etortzekoa dan Jainkoaren izenean eta
beraren tronuaren aurrean dagozan zazpi espirituen izenean.
Jaunak esan eustan: «Idatzi egiozu Efesoko
eleiz alkartearen aingeruari: Hona zer dinoan zazpi izarrak eskumako eskuan
dituanak, urrezko zazpi argimutilen artean dabilenak: "Ezagunak ditut zure
jokabidea, zure neke-lanak eta zure pazientzia. Badakit ezin dozuzana gaiztoak
jasan eta, benetako apostolu izan barik, euren burua apostolutzat dabenak
aztertu eta guzurtitzat itzi dozuzana. Badozu eroapenik, eta nekeak jasan
dozuz, atzera egin barik, nire izenagaitik.
Badot, ostera, zeozer zure kontra: galdu
egin dozula hasierako zeure maitasuna. Hartu gogoan, beraz, nondik jausi zaran;
bihotz-barritu zaitez eta bihurtu lehengo jokabidera"».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 1, 1-2. 3. 4 eta 6 (R/. Apk 2, 7b)
R/. Garaileari biziaren arbolako frutuetatik
emongo deutsat jaten.
V/. Zorionekoa gaiztoen aholkuari jarraitzen ez
deutsona,
pekatarien
bidean ez dabilena,
ezta
lotsabakoen batzarrean jesartzen be;
ezpada
zeJaunaren legean atsegin dauana,
haren
legea gau eta egun hausnartzen dauana. R/.
V/. Ur-ertzean landaturiko zuhaitzaren antzekoa
da:
emoten
dau bere sasoian frutua,
eta
ez jako orririk igartzen;
egiten
dauan guztiak ondo deutso urteten. R/.
V/. Ez holan gaiztoak, ez holan,
haizeak
daroan galtzuaren antzekoak dira.
Jaunak
zaintzen dau zintzoen bidea;
gaiztoena,
barriz, galdu egiten da. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Jn 8, 12
R/. Aleluia.
V/. Neu naz munduaren argia, dino Jaunak;
Niri
jarraitzen deustanak bizirako argia izango dau. R/.
Ebanjelioa
Zer nahi dozu
Nik zuri egitea?
Ikusi dagidala,
Jauna!
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 18, 35-43
Behin baten, Jesus Jerikora hurreratu
zanean, itsu bat egoan eskean bide-ertzean jesarrita. Jentea igarotzen
barruntaturik, ha zer zan itaundu eban. Jesus Nazaretarra igarotzen zala
jakinazo eutsoen. Orduan, deadarka hasi zan: «Jesus, Daviden Seme, erruki zakidaz!»
Aurrean joiazanek gogor egiten eutsoen
isildu eragiteko; baina harek oihu handiagoz: «Daviden Seme, erruki zakidaz!»
Jesusek, geldituta, beregana ekartzeko
agindu eutsen. Hurreratu zanean, itaundu eutson: «Zer gura dozu Nik zuri
egitea?» Itsuak erantzun: «Ikusi dagidala, Jauna!» Jesusek esan eutson: «Ikusi,
bada; zeure sinismenak osatu zaitu».
Bat-batean, ikusi egin eban eta Jesusen
ondorik joian, Jainkoa goratuz. Eta herri osoak, gertatua ikusirik, Jainkoa
goratu eban.
Jaunak esana.
Urtean Zeharreko XXXIII. martitzena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jarraibide
bikaina itziko deutset gazteei,
gure
legeagaitik kementsu emon dagien bizia.
Makabearrak bigarren liburutik
2 M 6, 18-31
Egun hareetan, bazan Eleazar izeneko gizon
bat, lege-maisu nagusienetakoa, adin handiko eta itxura bikaineko gizona; ahoa
zabaltzera behartu eta txarrikia janarazo nahi eutsoen. Bera, ostera, bizitza
lotsagarria baino heriotza ospetsua nahiago ebanez, bere gogoz joian
makilakadak hartzera, ahoan ebana botaz. Holantxe egin behar dabe galarazotako
janaria gitxiesteko kemena dabenek, bizia galduko badabe be.
Legearen kontrako jatordu sakratu haretan
buru ziranek aparte hartu eben Eleazar. Aspalditik ezaguna ebelako, jatea
zilegi jakon haragia berak prestatu eta ekartzeko esaten eutsoen, eta, ha
janez, erregeak agindutako sakrifizioetako haragia jaten eban itxurak egin
egizala; holan, heriotzatik libratuko zan eta, aspaldiko adiskidetasunagaitik,
gizabidez erabiliko eben.
Baina Eleazarrek erabagi jatorragoa hartu
eban, bere adinari, zahartzaroaren nobleziari, lanean zuritutako ule
agurgarriari, umearotik izan eban jokaera bikainari eta, batez be, Jainkoak
ezarritako lege santuari egokion erabagia; beraz, lehenbailehen hil egiela
erantzun eutsen. Hau inotsen: «Gure adinean ez da egoki itxurak egiten
ibiltzea; gazte askok uste izango dau Eleazarrek, bere laurogeita hamar
urtegaz, jentilen ohiturak hartu dituala eta, gelditzen jatan bizitza apurra
luzatzeko nik itxurakeria hori egingo baneu, gazteak okertu egingo litzatekez nire
erruz, eta hori nire zahartzaroa zikintzea eta lotsagarri egitea izango
litzateke. Gainera, une batez gizakien zigorrari ihes egingo neuskion arren,
ezin izango neuke Ahalguztidunaren eskuetatik ihes egin, ez bizitzan, ez
heriotzan. Horregaitik, orain neure bizia kementsu emonez, nire zahartzaroari
dagokion duintasunez agertuko naz, eta jarraibide bikaina itziko deutset
gazteei, gure lege agurgarri eta santuakaitik gogotsu eta kementsu emon dagien
bizia».
Hori esanda, oinaze-lekura abiatu zan
behingoan. Eroienek gogorkeria bihurtu eben lehentxuago agertutako biguntasuna,
esan ebazan berbak zorokeriatzat hartu ebezan-eta. Eleazarrek, zigorragaitik
hil zorian egoala, zotinka esan eban: «Jaunak, jakituria santuaren jaube danak,
ondo daki heriotzari ihes egin neikiola eta, neure gorputzean oinaze gogorrak
jasaten dodazan arren, neure barruan pozik daroadazala beraganako
begiruneagaitik».
