2022/03/07

XXXII. Astea

Urtean Zeharreko XXXII. astelehena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Gizakia maite dauan espiritua da jakituria;
Jaunaren espirituak lurra betetzen dau.

Jakituria liburuaren hasiera 

Jkt 1, 1-7

    Maitatu egizue zuzentasuna, mundua gobernatzen dozuenok;
pentsatu egizue ondo Jaunari buruz
eta bilatu bera bihotz-bihotzez,
bera aurkitzen izten deutse-eta tentatzen ez dabenei
eta bere burua agertzen beragan uste ona galtzen ez dabenei.

Gogoeta txarrek Jainkoagandik aldentzen dabe
eta haren ahalmenak, aproban jarri ezkero,
nahastauarazo egiten ditu zentzunbakoak.
Jakituria ez da sartzen asmo txarreko bihotzean,
ezta bizitzen be pekatuaren menpe dagoanaren gorputzean.
Santua eta hezitzailea dan Espirituak
ihes egiten dau maltzurkeriatik,
urrundu egiten da gogoeta zentzunbakoetatik;
bidebakokeria agertzean, salatu egiten dabe.

Gizakia maite dauan espiritua da jakituria,
baina ez dau zigorrik barik izten txarto-esalea;
Jainkoak ikertzen dau gizakiaren barrua,
zehatz aztertzen dau haren pentsamentua
eta esaten dauan guztia entzuten.
Jaunaren espirituak lurra betetzen dau
eta, gauza guztiak alkarregaz batzen dituanez,
berba guztiak ezagutzen ditu.

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 139 [138], 1-3. 4-6. 7-8. 9-10 (R/. 24b)

R/.   Gidatu ni, Jauna, betirako bidetik.

V/.   Jauna, Zeuk aztertzen nozu eta ezagutzen,
badakizu noiz jesartzen nazan eta noiz jagitzen.
Urrundik barruntatzen dozuz nire asmoak;
ohartzen zara noiz nabilen eta noiz natzan,
zehatz ezagutzen dozuz nire ibilbide guztiak. R/.

V/.   Nire hitza mihinera baino lehenago,
Zuk, Jauna, ezagutzen dozu zeharo.
Atze eta aurre, inguratzen nozu,
gainean jarri deustazu eskua.
Miragarria da zure ezagutza, nitaz gaindikoa,
garaiegia nik harrapatzeko! R/.

V/.   Nora joan naiteke zure arnasatik urrun?
Nora ihes egin zure aurretik?
Zerura igonda be, Zu han,
Herio-lezara jatsita be, Zu bertan. R/.

V/.   Nahiz argiaren sorlekurantz hegatu,
nahiz sartaldetiko itsas mugetan kokatu,
han be zure ezkerra gainean izango dot,
zure eskumak helduko deust. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia 

Ezarri alkarte-arduradunak,
emon deutsudazan argibideen arabera.

San Paulo Apostoluak Titori egindako epistolaren hasiera

Tt 1, 1-9

    Nik, Paulok, Jainkoaren zerbitzari eta Jesu Kristoren apostolu nazan honek, zuri, Tito, fede berean egiazko seme zaitudan horri: grazia eta bakea Jainko Aitagandik eta Jesu Kristo gure salbatzaileagandik. Hau da nire zerbitzua: Jainkoak aukeratuak federa erakartzea eta jainkozaletasunaren araberakoa dan eta betiko biziaren itxaropena beragaz dauan egia ezagutuarazotea. Guzurrik ez dinoan Jainkoak mundua izaten hasi baino lehen agindu eban betiko bizi hori, eta orain, berak ezarritako sasoia heltzean, bere mezua agertuarazo dau Jainko gure salbatzailearen aginduz gomendatu jatan predikuaren bitartez.
    Arrazoi honekaitik itzi zaitut Kretan, antolatu barik gelditu dana antolatu dagizun, eta uri bakotxean alkarte-arduradunak ezarri dagizuzan, emon deutsudazan argibideen arabera. Arduradunak akatsik bakoa izan behar dau, behin bakarrik ezkondua, eta haren seme-alabek sinistedunak izan behar dabe, lizunkeriaz eta errebeldiaz salatu bakoak.
    Izan be, zuzendariak, Jainkoaren etxezain dan ezkero, akatsik bakoa izan behar dau; ez harro, ez hasarrekor, ez ardaozale, ez nahastezale, ez okerreko irabazien gose; ostera, ostatu-emoile izan behar dau, ona maite dauana, zentzunduna, zuzena, jainkozalea, bere buruaren jaubea; irakatsi jakon egiazko mezuari lotua, irakaspen zuzenez besteak aholkatzeko eta kontra dagozanen irakaspenak guzurtatzeko gai izan dadin.

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 24 [23], 1-2. 3-4b. 5-6 (R/. ik. 6)

R/.   Hau da, Jauna, zure aurpegi bila dabiltzanen taldea.

V/.   Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dauana,
mundua eta bertan bizi diranak,
harek ezarri dau-eta itsasoen gainean,
harek finkatu lur azpiko ibaien gainean. R/.

V/.   Jaunaren mendira nork igongo?
Haren toki santuan nor egongo?
Eskuak errubako eta bihotza garbi dituana,
sasijainkoetara jotzen ez dauana. R/.

V/.   Holakoa bedeinkatuko dau Jaunak,
justizia egingo deutso Jainko salbatzaileak.
Hau da haren bila ahalegintzen dan gizaldia,
Jakoben Jainkoaren aurpegi bila dabilena. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Flp 2, 15d-16a

R/.   Aleluia.

V/.   Izarrek munduan lez egiten dozue argi gizarte honetan,
        bizia emoten dauan mezuari sendo eutsiz. R/.

 

Ebanjelioa      

Zazpi aldiz etortzen bajatzu «damu dot» esanez,
parkatu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 17, 1-6

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ezinbestekoa da munduan galbideak gertatzea, baina zoritxarrekoa inoren sinismena galtzeko bidean jartzen dauana! Hobe leuke errotarria samatik lotu eta itsasora botako balebe, txiki honeetakoren bat galbidean jartzea baino.
    Ibili kontuz! Zure anaiak pekatu egiten badau, egiozu hasarre, eta, damutzen bada, parkatu.  Eta egunean zazpi bider zure kontra pekatu egiten badau eta zazpi aldiz etortzen bajatzu “damu dot” esanez, parkatu».
    Apostoluek esan eutsoen Jaunari: «Handiagotu sinismena gugan». Jaunak erantzun eutsen: «Sinismena bazendue, mostaza hazia baizen txikia izanik be, ikondo honi “urten hortik eta landatu itsasoan” esango zeunskioe, eta obedidu egingo leuskizue».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusek ikasleei irakasten dihardu. Zer ikasi asko dauke, haregaz batera ibili eta bizi izan arren eurenetik urtetea gatx egiten jakelako, antza.

Hau deigarri litxakigu geuri ere. Geuk ere arretaz hartu behar izango geukez Jesusen irakatsiok. Eta, batez ere, besteen sinismena adoretzeko, indartzeko eta elikatzeko ardurea hartu dogunok.

Zelangoa da gure sinismena? Eta ez handia ala txikia dan; bizia, eraginkorra eta adore-emoilea, ala besteen sinismena makaltzen eta iluntzen dauan sinismen motela dan baino. Holangoak madarikatuak dira Jesusen ahotan.

Gure sinismena sendoa dan honexetan igarri geike: besteei parkatzeko gauza bagara, edo zuzenbidera deitzeko, edo besteei adore emoteko gauza bagara.

Sinismenak, ba, ez dau norberetzako onura bila ibili behar, alkarte egiten baino. Eta horretarako, norbere hutsak autortzen, besteenak parkatzen, eta egiten jakuzan zuzenketak onartzen jakiteak dininosku Jesusen bideetan dihardugula.

 

 

Urtean Zeharreko XXXII. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Zentzunbakoen begietan hilda egozan behin betiko;
baina zintzoak bakean dagoz.

Jakituria liburutik       

Jkt 2, 23–3, 9

    Hilezkor izateko egin eban Jainkoak gizakia,
bere izatearen irudira egin eban;
baina deabruaren inbidiaz sartu zan heriotza munduan,
eta harenak diranek jasango dabe.

Zintzoen bizia Jainkoaren eskuetan dago,
ez ditu ezelako oinazek harrapatuko.
Zentzunbakoen begietan hilda egozan behin betiko,
hareek hemendik urtetea zoritxartzat jo eben
eta gugandik urruntzea osoko hondamenditzat;
baina zintzoak bakean dagoz.
Gizakien eretxiz, zigorra jasan eben,
baina hareek hilezkor izateko itxaropenez beterik egozan.

Apur bat zigortuak izan ondoren,
sari handia jasoko dabe;
Jainkoak probatu egin ebazan
eta beretzat duin aurkitu.
Urrea arragoan lez garbitu ebazan
eta erre-opari lez onartu.
Kontuak emoteko egunean distiratsu agertuko dira
eta lastotan arin zabaltzen dan txinparta lez izango.
Nazinoak gobernatuko dabez, herriak menperatuko,
eta Jauna izango dabe errege betiko.

Uste ona Jainkoagan dabenek ulertuko dabe egia,
haren maitasunari leial jakozanek iraungo dabe beragaz;
onginahia eta errukia dau-eta fededunentzat
eta ardura bere aukeratuentzat.

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 34 [33], 2-3. 16-17. 18-19 (R/. 2a)

R/.   Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna.

V/.   Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorespena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu beitez. R/.

V/.   Zintzoakana ditu Jaunak begiak,
zuhur hareen oihura belarriak.
Gaizkileen aurka Jaunaren aurpegia,
lurretik ezabatzeko hareen oroipena. R/.

V/.   Deadar egiten dabe zintzoek, eta Jaunak entzun,
larrialdi guztietatik libratzen ditu.
Hurrean dabe Jauna bihotz-hausiek,
salbatzen ditu barru-jausiak. R/.

II. urtean

I. Irakurgaia 

Jainkozaletasunez bizi gaitezan,
Jesu Kristo Jainko handia eta gure salbatzailea aintzaz beterik
noiz agertuko zain.