Holan hil zan Eleazar. Bere heriotzaz,
prestutasun- eta onbide-jarraibide gogoangarria itzi eutsen, gazteei ez ezik,
baita herritar guztiei be.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 3, 2-3. 4-5. 6-7 (R/. 6b)
R/. Jaunak deust eusten.
V/. Jauna, bai ugari dirala nire arerioak,
bai
ugari nire aurka jagitzen diranak.
Ugari
dira nitaz dinoenak:
«Ez
dau salbazinorik Jainkoagan». R/.
V/. Baina Zu zaitut, Jauna, babeski, Zu neure
ohore;
Zeuk
deustazu burua jasotzen.
Oihuka
dei egiten deutsat Jaunari,
eta
erantzuten deust bere mendi santutik. R/.
V/. Oheratzen naz, lokartu eta esnatzen,
Jaunak
deust-eta eusten.
Milaka
areriok inguratzen banau be
nik
bildurrik ez. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Norbaitek atea
edegitzen badeust,
harenean
sartuko naz eta alkarregaz afalduko dogu.
Apokalipsia liburutik
Ap 3, 1-6. 14-22
Jaunak niri, Joani, esan eustan: «Idatzi
egiozu Sardesko eleiz alkartearen aingeruari: Hona zer dinoan Jainkoaren zazpi
espirituak eta zazpi izarrak dituanak: "Ezaguna dot zure jokabidea; bizi
danaren itxura dozu, baina hilda zagoz. Zagoz erne eta indarbarritu egizu
oraindino bizirik dozuna, guztiz hil baino lehen, zure jokabidea neure
Jainkoaren aurrean behar baizen ona ez dala ikusi dot-eta. Gogoratu egizu,
bada, zelan entzun eta hartu zenduan mezua; gorde egizu eta bihotz-barritu
zaitez. Izan be, erne ez bazagoz, lapurra lez etorriko naz-eta, gitxien
itxaroten dozun orduan etorri be.
Baina badozuz Sardesen euren jantziak
zikindu ez dabezan gitxi batzuk; nigaz ibiliko dira zuriz jantzita, merezi
dabe-eta.
Garailea zuriz jantziko dabe, eta ez dot
kenduko haren izena bizien liburutik; eta haren alde urtengo dot neure Aitaren
eta beronen aingeruen aurrean".
Belarririk dauanak entzun begi Espirituak
eleiz alkarteei esaten deutsena.
Idatzi egiozu Laodizeako eleiz alkartearen
aingeruari: Hona zer dinoan Amen deritxonak, testigu leial eta egiazkoak,
Jainkoak egindakoen sorburu danak: "Ezaguna dot zure jokabidea; ez zarala
hotz, ez bero. Ai hotz nahiz bero bazina! Baina epel zaralako, eta ez bero, ez
hotz, botagura emoteraino higuintzen nozu.
Hau dinozu: 'Aberatsa naz, oso aberatsa, ez
dot ezeren beharrizanik'. Eta ez zara konturatzen gizajoa zarala, errukarria
eta behartsua, itsu eta biluzik zagozala. Aholku hau emoten deutsut: erosi
egidazu sutan garbitutako urrea, aberastu zaitezan; erosi soineko zuriak zeure burua
janzteko, zeure narrugorrian lotsagarri agertu ez zaitezan; erosi kolirioa
begietan emoteko, ikusi dagizun.
Maite dodazanei egiten deutset errieta eta
horreek ditut zuzentzen. Ahalegindu zaitez, beraz, eta bihotz-barritu.
Hara, atean nago deika; norbaitek nire
ahotsa entzun eta atea edegitzen badeust, harenean sartuko naz eta alkarregaz
afalduko dogu. Garailea Neugaz jesarriarazoko dot neure tronuan, Neu be garaile
izan eta neure Aitagaz beronen tronuan jesarri nintzan lez".
Belarririk dauanak entzun begi Espirituak
eleiz alkarteei esaten deutsena».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 15 [14], 2-3a. 3b-4b. 5 (R/. Ap 3, 21)
R/. Garailea neugaz jesarriarazoko dot neure tronuan.
V/. Akatsik barik eta zuzen jokatzen dauana;
bihotzean
egiazale izan
eta
mihinaz inor kaltetzen ez dauana. R/.
V/. Hurkoari gatxik egiten ez deutsona,
auzokoa
iraintzen ez dauana.
Jaunak
baztertua gitxiesten dauana
eta jainkozaleak ohoratzen dituana. R/.
V/. Dirua lukurreriaz mailegatzen ez dauana
ezta
errubakoaren kaltetan eskupekorik hartzen be.
Holan
jokatzen dauana
ez
da sekula kili-kolo egongo. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
1 Jn 4, 10b
R/. Aleluia.
V/. Jainkoak gu maite izan gaitu,
eta
bere Semea
gure
pekatuen parkamen-oparitzat bialdu dau. R/.
Ebanjelioa
Gizonaren Semea
galduta egoana bilatzera
eta salbatzera
etorri da.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 19, 1-10
Aldi haretan, Jesus Jerikon sartu eta
herrian zehar joian. Bazan han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-buru zana,
oso aberatsa. Jesus nor zan ikusi nahirik ebilen Zakeo, baina ezin eban
jentetzagaitik, txikia zan-eta. Arineketan aurrera joan eta ikondo batera igon
eban Jesus ikusteko, ze, handik igaro behar eban.
Jesusek, leku haretara heltzean, gora
begiratu eta esan eutson: «Zakeo, jatsi behingoan, gaur zure etxean gelditu
behar dot-eta». Behingoan jatsi zan eta pozik hartu eban etxean. Hori ikusirik,
danak marmarka hasi ziran: «Pekatari baten etxera joan dok ostatuz».
Zakeok, ostera, zutunik jarrita, esan eutson
Jaunari: «Jauna, neure ondasunen erdiak behartsuei emongo deutsedaz eta, inori
ezer ostu badeutsat, lau halako bihurtuko deutsat».