San Paulo Apostoluak Titori egindako epistolatik

Tt 2, 1-8. 11-14

    Anaia maitea: Irakatsi egizu doktrina osasungarria. Adineko gizasemeak izan daitezala neurritsuak, agurgarriak, zentzundunak eta fedean, maitasunean eta eroapenean jatorrak. Adineko emakumeek be izan dagiela fededunari dagokion portaera; ez daitezala txarto-esaleak eta ardaoari emonak izan, onaren maistra baino, emakume gazteei euren senarra eta umeak maitatzen irakatsi deieen, eta zentzundun, garbi, etxekoandre on, bihotz oneko eta euren senarraren menpeko izaten lagundu deieen. Holan, ezin izango dau inork Jainkoaren hitza iraindu.
    Aholkatu mutil gazteak zentzundun izan daitezan, gauza guztietan zu zeu egintza onen eredu agertuz: irakaspen garbiko eta gizabidetsu; berba egin jator eta inork ez kritikatzeko eran, kontra dagozanak lotsaturik gelditu daitezan, gutaz txarto berba egiteko egokierarik barik.
    Izan be, agertu da Jainkoaren onginahia, gizon-emakume guztien salbazinorako. Salbazino honek Jainkorik bako bizitzari eta munduko grina txarrei uko egiten irakasten deusku, eta neurriz, zuzentasunez eta jainkozaletasunez mundu honetan bizitzen, gure itxaropen zoriontsua noiz beteko zain, Jesu Kristo Jainko handia eta gure salbatzailea aintzaz beterik noiz agertuko zain. Harek bere burua emon eban gugaitik, gu gaiztakeria guztietatik askatu eta garbi egiteko, haren herri berezi izan gaitezan, on egin zale.

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 37 [36], 3-4. 18 eta 23. 27 eta 29 (R/. 39a)

R/.   Jaunagandik dator zintzoen salbamena.

V/.   Izan konfiantza Jaunagan eta egin on dana,
bizi lurraldean eta zaindu leialtasuna.
Izan bedi Jauna zure atsegina,
eta emongo deutsu zure bihotzak eskatzen dauana. R/.

V/.   Jauna arduratzen da zintzoen biziaz,
betiko iraungo dau hareen ondareak.
Jaunak sendotzen ditu gizakiaren pausuak,
eta atsegin dau haren bidea. R/.

V/.   Alde gatxetik, egin on dana,
eta beti izango dozu non bizia.
Zintzoak izango dira lurraldearen jaube,
eta bertan biziko dira beti. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Jn 14, 23

R/.   Aleluia.

V/.   Ni maite nauanak gordeko dau nire hitza, dino Jaunak;
        nire Aitak maite izango dau,
        eta Aita eta biok harengana etorriko gara. R/.

 

Ebanjelioa      

Morroi gauzeztanak gara;
egin behar genduana egin dogu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 17, 7-10

    Aldi haretan, Jaunak esan eutsen apostoluei: «Jo daigun, zuetariko batek morroia daukala solo-beharretan edo ardi jagoten. Morroia etxeratzean, “hator behingoan mahaira” esango ete deutso? Ez ete deutso beste hau esango: “Prestatu egidak afaria, jantzi amantala eta zerbidu nagik, nik afaldu bitartean; ondoren, afalduko dok heuk?”  Morroiari esker ona zor ete deutso, agindua bete daualako?
    Zuek be gauza berbera: agindutako guztia egin eta gero, esan: “Morroi gauzeztanak gara; egin behar genduana besterik ez dogu egin”».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Badauka bere ikasleei zer irakatsi Jesusek. Farisearrengandik ikasia dabe Legeak agintzen dauana bete daiela dauala Jainkoak atsegin, eta sarituko dauala.

Jesusek alperreko itxaropena dala saria itxarotea irakatsiko deutse. Baina ikasiko ete dabe, gero? Ikasi ete dogu, gero, hainbeste menderen ondoren? Geu ere sari bila ez ete gabilz?

Jesusek bizi dauana Jainkoaren doako maitasuna da, merezi ez dana, Jainkoak berez isurten dauana…, eta bere egintzetan agertzen dana. Ez dauz gauza onak egiten Aitaren maitasuna eskuratu ahal izateko, merezitzeko; ez. Haren maitasunaren bor-borretik urteten  deutsoe egintza onek, eta bihurtzen da beste edozeinentzat barri on.

Jesusen antzera, gure barruan daroagun Jainkoaren biziari azaleratzen itziko bageutso, zenbat egintza on ikusiko geukezan gauzatuta, ahalegin barik, berezko egintza lez, Jainkoak berak dihardualako. Eta ez geuke pentsatuko ezer merezi dogunik…

Ez gara beharrezkoak, baina bai maitatuak; maitatuak eta maitasuna zabaldu eta isuri geikenak…

 

 

Urtean Zeharreko XXXII. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Entzun, erregeok, jakintsu izaten ikasi dagizuen.

Jakituria liburutik

Jkt 6, 1-11

    Entzun, erregeok, eta ulertu;
ikasi, munduko bazter guztietako agintariok.
Jarri arreta, zuek, jentetza handiak gobernatzen dozuezanok
eta herri ugari menpean izateaz harro zagozenok.
Jaunagandik datorkizue ahalmena,
Goi-goikoagandik agintea;
eta berak aztertuko ditu zuen egintzak
eta ikertuko zuen asmoak,
izan be, haren erregetzaren ministro izanik,
ez dozue-eta zuzen epaitu, ez legea bete,
ezta jokatu be Jainkoaren borondatearen arabera.

Bat-batean eta era bildurgarrian aurkeztuko jatzue,
batez be zorrotz epaitzen ditu-eta goi-mailakoak;
txikiei errukia zor jake,
ahaltsuak gogor izango dira zigortuak.
Guztien Jaunak ez dau inoren aurrean atzera egiten,
handitasunak ez dau kikiltzen;
berak egin ebazan txikia eta handia
eta era berean arduratzen da guztiekin;
halan be, azterketa zorrotzagoa izango dabe agintea dabenek.

Beraz, zuei, erregeoi, zuzentzen deutsuedaz hitzok,
jakintsu izaten ikasi eta huts egin ez dagizuen.
Haren nahi santua santuki betetzen dabenak
izango dira santutzat hartuak,
eta gurari santu horretan ikasiak diranek izango dabe babeslerik.
Beraz, izan nire berben egarri;
bilatu egizuez biziro eta hartuko dozue heziketa.

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 82 [81], 3-4. 6-7 (R/. 8a)

R/.   Jagi zaitez, oi Jainko, epaitu mundua.

V/.   «Defendatu gizajoa eta umezurtza,
egin justizia zapalduari eta pobreari,
askatu dohakabea eta behartsua,
libratu gaiztoen eskutik». R/.

V/.   Hona nik esan:
«Zuek jainko zarie,
guztiok Goi-goikoaren seme».
Baina gizaki lez hilko zarie,
edozein handiki lez jausiko. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia 

Inoiz bidegaldu izanak gara,
baina bere errukiagaitik salbatu egin gaitu.

San Paulo Apostoluak Titori

Tt 3, 1-7

    Anaia maitea: Gogoratuazo danei gobernarien eta agintarien menpeko izan behar dabela, hareen esanak egin eta egintza on guztirako prest egon. Ez dagiela inor iraindu eta ez daitezala nahastezale izan, baketsu baino, gizaki guztientzat otzantasunez beteak. Gu be, inoiz, burubako, errebelde, bidegaldu eta era guztietako grinen eta atseginkerien menpeko izanak gara, gaiztakerian eta bekaizkerian bizi izanez, gorrotagarri eta alkarren gorrotatzaile.
    Baina Jainko gure salbatzailearen bihotz ona eta onginahia agertu danean, salbatu egin gaitu; ez guk egindako zuzenbidezko egintzakaitik, bere errukiagaitik baino, jaiotza barria emoten dauan garbikuntzaz eta Espiritu Santuak eragiten dauan barrikuntzaz. Espiritu hori oparo isuri deusku Jainkoak, Jesu Kristo gure salbatzailearen bitartez. Holan, onginahi hutsez Jainkoak zuzen egin gaituala, itxaron dogun betiko biziaren oinordeko egin gara.

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 23 [22], 1-3. 4. 5. 6 (R/. 1)

R/.   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean.

V/.   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean;
larre gurietan etzunarazoten nau,
ur-bazter nasaira eroaten
eta indarrak deustaz barritzen;
bide segurutik naroa,
bere izenari ohore eginez. R/.

V/.   Ibar baltz ilunean banabil be,
ez naz gatxaren bildur,
Zu nigaz zagoz-eta;
zure artzain-makilak nasaitzen nau. R/.

V/.   Mahaia atontzen deustazu
arerioen begi-bistan;
orioz igurzten deustazu burua,
gainezka dot edontzia. R/.

V/.   Zoriona eta maitasuna ditut lagun,
bizitzako egun guztietan,
eta Jaunaren etxean biziko naz
amaibako egunetan. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

1 Ts 5, 18

R/.   Aleluia.

V/.   Emon eskerrak beti,
        horixe nahi dau-eta zuentzat Jainkoak
        Kristo Jesusengan. R/.

 

Ebanjelioa      

Ez ete da izan atzerritar hau besterik
Jainkoa goratzera etortzeko?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 17, 11-19

    Aldi haretan, Jesus Jerusalemera bidean, Samarian eta Galilean zehar joian. Herritxu baten sartzean, hamar legenardunek urten eutsoen bidera. Urrun geldituta, deadarka esan eutsoen: «Jesus, Maisu, erruki zakiguz!» Jesusek, ikustean, esan eutsen: «Joan eta azaldu abadeakana». Bidean joiazala, garbi gelditu ziran.
    Hareetariko bat, osatuta egoala oharturik, deadarka Jainkoa goratuz bihurtu eta Jesusen oinetara ahuspez jausi zan, eskerrak emonez. Samariarra zan bera.
    Jesusek esan eban: «Ez dira hamarrak garbi gelditu ala? Non dira beste bederatziak? Ez ete da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etortzeko?» Gero, esan eutson: «Jagi eta zoaz; zeure sinismenak salbatu zaitu».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Ebanjelioko pasarte bat irakurterakoan, gehienetan gelditzen gara azalean, kontakizunean, buruz ikastera heltzeraino ere, eta gitxitan sartzen gara apur bat barrurago, ezjakinagaitik edo larregi konprometitu geinkezalako… Hauxe dogu holango ebanjelio pasarteetariko bat.

Azalean gelditzen bagara, esker oneko izateak zelango garrantzia daukan azpimarratzean geldituko gara. Baina barrurago sartu ezkero…

«Joan eta azaldu abadeakana» agintzen deutse Jesusek. Ez dagoz osatuta; baina ha-ta-guztiz ere abadeengana abiatzen dira, Legea betetera. Sinistu egiten dabe, ba, Jesusen berbea, eta horrexegaitik osatzen (garbitzen) dira bidean doazala.

Bat izan ezik, beste bederatziak Jesusen agindua betetera doaz, Legeari eta ohiturei jarraiki. Bakar hori, ostera, bihurtu egiten da Jesusengana; Legea betetearen gainetik jarten dau esker oneko agertzea. Eta horrexek salbatzen dau, askatzen Legea betetetik, ohiturei lotuta egotetik.

Honek, garbikuntza lortzeaz gain, salbazinoa ere lortzen dau, askatasuna, bere izantasun osoa; eta horixe da Jesusen aurrean agertzen dauana, eta Jesusek goraltzen dauana. Eta hau samariarra zan. Besteek Legeari lotuak jarraitzen dabe…

 

 

 

Urtean Zeharreko XXXII. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Betiko argiaren distira da jakituria,
Jainkoaren indarraren ispilu gardena.