Jesusek esan eutson: «Gaur salbazinoa etorri
da etxe honetara, ze, berau be Abrahamen ondorengoa da. Izan be, Gizonaren Semea
galdurik egoana bilatzera eta salbatzera etorri da».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jentearen mormoxeten edukina kontuan hartuz «Pekatari baten etxera joan dok ostatuz», hauxe esan geike: Jesus gusturago baebilen ere pobreen artean, inondik inora ere ez ebazala baztertzen aberatsak. Danei iragarten eutsen Jainkoaren erreinua.
Zakeorenean sartzea litzateke hemen esango dogun guztiaren irudi.
Ez dakigu zertaz jardungo eben Jesusek eta Zakeok euren autuan, baina ez dinosku ebanjelariak lapurretan egiteaz damutu zanik.
Baina bai ikusten dala Zakeorengan zeozer harrigarria jazo dala, orain —Jesus berean hartuta gero— ez dalako beretzat dirua gauzarik garrantzitsuena.
Ez deutso eskatzen Jesusek (gazte aberatsari egin eutson lez) ondasun guztiak pobreei emon eta gero jarraitu deiola. Ez dabil, ba, Jesus, jarraitzaileen bila itsuturik.
Baina, begira: Bateatzaileak pobreekaz ondasunak partekatzea eskatzen baeban, Zakeok hori baino gehiago egingo dau: ondasunen erdia emongo deutse pobreei, eta inori ezer bidegabekeriaz kendu badeutso lau halako bihurtuko deutso.
Ondasunetatik askatuta gelditzen da, ba, Zakeo, eta hau Jesusi esker…
Urtean Zeharreko XXXIII. eguaztena
I. urtean
I. Irakurgaia
Munduaren Egileak bihurtuko deutsue arnasa eta bizia.
Makabearrak bigarren liburutik
2 M 7, 1. 20-31
Egun hareetan, zazpi anaia atxilotu ebezan
euren amagaz. Legeak galarazota eukan txarrikia jatera behartu nahirik,
idi-zilez eta zartailuz zigortu ebazan Antioko erregeak.
Guztiz miragarria eta gogoangarria ama izan
zan. Bere zazpi semeak egun berean hiltzen ikusi ebazan, eta bihotz handiz
jasan eban dana, Jaunagan jarrita eukan itxaropenagaitik. Seme bakotxari adore
emoten eutson bere hizkuntzan. Sentipen bikainez beterik eta, bere
emakume-pentsaera gizon-kemenez jantziz, hau inotsen: «Nik ez dakit zelan agertu
zinien nire sabelean; ez neutsuezan arnasa eta bizia nik emon, ezta zuen
gorputzeko atalak antolatu be. Munduaren Egileak, gizakien izatea eratu eta
gauza guztiak sortuarazo dituanak berak, bihurtuko deutsue bere errukian arnasa
eta bizia, orain zeuen buruari uko egiten deutsazue-eta beraren legeakaitik».
Antiokok uste eban mespretxu egiten eutsola
emakumeak eta iraintzat hartu ebazan haren berbak. Oraindino bizirik egoan
semerik gazteena; erregea mutila bereganatzen ahalegindu zan hitzez ez ezik baita
zin eginez be, aberats eta zoriontsu egingo ebala, bere adiskidetzat hartuko
eta kargu handiak emongo eutsozala, bere asaben ohiturei uko egiten baeutsen.
Baina mutilak jaramonik be egiten ez eutsonez, erregeak amari dei egin eta
eskatu eutson mutikoa konbentzitu egiala, beraren hobe beharrez.
Erregea eske eta eske ebilkonez, amak onartu
eban semea konbentzitzea. Halan, harengana makurtu eta, errege ankerrari barre
eginez, honan berba egin eutson bere hizkuntzan: «Seme, erruki zakidaz.
Bederatzi hilabetez eroan zindudazan sabelean, hiru urtez emon neutsun bularra,
nik hazi eta hezi zaitut gaur arte, neuk emon deutsut jaten. Arren, seme,
arren, begira zeru-lurretara eta ikusi horreetan dan guztia, eta jakin
ezerezetik egin dauala Jainkoak hori guztia, eta gizakiok be era berean sortu
gaituala. Ez, bada, borrero horren bildur izan; agertu zaitez anaien pareko eta
onartu heriotza, errukialdia etortzean zeu be anaiekin batera barriro aurkitu
zagidazan».
Amak oraindino berbetan ziharduala, mutikoak
esan eban: «Zeren zain zagoze? Nik ez dot erregearen esana egingo, Jainkoak
Moisesen bidez gure asabei emon eutsen legearen esana baino. Eta zuk,
hebrearrei hainbeste kalte egin deutsezun horrek, ez dozu ihes egingo
Jainkoaren eskutik».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 17 [16], 1. 5-6. 8 eta 15 (R/. 15c)
R/. Esnatzean zure presentziaz naz asetuko, Jauna.
V/. Entzun, Jauna, nire justizi eskea,
entzun
nire deadarra;
makurtu
belarria nire otoitzera,
ez
dot engainurik ezpanetan. R/.
V/. Sendotu ditut oinak ezarritako bideetan,
ez
dira aldendu nire pausuak zure arrastotik.
Deika
nozu, Jainko, erantzuten deustazu-eta;
bihurtu
nigana belarria, entzun nire ahotsa. R/.
V/. Zaindu nagizu begi-ninia lez,
gorde
ni zeure hegoen kerizpean.
Nik,
barriz, zuzena nazala,
zure
aurpegia dot ikusiko,
esnatzean
zure presentziaz naz asetuko. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Santua Jauna,
Jainko ahalguztiduna,
bazan, badan
eta etortzekoa dan ha.
Apokalipsia liburutik
Ap 4, 1-11
Nik, Joanek, ikuskari bat izan neban. Ate
bat zabalik ikusi neban zeruan, eta lehen hitz egin eustan turuta-hotsa lako
ahotsak esan eustan: «Igon hona, eta ondoren jazotzekoak diranak erakutsiko
deutsudaz».
Bat-batean, Espirituak hartu ninduan. Tronu
bat ikusi neban zeruan, eta tronuan norbait jesarrita. Jesarrita egoanak jaspe
eta kornalina harrien itxura eban, eta tronuaren inguruan esmeralda antzeko
ortzadarra. Tronuaren inguruan hogeta lau aulki egozan, eta aulkietan jesarrita
hogeta lau zahar, jantzi zuria soinean eta urrezko koroa buruan.