Jakituria liburutik       

Jkt 7, 22–8, 1

    Jakituria espiritu adimentsua eta santua da,
bakarra, jarduera askotarikoa, fina,
mugikorra, sarkorra, kutsubakoa,
argia, aldatuezina, onzalea, zolia,
ezin behartua, ongilea, gizakiaren adiskidea,
sendoa, ziurra, kezka bakoa,
dana ahal dauana eta dana ikusten dauana,
eta espiritu argi, garbi eta finenetan barruratzen dana.
Mogimentu guztiak baino bizkorragoa da jakituria;
hain garbia danez,
dana zeharkatzen dau eta edonon barruratzen da.

Jainkoaren indarraren arnasa da,
Ahalguztidunaren aintzaren jario garbia;
ez jako, beraz, ezelako kutsadurarik gehitzen.
Betiko argiaren distira da,
Jainkoaren indarraren ispilu gardena,
haren ontasunaren irudia.

Bakarra izanda be, dana leike;
bera aldatu barik, dana erabarritzen dau;
gizaldietan zehar, jente santuaren barruan sartzen da,
eta Jainkoaren adiskide eta profeta egiten ditu.

Izan be, jakituriagaz alkarturik bizi dana baino
ez dau Jainkoak maite.
Eguzkia eta konstelazino guztiak baino ederragoa da,
egun-argiagaz alderatuz, nagusi urteten dau;
izan be egun-argiari gauak hartzen deutso-eta txanda,
baina jakituriari gaiztakeriak ezin deutso inoiz gaina hartu.

Munduaren muga batetik besteraino zabaltzen da indartsu,
eta ezin hobeto gobernatzen dau dana.

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 119 [118], 89-90. 91 eta 130. 135 eta 175 (R/. 89a)

R/.   Betikoa da zure hitza, Jauna.

V/.   Betikoa da zure hitza, Jauna,
zerua baino iraunkorragoa.
Zure leialtasunak belaunez belaun dirau,
Zuk finkatu dozun lurrak baino areago. R/.

V/.   Gaur arte diraue gauza guztiek zure erabagiz,
danak menpeko dozuz-eta.
Argigarri da zure hitzen adierazpena,
adimena emoten deutse ezikasiei. R/.

V/.   Erakutsi aurpegi argia zeure zerbitzari honi,
irakatsi zeure arauak.
Bizi nadila, bizi, Zu goresteko,
izan dagidazala lagun zure erabagiak. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia 

Hartu egizu, ez esklabo lez,
anaia maitea lez baino.

San Paulo Apostoluak Filemoni egindako epistolatik

Flm 7-20

    Anaia maitea: Pozez eta adorez bete nau zure maitasunak, zuri esker arnasa barria aurkitu dau-eta fededunen bihotzak.
    Horregaitik, egin behar dozuna agintzeko Kristogandiko askatasun osoa dodan arren, nahiago dot maitasunaren izenean eskatu; nik, Paulok, honezkero zahartua eta orain, gainera, Kristo Jesusengaitik kartzelan nagoan honek, mesede bat eskatu nahi deutsut, kartzelan sortu dodan neure seme Onesimorentzat. Hau, lehen, ez zenduan on ezertarako; orain, ostera, on bihurtu da, bai zuretzat eta bai niretzat. Barriro bialtzen deutsut bera, ene bihotz-bihotzeko dodan hau.
    Neugaz euki nahi neban, zure ordez zerbitzari izan nengian, Barri Onagaitik kartzelan nagoala. Halan be, ez dot zure baimenik barik ezer egin nahi izan, mesede hori gogoz egin dagizun eta ez behartuta.
    Beharbada, horretarako alde egin eutsun apur batez, gero betiko hartu zengian, eta ez esklabo lez, esklabo baino zeozer gehiago lez baino, anaia maitea lez. Maite-maitea da niretzat, eta zenbatez maiteago ez ete da izango zuretzat, bai gizon dan aldetik eta bai kristau dan aldetik. Beraz, fedean adiskide banozu, hartu egizu Onesimo ni neu banintz lez. Eta zeozer txarto egin badeutsu edota zeozer zor, itzi hori nire gain. Nik, Paulok, neure eskuz sinatzen deutsut ordain-agiria; eta ez deutsut aitatu nahi zuk zeure burua bera zor deustazula niri. Bai, ene anaia, Jaunagaitik, egidazu mesede hori; arindu nire bihotza Kristoren maitasunagaitik.

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 146 [145], 6c-7. 8-9a. 9b-10 (R/. 5a

R/.   Zorionekoa Jakoben Jainkoa lagun dauana.

        Edo: Aleluia.

V/.   Betiko eusten deutso Jaunak bere leialtasunari.
Zapalduen eskubideak defendatzen ditu,
gose diranei ogia emoten.
Jaunak askatzen ditu presoak. R/.

V/.   Jaunak zabaltzen ditu itsuen begiak,
Jaunak jasotzen konkortuak,
Jaunak maitatzen zintzoak,
Jaunak ditu etorkinak zaintzen. R/.

V/.   Umezurtzei eta alargunei zutunik deutse eusten,
baina gaiztoen nagusitza iraultzen.
Jauna errege da betieran,
zure Jainkoa, Sion, errege gizaldien gizaldietan! R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Jn 15, 5

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz mahatsondoa eta zuek aihenak, dino Jaunak;
        norbait Nigan badago, Ni harengan lez,
        horrek frutu asko emoten dau. R/.