Tronutik tximistak, ostotsak eta trumoiak
urteten eben; tronuaren aurrean zazpi argi-zuzi egozan sutan, Jainkoaren zazpi
espirituak adierazoten ebezala, eta tronuaren aurrean itsasoaren antzeko zeozer
argi-argia, kristala baizen gardena.
Tronuaren erdian eta inguruan lau izaki
bizidun egozan, aurretik eta atzetik begiz beteak. Lehenengo izakia lehoiaren
antzekoa zan, bigarrena zezenaren antzekoa; hirugarrenak gizakiaren antzeko
aurpegia eban, eta laugarrena hegaz doan arranoaren antzekoa zan. Lau izakiok
seina hego ebezan, eta begiz beteak egozan kanpotik eta barrutik. Gau eta egun
hau dinoe eten barik:
«Santu,
santu, santua Jauna, Jainko ahalguztiduna,
bazan,
badan eta etortzekoa dan ha».
Eta izaki bizidunek tronuan jesarrita dagoanari, gizaldien gizaldietan bizi danari, aintza, ohorea eta esker ona emoten eutsoen bakotxean, hogeta lau zaharrak tronuan jesarrita dagoanaren aurrean ahuspezten ziran, gizaldien gizaldietan bizi dana gurtzen eben eta euren koroak tronuaren aurrera botatzen, esanez:
«Gure
Jaun eta Jainko hori,
bazara
Zu nor aintza, ohorea eta ahalmena hartzeko,
Zeuk
zenduzan-eta gauza guztiak egin
eta
zure nahi izatez
dira
sortu eta diraue oraindino».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 150, 1-2. 3-4. 5-6 (R/. Ap 4, 8b)
R/. Santu, Santu, Santua Jauna,
Jainko ahalguztiduna!
V/. Goratu egizue Jainkoa bere santutegian,
goratu
bere zeru-sabai sendoan.
Goratu
egizue bere egite ahaltsuakaitik,
goratu
bere neurribako handitasunagaitik. R/.
V/. Goratu egizue adar-soinuz,
goratu
harpaz eta zitaraz.
Goratu
egizue danbolinez eta dantzaz,
goratu
hari-soinuz eta txirulaz. R/.
V/. Goratu egizue txilin ozenez,
goratu
txilin durundariz.
Goratu
begie Jauna arnasa daben guztiek! R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Jn 15, 16
R/. Aleluia.
V/. Neuk aukeratu zinduedazan zuek,
eta
eginkizun hau emon deutsuet:
frutu
ugaria eta iraunkorra emon dagizuela edonon,
dino
Jaunak. R/.
Ebanjelioa
Zelan ez dozu nire dirua bankuan jarri?
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 19, 11-28
Aldi haretan, Jesusek parabola bat kontatu
eutson jenteari, Jerusalemdik hur egoan eta jenteak Jainkoaren erreinua une
batetik bestera azalduko zala uste eban: «Handiki bat urrutiko lurralde batera
joan zan, errege-izendapena hartzera, gero bihurtzeko. Bere zerbitzarietako
hamarri dei egin eta ontzako urre bana emon eutsen, esanez: “Ahalegindu
irabaziak ataratzen, neu bihurtu bitartean”.
Baina herritarrek gorroto eben eta
mandatariak bialdu ebezan ondotik, esatera: “Hori ez dogu errege gura”.
Errege-izendapena harturik bihurtu zanean,
deitu eragin zituan dirua banatu eutsen morroiak, bakotxak zer irabazi eban
jakiteko.
Aurkeztu zan lehenengoa eta esan eban:
“Jauna, zure ontzakoak hamar halako emon dau”. Nagusiak esan eutson: “Ederto,
morroi ona! Gauza gitxian zintzo izan zaran ezkero, hartu egizu hamar uriren
agintea”.
Joan zan gero bigarrena eta esan eban:
“Jauna, zure ontzakoak bost halako emon dau”. Honi be ugazabak esan eutson:
“Hartu egizu bost uriren agintea”.
Joan zan bestea eta esan eutson: “Jauna,
hemen dozu zeure ontzakoa; zapian batuta euki dot. Bildurra neutsun, gizon
gogorra zaralako, emon bakoa eskatzen eta erein bakoa batzen dozuna”. Nagusiak,
orduan: “Heure esanetik kondenatzen haut, morroi gaizto hori! Bahenkian gizon
gogorra nazana, emon bakoa eskatzen eta erein bakoa batzen dodana. Zelan ez
dok, bada, nire dirua bankuan jarri? Holan, bihurtzean, bere interesekin jasoko
najoan”.
Eta han egozanei esan eutsen: “Kendu egiozue
ontzakoa, eta emon hamar dituanari”. Hareek erantzun eutsoen: “Jauna, arterik
be baditu hamar ontzako”. Eta nagusiak: “Hara zer dinotsuedan: Daukanari emon
egingo jako; ez daukanari, barriz, daukan apurra be kenduko. Eta errege gura ez
ninduen arerio horreek, ekarri hona eta hil egizuez neure aurrean”».
Berba honeek esan ostean, Jesusek
Jerusalemgo bidean gora jarraitu eban danen aurretik.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Mateoren ebanjelioko talentoen pareko parabola dogu Lukasen ebanjelioko hau. Baina baditu berezitasun batzuk.
Honetan hamar zerbitzari dira ardurea hartzen dabenak, eta euren ardurapeko zenbatekoa bardina da (diru pila bat).
Zera esateko, behar bada: ez dauala horrenbeste ardura hartu dan muntoak ez eta haregaz zenbat lortzen dan ere. Hori gitxienekoa litzateke. Ardura dauan gauza bakarra morroiaren lanerako grina da, haren ahalegina.
Emon deutso Jainkoak bakotxari emon beharreko guztia. Morroiari dagokio orain hartua jokoan jartea, hartutakoari (dohaia da) bere lana ezartea. Eta ezarritako lanak emongo deutso etekina; ahaleginean beratan aurkituko dau saria.
Ez dau, ba, ezelango geroko saririk itxaron behar. Dana dago bere esku jarrita. Orain berari dagokio lanean jartea eta haxe izango dau saria: bere lanaren, ahaleginaren, araberakoa izango da.
Eta ez daigun errege ha Jainkoaren irudi lez hartu: Jainkoak ezin dau errege harek bere arerioekin egiten dauana egin-eta. Parabolaren orniduretan ezin galdu geintekez…
Urtean Zeharreko XXXIII. eguena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jainkoak gure asabekin egindako itunari eutsiko deutsagu.
Makabearrak lehenengo liburutik
1 M 2, 15-29
Egun hareetan, Antioko erregearen
funtzionarioak Modin urira heldu ziran; euren erlijinoa ukatuarazo eta idoloei
sakrifizioak eskeiniarazo behar eutsoen jenteari. Israeldar asko alkartu jaken;
Matatias eta honen semeak, ostera, aparte gelditu ziran, alkarregaz.
Erregearen funtzionarioak honan berba egin
eutsoen Matatiasi: «Buruzagi ospetsua eta ahaltsua zara zu uri honetan, eta
zeure semeek eta senideek babesten zaitue. Zatoz, bada, beste inor baino lehen
eta bete erregearen agindua, herri guztiek, Judeako jenteak eta Jerusalemen
gelditu diranek egin daben lez. Eta zu eta zure semeak erregearen
adiskideetakoak izango zarie eta urre, zidar eta beste erregalu asko emongo
deutsue saritzat».
Matatiasek ozen erantzun eutsen: «Erregearen
menpeko herri guztiek, hari obediduz, euren asaben erlijino-ohiturak baztertu
eta haren aginduei men egiten badeutsie be, nik, nire semeek eta senideek Jainkoak
gure asabekin egindako itunari eutsiko deutsagu. Jaun errukitsuak gorde
gagizala legea eta aginduak baztertzetik. Ez deutsegu jaramonik egingo
erregearen aginduei, eta ez gara ezertan aldenduko geure
erlijino-ohituretatik».
Matatiasek berba honeek esan ebazaneko,
judegu bat danen begi-bistan aurreratu zan, Modin urian eraikitako altara
gainean sakrifizioa eskeintzera, erregeak agindu eban lez. Hori ikustean, sutu
egin zan Matatias eta barruak dar-dar egin eutson; eta, legearen maiteminak
eraginda, hasarre biziz, arineketan joan eta samea ebagi eutson judeguari
altara gainean. Jentea sakrifizioak eskeintzera behartzen eban
errege-funtzionarioa be hil egin eban aldi berean eta altarea txikitu. Holan,
legeagazko maitemina erakutsi eban, antxina Pinhasek Saluren seme Zimrigaz
jokatu eban lez jokatuz.
Gero, oihu handiz deitu eban urian zehar:
«Legea maite dabenak eta itunari eutsi nahi deutsoenak, betoz nire ondoren!»
Matatiasek eta beronen semeek ihes egin eben mendira, urian eben guztia
itzirik.
Orduan, judegu asko, legearen arabera zintzo
bizi nahirik, basamortura jatsi zan, bertan bizitzeko asmoz.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 50 [49], 1-2. 5-6. 14-15 (R/. ik. 23b)
R/. Zuzen dabilenari deutsat
Jainkoaren salbamena erakusten.
V/. Jaunak, jainkoen Jainkoak, dino:
dei
egiten deutso lurrari batzarrera
eguzkiaren
sorlekutik sarlekura.
Siondik,
edertasun beteko menditik,
dirdaitsu
agiri da Jainkoa. R/.
V/. Batu egizuz nire fededunak,
sakrifizioa
eskeiniz nigaz ituna egin ebenak.
Iragarri
begi zeruak haren justizia,
Jainkoa
bera da epaile. R/.
V/. Eskeini esker onezko oparia Jainkoari,
bete
zeure promesak Goi-goikoari.
Dei
egidazu larrialdian;
libratuko
zaitut, eta zuk goratuko nozu. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Hila izan da Bildotsa,
eta, bere
heriotzaz, Jainkoarentzat irabazi ditu
nazino
guztietako gizon-emakumeak.
Apokalipsia liburutik
Ap 5, 1-10
Nik, Joanek, tronuan jesarrita dagoanaren
eskuman liburu bat ikusi neban, barrutik eta kanpotik idatzita, eta zazpi
zigiluz joa.
Eta aingeru indartsu bat ikusi neban, ozen
deadar egiten: «Nor da gai liburua edegitzeko eta beraren zigiluak askatzeko?»
Eta ez zan inor be, ez zeruan, ez lurrean, ez lurpean, liburua edegi eta
irakurri eikeanik. Nik negar eta negar niharduan, liburua edegitzeko eta
irakurtzeko inor be agertu ez zalako. Orduan, zaharretako batek esan eustan:
«Ez negarrik egin. Hara, garaile urten dau Judaren leinuko lehoiak, Daviden
kimuak, eta beronek edegiko ditu liburua eta zazpi zigiluak».
Orduan, tronuaren erdian eta lau izaki
bizidunen eta zaharren erdian, Bildotsa ikusi neban: zutunik egoan eta samea
ebagita izanaren ezaugarriak ebazan; zazpi adar eta zazpi begi ebazan, hau da,
Jainkoak lur guztira bialdu dituan zazpi espirituak. Etorri eta liburua hartu
eban tronuan jesarrita dagoanaren eskumako eskutik. Liburua hartu ebanean, lau
izakiak eta hogeta lau zaharrak Bildotsaren aurrean ahuspeztu ziran. Zitara
bana eben eta intsentsuz betetako urrezko ontziak, Jainkoarenak diranen
otoitzen adierazgarri. Eta kantu barri hau abestu eben:
«Zu
bazara nor liburua hartu
eta
honen zigiluak edegitzeko,
hila
izan zaralako,
eta,
zeure heriotzaz, Jainkoarentzat irabazi dozuz
arraza,
hizkuntza, herri eta nazino guztietako
gizon-emakumeak;
eta
errege eta abade dan herri egin dozuz
gure
Jainkoarentzat,
eta
errege izango dira lur osoan».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 149, 1-2. 3-4. 5-6a eta 9a (R/. Ap 5, 10)
R/. Errege eta abade dan herri egin gaituzu
geure Jainkoarentzat.
Edo: Aleluia.
V/. Kanta Jaunari kantu barria,
kanta
haren gorespena fededunen batzarrean.
Poztu
bedi Israel bere Egileaz,
alaitu
siondarrak euren Erregeaz. R/.