 

Ebanjelioa      

Jainkoaren erreinua zeuen artean dago daborduko!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 17, 20-25

Aldi haretan, Jainkoaren erreinua noiz helduko zan itaundu eutsoen fariseuek Jesusi. Honek erantzun eutsen: «Jainkoaren erreinua igarri barik etorriko da. Ezin esango da: “Hona hemen” edota “hara han”; ze, Jainkoaren erreinua zeuen artean dago daborduko».
    Gero, ikasleei esan eutsen: «Helduko da sasoia, ikusi gura izango dozuena Gizonaren Semea etorri osteko egun bat behintzat, eta ezingo dozue ikusi. Orduan, “hona hemen”, “hara han” esango deutsuee. Baina zuek ez joan, ez urten atzetik arineketan. Izan be, oinaztuak une baten zeruko alde batetik besteraino argi egiten dauan lez, halan izango da Gizonaren Semea etorriko dan egunean. Baina aurretik asko sufridu behar dau, eta gizaldi honek txartzat hartuko dau».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusek Jainkoaren Erreinua iragarten eban, hitzez eta ezaugarriez (parabolak, osakuntzak, parkamena, maitasunera deituz…).

Baina ulertu ete deutsoen bere aldikoek, euren hizkera bera erabili arren? Ez ete zan, gero, hareek uste eta itxaroten ebenentik urrunegi zan zeozer?

Jesusek ohartu egin gura ditu bere ikasleak; baina hareek ere ez eutsoela ulertzen dirudi.

Eta mende batzuk geroago bizi garanok egoera bardinean eta ilunpe berberatan ez ete gagoz, gero?

Jainkoaren Erreinua kanpotik, nonondik, etorri beharreko, eta ezaugarri bildurgarriez danak menpean hartuko ebazan zeozer lez ez ete eben itxaroten? Eta eurek, Jainkoaren herri aukeratu lez, izango ebela haretan erdikotasuna?

Ondino holango zeozer lez ulertzen dogu geuk ere, Jesus —ebanjelioen aurka— Errege izendatzeraino, halan-holango goxotasunak darabilguzan arren.

Gatx egiten jaku Jainkoaren Erreinua barruan daroagula ulertzea; ez dauala inondik etorri beharrik; eta gauzatzen eta agertuazoten dogula maitasuna bizi dogunean. Zeozergaitik izango da.

 

 

Urtean Zeharreko XXXII. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia

Munduaren barru-egitura
ezagutzeko baizen jakintsu izan badira,
zelan ez dabe munduaren Jauna lehenago aurkitu?

Jakituria liburutik       

Jkt 13, 1-9

    Jainkoa ezagutu ez daben gizaki guztiak hutsaren hurrengo dira:
ez dira gai izan ikusten diran gauza onen bidez
badan ha ezagutzeko,
ezta, eginak hausnartuz, egilea autortzeko be.
Bestetara, sua, haizea eta aire arina,
astroen birak eta ur indartsuak,
izadiaren gain jarrita dagozan eguzkia eta iretargia
hartu dabez jainkotzat.

Horreen edertasunak liluraturik, jainkotzat hartu ebezan-eta,
jakin begie zenbatez ederragoa dan horreen Jauna,
edertasunaren sortzaileak berak eginak dira-eta;
eta horreen ahalmen eta eraginkortasunak txunditu badabez,
atara begie hortik zenbatez ahaltsuagoa dan horreen egilea.
Izan be, izakien handitasunari eta edertasunari begiratuz,
hareen egilea ikusi leiteke.

Edozelan be, ez dira honeek hain gatxesgarri,
Beharbada desbideratuta besterik ez dabiltz-eta Jainkoaren bila,
berau aurkitzeko ahaleginetan.
Jainkoaren egintzen artean bizi dirala,
arretaz aztertzen dabez, baina itxurak menperatzen ditu,
hain da-eta ederra ikusten dabena.

Halanda guzti, horreek be ez dabe atxakiarik.
Izan be, munduaren barru-egitura
ezagutzeko baizen jakintsu izan badira,
zelan ez dabe munduaren Jauna lehenago aurkitu?

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 19 [18], 2-3. 4-5b (R/. 2a)

R/.   Zeruek Jainkoaren aintza dabe kontatzen.

V/.   Zeruek Jainkoaren aintza dabe kontatzen,
ortziak haren eskuen lana iragartzen.
Egunak egunari luzatzen deutso mezua,
gauak gauari jakinarazoten. R/.

V/.   Berbetarik eta hitzik barik,
entzun ezinezkoa da hareen ahotsa.
Lurbira guztira zabaltzen da hareen hotsa,
munduaren bazterreraino hareen hizkera. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia 

Irakaspenean irauten dauanak
beragaz ditu Aita eta Semea.

San Joan Apostoluaren bigarren epistolatik    

2 Jn 4-9

    Andra aukeratua: Poz handia izan dot egiaren arabera bizi diranak zuen artean badirala jakitean, Aitagandik hartu dogun aginduari jarraituz bizi diranak, hain zuzen be. Eta orain, eleiz alkarte agurgarri horri arren eskatzen deutsut maitatu daigula alkar. Ez deutsuet agindu barri bat idazten, hasieratik doguna bera baino. Eta maitasuna Jainkoaren aginduen arabera bizitzea da. Hasieratik ikasi dozuen lez, agindu honek arautu behar dau zuen jokabidea.
    Engainatzaile asko sortu da munduan, Jesu Kristo egiazko gizon egin dala autortzen ez dauan asko. Hori dinoana da engainatzailea eta antikristoa. Zabiltze kontuz, gure lanaren frutua galdu ez dagizuen, sari oparoa jaso dagizuen baino.
    Kristoren irakaspenean iraun barik, aurrerago joan nahi dauanak ez dau Jainkoa beragaz. Irakaspenean irauten dauanak, barriz, beragaz ditu Aita eta Semea.