V/. Goratu begie haren izena dantza eginez,
jo
begie harentzat danbolina eta zitara.
Maite
dau-eta Jaunak bere herria,
garaipenez
jantziko ditu umilak. R/.
V/. Alaitu beitez fededunak Jainko ospetsuaz,
egin
begie pozez oihu euren etzunlekuetan.
Bego
Jainkoaren gorapena hareen eztarrian,
ohorea
da haren fededun guztientzat. R/.
Aleluia
Ik. Sal 95 [94], 8a. 7d
R/. Aleluia.
V/. Gaur, ez gogortu bihotza;
entzun
Jaunaren ahotsa. R/.
Ebanjelioa
Ulertuko bazendu zeuk be gaur bakerako bidea!
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 19, 41-44
Aldi haretan, Jesus, Jerusalemera hurreratu eta uria ikustean, negarrez hasi zan hagaitik, eta esan eban: «Ai Jerusalem, ulertuko bazendu zeuk be gaur bakerako bidea! Baina ez zara gauza hori ikusteko. Etorriko jatzu, bai, zeure arerioek hesiz inguratu, setiatu eta alde guztietatik erasoko deutsuen sasoia; txikitu egingo zaituee zeu eta zeure bizilagunak; eta ez deutsue harririk harri gainean itziko, Jainkoak eskeini deutsun salbazino-aukera aintzat hartu ez dozulako».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Lukasena deritzon ebanjelioa 70. urtea baino beranduago idatzia da; Jerusalemgo Jauretxea suntsitua izan ostean, orduan. Baina esaten dauanak ez dau, horregaitik, bere garrantzia galtzen.
Jesusek ez eban aurretiaz iragarri Jauretxearen suntsipena; baina bai sentitu ebela bere lehen jarraitzaileek suntsipen horren mina eta ekarri eban hondamenarena.
Bai somatuko ebala Jesusek min handia, eta ez usteko izugarria jasango, Jerusalemek lepo emon eutsolako. Zertarako bere berbak, irakatsiak, ezaugarriak eta bizitza osoa?
Eta hortixik igarten dogu judeguek Jainkoaren zigor lez ulertzen ebela (dabela?) Jerusalemen suntsipena.
Ordutik, gizaldi luzeetan egon dira judeguak deslai, sakabanatuta, herrialde eta aberri barik, herri ere ez zirala eta aurrean erabiliak… harik eta 1948an ebatzi zan arte, hainbeste gizaldiz palestinarrena zan lur zati handi baten Israel kokatzea.
Ez eben ontzat emon hori palestinarrek orduan. Eta ez dabe gaur ere onartzen. Eta, Jainkoaren zigor lez, hortxe dihardue alkar ezabatu nahian…
Jesusen negarra profetikoa bilakatu da.
Urtean Zeharreko XXXIII. barikua
I. urtean
I. Irakurgaia
Altara
barriaren sagaratzea ospatu eben,
eta
erre-opariak eskeini ebezan poz handiz.
Makabearrak lehenengo liburutik
1 M 4, 36-37. 52-59
Egun hareetan, Judasek eta honen anaiek esan
eben: «Desegin doguz arerioak; igon daigun santutegiaren garbikuntza egitera
eta ha barriro Jainkoari sagaratzera». Gudaroste osoa batu eta Sion mendira
igon eben.
Seleukotarren agintealdiko ehun eta
berrogeta zortzigarren urtean, bederatzigarren hilaren –hau da, Kisleu hilaren–
hogeta bostean, goizean goiz jagi eta sakrifizioa eskeini eben legearen
arabera, eraiki barria eben erre-oparietarako altaran. Lehengo altarea jentilek
profanatu eben egun eta ordu berean inauguratu eben altarea kantu artean,
zitara, harpa eta txilina joz.
Herri osoak, lurreraino ahuspezturik, gurtu
eta goratu eban garaipena emon eutson Jainkoa. Zortzi egunez ospatu eben
altarearen sagaratzea, eta erre-opariak eskeini ebezan poz handiz, baita
alkartasun- eta esker onezko opariak be. Tenpluaren aurrealdea urrezko koroaz
eta babeski txikiz apaindu eben, sarrerak eta gelak konpondu eta ateak ipini
eutsiezan.
Handia izan zan herriaren poza, eta jentilek
egindako iraina ezabatuta gelditu zan. Eta Judasek, honen anaiek eta
israeldarren batzar osoak altarea sagaratzearen urteurrena bere sasoian, Kisleu
hilaren hogeta bostetik aurrera, zortzi egunez urtero poz handiz ospatzea
erabagi eben.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
1 Kro 29, 10bc. 11. 12 (R/. 13b)
R/. Zure izen ospetsua goresten dogu, Jauna.
V/. Bedeinkatua Zu, Jauna, gure aita Israelen
Jainkoa,
betidanik
betidaino. R/.
V/. Zeurea dozu, Jauna, handitasuna eta indarra,
ospea,
distira eta nagusitasuna;
zeurea
dozu zeru-lurretan dagoan guztia,
zeurea,
Jauna, erregetza
eta
diran guztien gaineko nagusitza. R/.
V/. Zugandik datoz aberastasuna eta ospea,
zeure
menpe dozu dana.
Zeure
esku dozu indarra eta ahalmena,
zeure
esku guztia handi eta sendo egitea. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Hartu neban liburutxua eta iruntsi egin neban.
Apokalipsia liburutik
Ap 10, 8-11
Zerutik entzuna neban ahotsak barriro berba
egin eustan niri, Joani, eta esan eustan: «Zoaz eta hartu itsas gainean eta
lehorrean zutunik dagoan aingeruak eskuan dauan liburu edegia».
Joan nintzan, bada, aingeruagana eta
liburutxua emoteko esan neutsan. Harek esan eustan: «Hartu eta iruntsi; sabela
garraztuko deutsu, baina ahoan eztia baizen gozo izango dozu». Hartu neban
liburutxua aingeruaren eskutik eta iruntsi neban. Ahoan eztia baizen gozo izan
jatan, baina, iruntsi nebanean, sabela garraztu eustan.
Orduan, esan eusten: «Barriro be herri,
nazino, hizkuntza eta errege askoren kontra profetizatu beharko dozu».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 119 [118], 14 eta 24. 72 eta 103. 111 eta 131 (R/. 103a)
R/. Bai gozoa niretzat, Jauna, Zuk agindua!