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 119 [118], 1-2. 10-11. 17-18 (R/. 1b)

R/.   Zorionekoak Jaunaren lege-bidean dabiltzanak.

V/.   Zorionekoak jokabide akats bakoa dabenak,
Jaunaren lege-bidean dabiltzanak.
Zorionekoak, haren aginduak betez,
haren bila bihotz-bihotzez dabiltzanak. R/.

V/.   Bihotz-bihotzez nabil zure bila,
ez itzi ni zure aginduetatik aldentzen.
Gogoan jasotzen dot Zuk agindua,
zure aurka pekaturik ez egiteko. R/.

V/.   Egiozu on zeure zerbitzari honi; biziko naz
eta gordeko dot zure hitza.
Edegi nire begiak, ikusi dagidazan
zure legearen irakaspen harrigarriak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Lk 21, 28

R/.   Aleluia.

V/.   Izan bihotz eta jaso burua,
        hurreratzen dihardu-eta zuen askapenak. R/.

 

Ebanjelioa      

Gizonaren Semea agertuko dan egunean.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 17, 26-37

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Noeren sasoian bezala gertatuko da Gizonaren Semearen aldian be: jan-edanean ebilen jentea eta ezkondu egiten ziran gizon-emakumeak, Noe ontzian sartu zan egunera arte; baina etorri zan uriola eta danak galdu zituan.
    Gauza berbera gertatu zan Loten sasoian be: jan eta edan, erosi eta saldu, landatu eta eregi egiten eban jenteak; baina, Lotek Sodomatik urten eban egunean, suzko eta sufrezko euria egin eban zerutik eta danak galdu zituan.
    Halantxe gertatuko da Gizonaren Semea agertuko dan egunean be. Egun haretan, etxe gainean egon eta bere gauzak etxean dituana ez bedi hartzera jatsi; eta, era berean, soloan dagoana ez bedi atzera bihurtu. Gogoratu Loten emazteaz.
    Bere bizia beretzat gorde gura dauanak galdu egingo dau; galtzen dauanak, barriz, ondo atarako dau.
    Neuk dinotsuet: gau haretan lagun bi egongo dira ohe berean: bata hartuko dabe eta bestea itzi; emakume bik jardungo dabe batera eihotzen: bata hartuko dabe eta bestea itzi». Ikasleek itaundu eutsoen: «Non izango da hori, Jauna?» Jesusek erantzun eutsen: «Triskantza non, han batuko dira saiak».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jaunaren azken etorrereaz diharduan arren (hori argi dago, antza), behar bada Jerusalemen hondamenaz dihardu (ebanjelioak idatzi aurretxoan jazoa).

Ha edo bestea izan, testu hau arinkeriaz irakurten bada, Jaunaren eguna hondamenerako etorriko dala ulertu daiteke. Ez da harritzekoa, ba, gure aurretiko asko izugarrizko bildurraz bizi izana.

Baina guzurrezko Jainkoa iragarriko eban Jesusek, eta kontraesanean jardungo eban, alde batetik Aita errukitsu eta maitalea aurkeztean, eta, bestetik, bildurra sartzean.

Horren gainetik agertzen da bakotxaren erantzukizuna, eta alkarregaz egon arren bakotxak bere zoria eroatea. Gure egitadek, ba, badauke bakotxari dagokion erantzukizuna, ohe beratan egon arren, lan bardina egiten jardun arren… bakotxa, bakotxa da, alkarrentzat badira ere.

Testu korapilatsu honetan, Jainkoaren egunaren bila ez dogula urten behar ulertu behar dogu, konturatu barik, bat-batean, agertuko dalako, eta hari harrera egiteko ez doguz eskuak beteak euki behar, ez bildurrik, Jainkoagan uste ona baino.

 

 

Urtean Zeharreko XXXII. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia

Ibiltzeko moduko bidea agertu zan Itsaso Gorrian,
eta bildotsak lez saltoka igaro ziran.

Jakituria liburutik       

Jkt 18, 14-16; 19, 6-9

    Isiltasun bareak dana inguratzen ebala
eta gaua bere ibilbidearen erdian egoala,
zure hitz ahalguztidunak urten eban zeruko tronutik
eta, gudari errukibakoa lez,
hondatu nahi eban herrialde honen erdira jausi;
zure erabagi zuzena ekarren, ezpata zorrotza balitz lez,
eta, gelditzean, heriotza zabaldu eban nonahi;
oinak lurrean ebazala, zerua ikutzen eban.

Izadi osoa, zure aginduei obediduz,
birmoldatua eta erabarritua izan zan,
zure seme-alabak gatx guztietatik libre gordetzeko.
Hodeia azaldu zan kanpalekuari kerizpe egiten,
eta lehorra agertu zan aurrez ura egoan lekuan:
Itsaso Gorriaren erdian, ibiltzeko moduko bidea,
eta, ur indartsuen artean, ibar berdea.