V/. Zure aginduak betetzea niretzat pozgarriago,
aberastasun
guztiak baino.
Bai,
zure aginduetan dot gozamena,
horreek
neure kontseilari. R/.
V/. Zein ona niretzat zure ahoko legea,
urre-zidarrezko
milaka txanpon baino hobea.
Bai
gozoa niretzat Zuk agindua,
ahoan
eztia baino gozoagoa. R/.
V/. Zure aginduak nire ondare betiko,
hareek
deuste-eta bihotza pozten.
Ahoa
zabaltzen dot eta arnasa hartzen,
zure
aginduak biziro ditut-eta gogoko. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 10, 27
R/. Aleluia.
V/. Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino
Jaunak;
Nik
ezagutzen ditut,
eta
hareek jarraitu egiten deuste. R/.
Ebanjelioa
Jainkoaren etxea lapur-zulo egin dozue.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 19, 45-48
Aldi haretan, Jesus, tenpluan sarturik,
bertan salerosketan ziharduenak kanpora botatzen hasi zan, esanez: «Liburu
Santuak dino: “Nire etxea otoitz-etxe izango da”. Zuek, ostera, “lapur-zulo”
bihurtu dozue».
Egunero tenpluan irakasten jarduten eban.
Abadeburuak, lege-maisuak eta herriko handikiak Jesus hil guran ebiltzan; baina
ez eben asmatzen zer egin, ze, herri guztia aho zabalik egoan hari entzuten.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Testu hau, edo Jesusen ekintza hau ondo ulertzeak geure bizitza zuzentzera eroan geintekez; bestela, azal-azalean geratzeko arriskuan jausiko gara. Ez ete dogu horixe egin gehienetan, Jesus txalotu gure bizitzak bere horretan jarraitzen ebala?
Tenpluan egiten ziran sakrifizioetarako eta diru eskeintzetarako behar-beharrezkoak ziran abere garbiak eta bertako diru garbia (ez zan kanpoko dirurik onartzen). Jesusek ezin izan zitun, ba, danak hankaz-gora bota. Beste zeozer esan gura deusku testuak.
Eskeintzariek barru bizitzaren zintzotasunik ez ebela agertzen; emoten zan kultua azalekoa zala; eskeintzariek norbere ziurtasuna edo lasaitasuna bilatzen ebela… Hori lapurreta egitea da, Jesusen ustez. Eta horixe salatzen dau, bihotzetiko kultu zintzoa eskatuz.
Profetak aitatzen dabez Ebanjelariek, Isaias eta Jeremias (nire etxea otoitz etxe izango dozue… zuek lapur-zulo bihurtu dozue). Eta horrek barruenean mindu ditu agintariak. Ez deutsoe parkatuko.
Zelango aldea! Herritarrek aho zabalik entzuten deutsoen artean, nagusiek euren negozioa arriskuan jarten dauala-ta paretik kandu gura dabe. Eta egokiera bila dabilz.
Urtean Zeharreko XXXIII. zapatua
I. urtean
I. Irakurgaia
Jerusalemen
egin nituan okerrakaitik,
atsekabearen
atsekabez hilko naz.
Makabearrak lehenengo liburutik
1 M 6, 1-13
Egun hareetan, ipar-eskualdeetan ebilen
Antioko erregea; han jakin eban bazala Pertsian uri bat, Elimaida izenekoa,
eukazan aberastasun, zidar eta urreagaitik ospetsua. Hango jauretxea izugarri
aberatsa zan, bertan gordetzen ziran-eta Mazedoniako Filiporen seme Alexandrok,
Greziako lehen erregeak, itzitako urrezko gudu-jantziak, bular-oskolak eta
armak. Hara joan zan Antioko, uria hartu eta bertako ondasunez jaubetzeko asmoz;
baina ez eban lortu. Izan be, uriko bizilagunek haren asmoen barri izan eben
eta, armetan jarriz, aurre egin eutsoen. Antiokok ihes egin behar izan eban
atsekabe handiz eta Babiloniara bihurtu zan.
Pertsian zala, mezulari bat etorri jakon
barri hau ekarriz: Judeara bialdu ebazan gudari-taldeak hondatuta geratu
zirala-eta, gudaroste indartsu baten buru hara joan zan Lisiasek judeguengandik
ihes egin behar izan ebala; eta judeguak indartu egin zirala menperatutako
gudarosteari harrapatutako arma, gudu-tresna eta harrapakin ugariei esker;
Jerusalemgo altara gainean erregeak eraiki eban idolo higuingarria txikitu egin
ebela eta tenplua harresi handiz inguratu, lehen egoan lez; beste horrenbeste
erregearen uria zan Bet-Sur.
Halako barriak entzutean, erregea ikaraz
bete zan eta biziro larritu. Nahigabearen nahigabez oheratu egin behar izan
eban, gauzak nahi lez urten ez eutsoelako.
Egun asko egin eban ohean, gero eta nahigabe
handiagoak jota, hiltzera joiala sentitu eban arte. Orduan, bere adiskide
guztiei dei egin eta esan eutsen: «Loak ihes egin deust begietatik eta larri
dot bihotza. Neure buruari esaten deutsat: "Zer dala-eta nahigabe hau,
zergaitik nago hain larrituta, neure agintealdian ona eta maitatua izan nazala?
Orain, ostera, jaubetzen naz zelako okerrak egin nituan Jerusalemen, hango
urrezko eta zidarrezko gauzak eroanez eta Judeako bizilagunak arrazoirik barik
triskatuz. Autortzen dot horrexegaitik etorri jatazala gatx honeek, eta
atsekabearen atsekabez hilko naz lurralde arrotzean"».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 9 [9 A] 2-3. 4 eta 6. 16 eta 19 (R/. ik. 15c)
R/. Alaituko naz, Jauna, zure salbamenaz.
V/. Jauna, bihotz-bihotzez zaitut goratuko,
zure
egintza ospetsuak ditut iragarriko,
zure
ohorez poztu eta jai egingo,
zure
izena, Goi-goiko, kantuz ospatuko. R/.
V/. Izan be, atzera egin dabe nire arerioek,
zure
aurrean estropezu egin eta galdu dira.
Jentil-herriei
gogor egin deutsezu,
gaiztoak
hondatu dozuz,
hareen
izena betiko ezereztu. R/.
V/. Eurek egindako zulora jausi dira
jentil-herriak,
eurek
jarritako sarean trabatu jake oina.
Jainkoa
ez da betiko ahazten behartsuaz,
ez
dau inoiz huts egingo errukarrien itxaropenak. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Profeta bi
horreek samin larria sortzen eutsien
lurreko
bizilagunei.
Apokalipsia liburutik
Ap 11, 4-12
Niri, Joani, esan eustan: «Testigu bi honeek
lurraren Jaunaren aurrean zutunik dagozan olibondo biak eta argimutil biak
dira. Norbaitek kalte egin nahi badeutse, suak urtengo dau hareen ahotik eta
arerioak iruntsiko ditu; holantxe hilko da horreei kalte egin nahi deutsena.
Honeek zerua ixteko ahalmena dabe, euririk egin ez dagian profetizatzen
jardungo daben sasoian; ura odol bihurtzeko ahalmena be badabe, baita lurra
edozein izurritez zigortzeko be nahi daben guztietan.
Baina, euren autormena amaitzean, lezatik
igongo dauan piztiak burruka egingo deutse, menperatu eta hil egingo ditu.
Hareen gorpuak irudizko hizkeran Sodoma nahiz Egipto deritxon uri handiko
plazan geldituko dira, hareen Jauna be kurutzeratu eben leku berean. Herri,
arraza, hizkuntza eta nazino guztietako jentea etorriko da hiru egun eta erdiz
hareen gorpuak ikustera, eta ez dabe hilobiratu dagiezan itziko. Lurreko
bizilagunek poztu eta jai egingo dabe hareen kontura, alkarri esku-erakutsiak
eginez, profeta biek samin larria sortzen eutsien-eta lurreko bizilagunei.
Hiru egun eta erdi horreek igaro ondoren,
ostera, Jainkoak bialdutako bizi-arnasa testigu bien barruan sartu zan, zutunik
jarri ziran, eta bildur handiak hartu ebazan begira egozanak.
Orduan, ahots handia entzun neban zerutik
hareei esaten: "Igon hona". Eta zerura igon eben hodei baten,
arerioen begi aurrean».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 144 [143], 1. 2. 9-10 (R/. 1a)
R/. Bedeinkatua Jauna, nire harkaitza.
V/. Bedeinkatua Jauna, nire harkaitza,
eskuak
gudurako eta ukabilak burrukarako
trebatzen
deustazana. R/.
V/. Nire laguntzailea eta gaztelua,
gotorlekua
eta askatzailea,
nire
babeskia eta geriza.
Berak
deustaz herriak menpean jartzen. R/.
V/. Kantu barria kantatuko deutsut, oi Jainko,
hamar
hariko harpa joko Zuretzat;
Zeuk
emon zeuntsen erregeei garaipena,
Zeuk
askatu zenduan David, zeure zerbitzaria. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. 2 Tm 1, 10
R/. Aleluia.
V/. Kristo Jesus gure salbatzaileak heriotza
ezereztu dau
eta
bizia argitu Barri Onaren bidez. R/.
Ebanjelioa
Ez da hildakoen Jainko, biziena baino.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 20, 27-40
Aldi haretan, saduzear batzuk hurreratu
jakozan Jesusi (saduzearrek ez dabe onartzen hildakoak biztuten diranik), eta
itaundu eutsoen: «Maisu, Moisesek idatzi euskun: “Nonori anaia ezkondua
seme-alaba barik hiltzen bajako, ezkondu bedi alargunarekin, anaiari ondorengoa
emoteko”.
Baziran, behinola, zazpi anaia. Zaharrena
ezkondu eta seme-alabarik barik hil zan. Bigarrena eta hirugarrena alargunagaz
ezkondu ziran, eta zazpirak bardin. Eta danak seme-alaba barik hil ziran.
Azkenik, hil zan emakumea be. Biztuerakoan, zeinen emazte izango da, ze
zazpirek izan eben emazte?»
Jesusek erantzun eutsen: «Mundu honetan
gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; baina datorren munduan ez dira ezkonduko,
hildakoen biztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituanak, gizaseme
nahiz emakume; izan be, ezin leitekez hil, ze, aingeruak lakoak dira eta
Jainkoaren seme-alaba, biztueran parte daben ezkero. Gainera, hildakoak
biztuten dirala Moisesek berak adierazoten dau, sutan egoan sasiaren pasartean,
Jaunari “Abrahamen Jainko, Isaaken Jainko eta Jakoben Jainko” deitzen
deutsonean. Ez da hildakoen Jainko, biziena baino, harentzat danak bizirik
dagoz-eta».
Orduan, lege-maisu batzuek esan eben:
«Maisu, ederto esan dozu». Eta ez ziran ausartzen beste itaunik egiten.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Saduzearrak, Jesusen aldietako taldeetarikoak ziran, abade-buruen taldeari eta Jauretxeko kultuari lotuak, eta farisearrak baino estuagoak Legearen betekizunetan. Talde hori 70. urtetik lasterrera aldendu zan.
Lukas ebanjelariak zera azpimarratzen dau eurengan: ez ebela biztuerea sinisten. Biztuera uste hau barria zan oraindino, eta ez da harritzekoa asko eta asko ez heldu izatea uste horretara.
Jesusei egiten deutsoen galderea orduko maisuen arteko eztabaidetan egiten zan antzera luzatzen deutsoe: jazoera bat mahairatuz eta bere ustezko haren urtenbidea eskatuz.
Jakina. Mahairatzen deutsoen jazoerea mutur-muturrekoa da. Eta Jesusen erantzuna, beti lez, galdetutakotik harago eroanez etorriko da. Berak iragarten dauan Erreinuaren mailan jarriko dau, eurek ondo ezagutu behar izango leukeezan Idaztietan oinarrituz.
Bihotz garbiz irakurriko balebe Exodoko pasarte haretan Moisesek dinoana, Jainkoa Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa dala, eta ez dala hilen Jainkoa biziena baino, ezelango eragozpen barik autortu behar izango leukee badala beste era bateko bizitzarik, hareik bizi badira: Jainkoagango bizitza.