Handik igaro zan, talde sendoa eratuz,
zure eskuak babesturiko herria,
mirari harrigarrien lekuko egina,
zaldiak larretokian lez saltoka,
bildotsak lez saltoka,
Zu, Jauna, hareek askatu zenduzan hori, goratuz.

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 105 [104], 2-3. 36-37. 42-43 (R/. 5a)

R/.   Ekarri gogora Jaunak egindako mirariak.

V/.   Kantatu egiozue, jo soinua harentzat,
konta haren mirari guztiak.
Harrotu zaiteze haren izen santuaz,
poztu, bihotzez Jaunaren bila zabiltzenok. R/.

V/.   Egiptoko lehen-seme guztiak jo ebazan,
hareen gizontasunaren lehen frutuak.
Zidar eta urrez beterik atara ebazan israeldarrak,
ez eban lur jo hareen leinuetako inork. R/.

V/.   Gogoan izan eban-eta bere agintzari santua,
Abraham bere zerbitzariari egina.
Pozetan atara eban bere herria,
poz-oihuka bere aukeratuak. R/.

II. urtean

I. Irakurgaia 

Lagundu egin behar deutsegu senideei,egiaren zerbitzuan euren lankide bihurtu gaitezan.

San Joan Apostoluaren hirugarren epistolatik 

3 Jn 5-8

    Gaio maite-maitea: Zintzo jokatzen dozu senideen alde egiten dozun guztian, nahiz eta hareek arrotz izan zuretzat. Hareek berba egin dabe eleiz alkartearen aurrean zure harrera onaz. Ederto egingo dozu biderako behar dabena, Jainkoari dagokion lez, emoten badeutsezu. Izan be Jainkoaren izenagaitik joan dira-eta, jentilakandik ezer hartu barik. Beraz, lagundu egin behar deutsegu holakoei, egiaren zerbitzuan euren lankide bihurtu gaitezan.

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 112 [111], 1-2. 3-4. 5-6 (R/. 1)

R/.   Zorionekoa Jaunari begirune deutsona.

V/.   Zorionekoa Jaunari begirune deutsona,
haren aginduak biziro maite dituana.
Ahaltsua izango da lurraldean haren jatorria,
bedeinkatua zuzenen ondorea. R/.

V/.   Haren etxean ondasunak ugari izango dira,
haren eskuzabaltasunak betiko dirau.
Ilunpean argia lez da zuzenentzat:
errukiorra, bihozbera eta zintzoa. R/.

V/.   Ondo doakio errukitu eta emoten dauanari,
bere arazoak zuzen atontzen dituanari.
Ez da inoiz kili-kolo egongo;
zintzoaren oroipenak beti bizirik dau iraungo. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Ik. 2 Ts 2, 14

R/.   Aleluia.

V/.   Honetarako dei egin deusku Jainkoak Barri Onaren bidez,
        Jesu Kristo gure Jaunaren aintza eskuratzeko. R/.

 

Ebanjelioa      

Jainkoak egingo deutse justizia
deadarka dabilkozan bere aukeratuei.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 18, 1-8

    Aldi haretan, eten barik egin behar ebela otoitz eta ez ebela itxaropena galdu behar adierazoteko, parabola hau esan eutsen Jesusek: «Bazan uri baten epaile bat, ez Jainkoari bildurrik, ez gizakiari begirunerik ez eutsona. Bazan uri berean emakume alargun bat be.
    Berau epaile harexengana joaten zan, eskatzera: “Egidazu justizia aurkariagazko auzian”. Luzaroan epaileak ez eutson jaramonik egin gura izan, baina azkenean bere barruan esan eban: “Ez deutsat Jainkoari bildurrik, ez gizakiari begirunerik; baina, alargun hau gogaikarri jatanez, egingo deutsat justizia, behingoz bakean itzi nagian”».
    Eta holan amaitu eban Jaunak: «Begira zer dinoan epaile zuzentasun bakoak. Eta Jainkoak, ez ete deutse justizia egingo, gau eta egun deadarka dabilkiozan bere aukeratuei? Itxaroten eukiko ete ditu luzaroan? Justizia behingoan egingo deutsela dinotsuet. Baina Gizonaren Semeak, etorriko danean, aurkituko ete dau sinismenik munduan?»

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Zelan ulertzen ete dogu otoitzaren indarra edo justizia bera ere, biak dagoz-eta alkarren ondoan ebanjelio zati honetan, lehenengoa gai lez eta bigarrena haren indarra argitzeko parabola lez?

Egia ete da Jainkoa gorra dala eta entzun, arren, Jauna behin eta barriro esanez lortuko dogula entzun deigun? Askotan eta gero eta indartsuago egin behar dogula gure eskaria esan gura ete deusku Jesusek?

Lehenengoan entzun ez dauana ehungarrenean entzungo dauala esan gura deusku? Edo —paraboleari jarraiki— eskatzen badeutsagu egingo dauala, azkenean, zuzenbide?

Ondo ulertu ete dogu Jesusen eten bako otoitzerako deia? Jainkoaren justizia geurearen antzekoa da? Eta errime eskatzen deutsonak eskuratzen dau, eta bestek ez?

Jesusek eten barik egiten dau otoitz, eta otoitzean aurkitzen dau Aitaren justizia eta haren nahia, eta halantxe gauzatzen dau bere egunerokoan.

Gure justizia bengantzea izaten da Jainkoari begiratzen ez deutsagunean. Otoitzean murgildu beharra daukagu haren antzekoa izan daitela gura badogu.

Ondo ulertu daigun otoitzaren beharra eta indarra.

 

 

 

 

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...